Igor Illarramendi: "Gazte pila bat etorri dira Xoxoteko aterpera; horrek asko harritu gaitu"

Ihintza Elustondo 2021ko abu. 13a, 09:21

Igor Illarramendi, Xoxoteko aterpean.

Igor Illarramendik urtebete darama Xoxoteko aterpean lanean. Osasun egoera tarteko, berezia izan da urtea, baina esperientziaren balorazio ona egiten du. Haren arabera, jendeak mendira joateko ohitura hartu du.

Iazko ekainean hartu zuten Xoxoteko aterpearen ardura Igor Illarramendik (Getaria, 1970) eta Rakel Verak. Printzipioz, urtebeteko kontratua sinatu zuten Lagun Onak mendi bazkunarekin, baina beste bost urterako luzatu dute hitzarmena, urtero berrikusteko baldintzarekin. Bi aldeak "gustura" daudela dio Illarramendik, eta urte honetako balorazioa egin du.

Ekainean bete zen urtebete aterpearen ardura hartu zenutenetik. Zer moduz joan da urtea?

 

Balorazio ona egiten dugu. Konfinamenduaren kontuarekin-eta jende asko ibili da; herritarrek mendira joateko joera handia hartu dute. Gazte pila bat etorri da Xoxoteko aterpera: azpeitiarrak, azkoitiarrak... Koronabirusa gure artean zela hartu genuen guk aterpearen ardura, eta ez dakit lehen zenbat jende ibiltzen zen, baina uste dut normalean baino gehiago ibili dela. Orain, mugak zabalik daude, eta nabaritzen da pertsona gutxiago dabiltzala Izarraitz inguruan. Jendea kanpora joaten hasi da, eta egoera pixka bat normaltasunera itzuli da. Lehen, asteburu batzuk oso jendetsuak izan ziren, eta orain pixka bat baretu da egoera.

Nongo jendea ibili da batez ere?

 

Azpeitiarrak pila bat, eta azkoitiarrak ere asko; itxiera perimetrala indarrean zegoenean, batez ere. Orain hasi da kanpoko jendea ere etortzen: Donostiakoa, Elgoibarkoa [Gipuzkoa], kostaldekoa... Orain leku horietatik ere etortzen dira, baina bolada handi batez azkoitiarrak eta azpeitiarrak izan ziren nagusi.

Beste planik egiterik ez, eta denak Xoxotera?

 

Bai, hori da. Gazte pila bat etorri dira Xoxoteko aterpera, eta horrek asko harritu gaitu. Bolada batez dena 22:00etarako ixten zutenez, gazte izugarri etorri dira mendira.

Jende gehiena hamaiketakoa egitera joango da zuengana, ezta?

 

Bai. Pintxoak, Coca-Cola, garagardoa... horrelakoak zerbitzatzen ditugu. Batzuek bokadilloa edo bazkaria ere eskatzen dute, baina gehienek hamaiketakoa egiten dute aterpean. Eguerdi partean izaten da mugimendu handiena, baina arratsaldeetan ere ibili ohi da jendea, 16:00-17:00 aldera.

Asteburuetan jende gehiago ibili al da?

Asteburuetan ere jende asko ibili da, bai. Egia da, ordea, eguraldiak asko eragiten duela. Eguraldi ona egiten duenean jende pila bat ibiltzen da, baina eguraldi txarra egiten duenean, asko jaisten da bisitari kopurua. Era berean, konturatu gara sekula Xoxoten izan gabeko jendea etorri dela. Urrutira joatea zaila dagoenez, jendeak hemen inguruko txokoak ezagutzeko aprobetxatu du egoera. Kostaldekoek, esaterako, joera handiagoa dute Hernio aldera-eta joateko, baina Izarraitzera etortzera ere animatu dira.

Mokadua egitera bai, baina lotan gelditzera animatu al da inor?

Bai. Osasun egoeragatik asko murriztuta daukagu aterpean lo egin dezakeen pertsona kopurua. Esaterako, bi familia umeekin etortzen badira, ez dugu jende gehiago hartzen. Asteburuetan-eta jende dezente etorri da familia giroan; asteburu gehienetan ia beteta izan dugu aterpea. Alde horretatik, nahiko ondo moldatu gara. Pena da ezin ditugula bisitari gehiago hartu, baina ahal den neurrian, behintzat, ondo lan egin dugu.

Azpeitiarrak eta azkoitiarrak ‘natualak’ direla zenioen duela urtebete egindako elkarrizketan. Zer moduz moldatu zara haiekin?

Oso ondo. Jende gehiena esker onekoa da; gehienek eskertu egiten dute Xoxotera joan eta pintxo bat edo trago bat hartzeko aukera izatea. Egia da asteburu batzuetan jende asko etorri dela eta iritsi ezinda ibili garela, baina herritarrek pazientzia erakutsi dute. Ondo erantzun dute.

Rakel eta zu ohituta zeundeten Pirinioetako aterpeetan lan egiten. Aldaketa handia izan al da Xoxotera etortzea?

Mendiko aterpe denetan dinamika antzekoa izaten da. Dena den, Pirinioetan lan gehiago egin behar izaten da gauean: jendea lotara joaten da, afariak eman behar izaten dira... Xoxoten gehiago ematen ditugu hamaiketakoak eta. Aldaketa handiena kokalekua da; Xoxote oso leku polita da, baina Pirinioek ere badute beren xarma. Beti sumatzen duzu Pirinioetako zera horren falta. Era berean, Pirinioetan eta Xoxoten oso jende ezberdinarekin lan egitea tokatzen zaizu. Hemen jendea askoz ere nobleagoa da; Pirinioetan leku guztietako jendea topatzen duzu, eta ezberdinak dira beren artean...

Gustura zaudete Xoxoten aterpe hartuta, beraz.

Izan ditugu gure gorabeherak –azaroan itxita izan genuen aterpea, abenduan kanpora soilik zerbitzatzen genuen...–, baina oro har, ondo gabiltza. Ikasten ari gara, eta pixkanaka-pixkanaka, trukoa hartzen ari gara ofizioari. Leku guztietan ikasten da zerbait, eta hemen ere bai. Kokalekuarekin ere gustura gaude, buelta batzuk-eta emateko leku ederra da Izarraitz. Jendearekin ere harreman ona egin dugu; badaude astero-astero etortzen direnak. Gustura ari gara, eta urte honetan atepetik igaro diren guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide