GUTUNA

Ez-festak eta klasismoa

Jon Agirre 2021ko abu. 5a, 18:23

Festetan kale saltzaileentzat aterpea egokitu zutenekoa.

Behin ez-festak igarota, eta ajerako egun batzuk utzita (nahi izan duenak debekuen gainetik egin baitu nahiko parranda), uztailaren 30 arratsaldean bizi izandakoa salatzeko beharrak bultzatuta nator hona.

Lehenik, adierazi festarik ez egitea ez dela osasun arazo bati erantzuteko erabakia izan, ildo bereko beste hainbat murrizketen jarraipen soila baizik. Horren adibide da ez duela axola izan saninazioetako egunak baino bi egun lehenago gaztetxoak apar eta ur artean jolasean mukiak elkarbanatzea Betharrametan edo saninazioetako egunetan gure gertukoen seme-alabak hilerrian desfasatzea ehunka pertsonen artean, biak txertatu gabeko belaunaldiak izanik. Hemen, itxurakeria da axola duen bakarra, profil “bozkatzailearen” kontzientzian eragitea; ez beste ezer.

Izan ere, kapitalismoaren garaipen zein garapenak, urtetako errebisionismoak nahiz erreferentzia falta nabarmenak, klase kontzientzia anulatu eta “klase ertainaren” kontzientzia hegemonizatu du mendebaldeko herrialdeetan (zentro inperialistan). Baldintza materialen oparotasunaren erosotasuna probestuz eta ongizate estatuaren baitan, (momentu, eremu eta baldintza konkretu batzuen ondorioz garatua, eta gaur egun degradazio fasean dagoena), komunikabideetako orojakile, unibertsitateko irakasle eta kapitalismoaren miseriak kudeatzera kondenatuak dauden politikari profesionalen diskurtso zein argitalpenek moldatzen dituzte gehiengoen kontzientziak, eta horrela eraiki marko ideologiko estuak.

Horren erakusle da COVID-19aren aurrean hartu diren erabakien erabateko adostasuna alderdi guztien partetik, nahiz eta erabaki horiek lehendik egoera larrienean zeudenak kolpatzen zituzten gehienbat. Gainera, oraindik gelditzen ziren askatasun politiko (beraz, politikarako askatasun) apurrak xahutzen zituzten bitartean. Izan ere, aipatutako kontzientzia orokorrak justifikatutako neurriek (esaterako, etxeratze aginduak eta konfinamenduak), guztiz baztertzen dituzte zortzi edo hamar lagunez osatutako 70 metroko etxebizitzak, beren eguneroko miseriari aurre egiteko herriz mugitzeko beharra duten agiririk gabeko zaintzaileak, lana beltzean edo kontraturik gabe egin behar dutenak; “justifikante ofizialik gabe” txatarra bila edo kalean saltzen ibili behar izan dutenak etab.

Kontrol eta jazarpen poliziala normalizatzen joan gara, izurrite bati erantzuteko errezeta bakarra izango bailitzan.

Koktelerako elementu guztiak ditugunean, ordea, (geroz eta herri proletarizatuagoa, jazarpen polizialaren normalizazioa, askatasun indibidual zein politikoen murrizketak eta kontzientzia indibidualista baten hegemonizazioa), elementu horiek denak pixka bat nahastean, badirudi inork ez duela inolako erantzunkizunik hartu nahi izaten jazotako gertaeren aurrean. Eta, finean, aurrekari guzti horiei lotuta dator aipatu nahi nuen uztailaren 30 arratsaldeko gertaera.

Plaza jendez beteta zegoen; oraindik euri mehatxurik gabe. Bada, une horretan herriko udaltzainak kalean saltzen zebiltzan kale saltzaile senegaldar guztiak jazartzen hasi ziren. Udaltzainek kale saltzaileei jakinarazi zieten ezin zituztela beraien produktuak kalean saldu, jende artean ezin zutela ibili, eta, beraz, alde egiteko. Horrelaxe, sinmas. Bai, krisi zikin osoan zehar egoera latzenak bizitzea tokatzen ari zaien horiei jazarpena, umiliazioa eta beldurra.

Ezin nuen sinetsi. Eta nire belaunaldiko erreferentziei ihes egin ezinik, La Polla Records taldearen La solucion final abestia izan nuen buruan egun guztian zehar, Evaristoren hitzak garunetik kendu ezinik: “Tu deber y tu mision, es hacer un buen escaparate para comerciar y estan de sobra los mendigos, que dan mala fama a nuestra ciudad, y la gente adinerada ya no vendra a gastar; echadlos fuera!”

Eta bai. Herriko kale saltzaileak kanporatu eta jazartu ondoren, egingo dira Lesbosera janaria bidaltzeko kanpainak (horretarako Oinarrizko Produktuen Biltegirako jasoketak oztopatuz). Diru publikoa emango zaio FESBALi, burokraziaren exijentzietatik kanpo gelditzen direnek, behintzat, jateko zerbait izan dezaten; emango dizkiete 3.000 euro 300 familientzat, hau da, plazako adokin bat aldatzearen kostuaren baliokide dena. Zabalduko dute Elkar-ekin bezalako eragileekin eta bere arropa bankuarekin duten harremana etxe guztietako buzoietan (proiektua gertutik ezagututa, esan dezaket lotsa gutxi behar dela gero hori egiteko) etab. Baina kontu horiek guztiak aipatutako kontzientzian eragiteko beharrezko erabakiak besterik ez dira, beren etorkizuna lau urtean behin bozkatzearen truke saltzen dutenei egindako deia.

Izan ere, uztailaren 30 arratsaldekoa da, orokorrean, eraikitzen ari garen gizarte ereduaren zein Azpeitia arduratsuaren alderdi iluna: poliziaren bitartez puteatuen daudenen aurkako jazarpena, inguruan zeuden ehunka herritarren indiferentziaren erdian. Benetan diot, penak amorrua gainditu zuen. Udaltzainei erantzukizunak eskatzera joan eta goikoen agindua zela adierazi ziguten. Politikariei galdetzean, ordea, ardura asumitu nahi ez.

Eta guzti honekin, esan daiteke, ez-festa nahiko ez-progresistak gelditu zaizkigula gure herri idilikoan: oposizio gisa dituztenei modu itsusian beren jarduna debekatu –horrekin finantziazio aukera oro–,  eta herri arduratsuaren eskaparatea zikintzen zizkiguten beltzak herritik bidali, Munillak pare bat meza ematen zituen bitartean.

Amaitzeko, erreflexioa ongi girotzen duela iritzita, inork gutxik kontutan hartzen dituen eta etorkizuneko esperantza bakartzat ditudan batzuen abestiaren zati bat ekarri nahiko nuke hona, Azpeitiko Gaztetxeko kideek urteurrenerako sortutako abestiarena, alegia:

“…Ez baita erraza, egia esaten, pijo eta progreen herri baten ijito izaten

…Ez da erraza, ua, ua, ua, herri hontan ijito izatea! Desjabetuon arteko elkartasuna oinarri, borrokaren bidetik, mundu berri bat aldarri…”

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide