Hementxe bertan

Lala Sow: "Hasieran beldurtu egin nintzen euskararekin, sekula ez bainuen entzun"

Julene Frantzesena 2021ko abu. 25a, 11:40

Lala Sow. (Alex Berasategi)

Azpeitiarekin lotura estua du Lala Sowk (Bambey, Senegal, 1988); izan ere, ia hiru urte daramatza herritarren sabelak jaki goxoz betetzen. Sanagustin kulturguneko sukaldaria da, eta Azkoitian bizi bada ere, Azpeitian igarotzen ditu hainbat ordu egunero. 2021eko abuztuko Uztarria aldizkarian Hementxe bertan ataleko elkarrizketan hitz egin du.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira?

2012an, baina lehenago, 2007an, iritsi nintzen Espainiara. Almerian hiru urte egin genituen aurrena, eta handik Tenerifera joan ginen; han jaio zen nire lehenengo alaba. Tenerifen lau urte pasatuta, Euskal Herrira etorri ginen, senarra eta biok lanik gabe gelditu ginelako eta ez ginelako ari une oso ona pasatzen. Egia esan, oso gustura gaude orain. Hasieran kostatu egin zitzaigun lana aurkitzea, ahal genuen moduan moldatzen ginen; azoketan-eta aritzen nintzen haurrei-eta buruan trentzak egiten. Gero, baina, senarra lantxoak egiten hasi zen, eta ni arraindegi batean hasi nintzen beharrean. Ondoren sukaldari lanetan aritu nintzen Zumaiako jatetxe batean, eta gaur egun Sanagustinen aritzen naiz horretan.

Gustura bizi al zara hemen?

Bai. Almerian eta Tenerifen baino askoz hobeto. Ez dugu hemendik alde egingo; geratzeko etorri ginen... [barrez].

Euskal Herritik zer gustatu zaizu gehien? Eta gutxien?

Herritarrek eta erakundeek asko laguntzen diete migratzaileei Euskal Herrian. Beharra duena laguntzen dute, arazoei irtenbidea ematen saiatzen dira... Atsegin dut hori, niri ere asko gustatzen zaidalako jendeari laguntzea. Euskal Herrira iritsi aurretik izan nintzen lekuetan ez nuen hori sumatu. Gutxien, berriz, eguraldia gustatzen zait. Hemengo eguraldia erotzekoa da; Senegalen, asko jota, hiru hilabetetan egiten du euria, eta inoiz ez du hotz handirik egiten.

Zerekin egin zenuen topo hona iristean?

Hasieran beldurtu egin nintzen hizkuntzarekin, sekula ez bainuen entzun euskara. Lanik ez nuela aurkituko pentsatzen nuen, ez nekielako euskaraz hitz egiten. Dena den, lanerako aukerak izan ditut, eta euskara ikasten hasi naiz euskaltegian. Sanagustinen egiten dut lan, eta hemen denek euskaraz hitz egiten dute. Hitz egitea kostatzen bazait ere, gauza batzuk ulertzen ditut dagoeneko. Bestalde, lagun asko egin ditut, eta horiekin kafea hartzea edo berriketan egitea atsegin dut. Zortea izan dut; ez dut esperientzia txarrik edo desatseginik bizi izan.

Senegalek eta Euskal Herriak ba al dute antzekotasunik zerbaitetan?

Ez, batere ez. Hemen bakoitzak berea egiten du; bere etxea dauka eta bere erara bizi da. Senegal, berriz, guztiz bestelakoa da: lagun baten etxera joan naiteke bazkaltzera aurrez abisatu gabe, eta hemen hori... Gainera, han zure haurrak nireak ere badira. Senegaldarrak oso-oso irekiak gara.

Eta hango eta hemengo sukaldeek ba al dute tankerarik?

Nik etxean denetarik prestatzen dut, eta Sanagustinen ere etxeko jatekoa egiten saiatzen naiz. Gustatzen zaidan janaria prestatzen ahalegintzen naiz, jendeak ere gustura jan dezan. Alde nabarmenena da guk Senegalen ez dugula txerrikirik jaten, baina hemen prestatzen dut, batere arazorik gabe. Euskal Herriko sukaldaritza zer den Zumaian lan egiten nuenean ikasi nuen; izan ere, Senegalen haragia ikaragarri kozinatzen dugu. Hemen, berriz, haragi ia gordina jaten da. Gogoratzen naiz Zumaiako jatetxean lehen aldiz xerra bat prestatu nuen egunaz: zapatilla baten zola zirudien [barrez].

Senegal faltan sumatzen al duzu?

Bai. Irailean hilabeterako joango naiz familia bisitatzera senarrarekin eta hiru seme-alabekin. Iaz, pandemia tarteko, ezin izan genuen joan, eta gogoz nago. Ama han daukat, zahartuta dago, eta bilobak ikusi nahi dituela esaten dit.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide