Lorezaintzatik txakurren heziketara
Lorezaintza enpresa batean lan egiten zuen Josu Astigarraga Potik, eta orduko bi lankidek txakurrekin ibiltzeko afizioa zuten. Astigarragak betidanik izan ditu gustuko animaliak, txakurrak batik bat, eta lankide haiekin hasi zen txakurren heziketaren munduan murgiltzen. Hala, hainbat ikastaro egin zituen, eta Heldu Txakur Heziketa sortu zuen. Gipuzkoa osotik iristen zaizkio txakurrak Arroa Errekan (Zestoa) duen egoitzara.
Bizitasuna eta obedientzia
Txakur bat hezteko, animalia bera ebaluatu behar da lehenik: estimulazioei eta jolasari nola erantzuten dien ikusi, jabearekin jolasten duen aztertu... "Txakurrak fisikoki nekatu egin behar duela pentsatzen dute askok, baina mentalki ere nekatu behar du. Sari bidez ikasten du txakurrak obeditzen, eta horrela, burua nekarazten diogu, une oro zera pentsatu behar duelako: 'Nola lor dezaket saria?'". Bizitasuna lantzeko, berriz, gurpilez, pasabidez, saltoz, oztopoz... betetako zirkuitua osatu du Astigarragak.
Erasoak saihestuz
Jabeak edo pertsonak babesten ere erakusten die Astigarragak txakurrei. Dena den, ez dira eraso errealak izaten lantzen dituztenak; irakatsitako seinaleei erantzuten die txakurrak. "Antzezlan moduko bat egiten dugu. Txakurra jabearekin dagoela, erasotzailea joaten zaio, baina erasorako seinalea egin arte txakurra ez da jabea babesten hasten". Pertsonak babesteaz gain, txakurrak energia gastatzea eta nekatzea ere lortzen du ariketa horrekin.
Txakurrarekin dantzan
Hozkadak egiten ere irakasten die Astigarragak txakurrei. Hozkada horiek, ordea, ez ditu lantzen pertsonei eraso egiteko asmoarekin, energia gastatzeko eta lasaitzeko terapia gisa baliatzen du ariketa. "Txakurrek eta jabeek elkarrekin ondo pasatzea da helburua". Haren arabera, ariketa horren bidez ez da borroka egiten txakurrarekin, dantza baizik. Horretarako, hozka non egin behar duen irakasten zaio animaliari; hain zuzen ere, txakur hezitzaileak horretarako prestatutako jantzi berezia janzten duen gorputz atalean egiten du hozka animaliak. "Hozkada bera ondo egin behar du, aho guztiarekin".
Galdutako pertsonen bila
Erreskateetarako ere prestatzen ditu Astigarrak suhiltzaile batzuen txakurrak. Erreskateen arloan, bi atal daude: azalera handiena eta kolapsatutako egiturena. Hezitzaileak azalera handien atala lantzen du, batik bat: "Izan ere, inguruan ez dugu kolapsatutako egiturarik. Saiatzen gara utzitako harrobiak edo baserriak aurkitzen, baina, orokorrean, sasiek, zuhaitzek eta belarrek hartuta egoten dira, eta, kasu horietan, ez dute balio izaten. Beraz, entrenamenduak azalera handietara bideratzen ditugu".
Harreman bereziak
Dolores eta Nuk, Nuk eta Dolores. Bata bestearen ondoan joan ohi dira beti. Horren berezia da bien arteko harremana, non txakurraren tatuajea egin baituen Doloresek besoan; Astigarragarengana eramaten du hark txakurra. "Oso babestua sentitzen naiz berarekin. Lehen gauez ibiltzeak errespetua ematen zidan, eta orain lasai joaten naiz bere alboan. Ni ez ezik, haurrak babesteko sena ere badu Nukek. Guraso batzuk errietan ikusiz gero, hor joaten da umea babestera. Etxe zaintzaile bikaina da". Artzain txakur belgikar arrazakoa da Nuk, eta 4 urte ditu.