Maritxu Arteaga: "Aurten ez dugu ospakizunik izango, baina San Lorentzo ermita txukun-txukun jarri dugu bere egunerako"

Ihintza Elustondo 2021ko abu. 10a, 10:04

Maritxu Arteaga, Beizamako San Lorentzo ermitaren kanpoan.

San Lorentzo eguna da gaur, eta Beizaman, meza eta afaria egin ohi dituzte gaurko egunez. Dena den, osasun egoera tarteko, bi urtez jarraian ezin izan dute ospakizunik antolatu. Maritxu Arteaga Azpeitiko bizilagunak 36 urte daramatza ekintza horiez arduratzen. 

Abuztuaren 10a da gaur, San Lorentzo eguna. Beizaman egun handia izan ohi da gaurkoa, ospakizunak izaten baitira San Lorentzo ermitan. Hain zuzen ere, azken urteotan, meza eta afaria egin dituzte. Maritxu Arteaga (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1956) sortzez bertakoa ez den arren, Azpeitia eta Beizama artean bizi da, eta 36 urte daramatza ekintza horiek antolatzen. "Penatan" dago aurten, bi urtez jarraian ezin izan dutelako San Lorentzo eguna ospatu, osasun egoera tarteko.

San Lorentzo eguna egun handia izan ohi da Beizaman.

Bai, hala da. Meza egin ohi dugu San Lorentzo ermitan 20:00etan, eta, ondoren, afaria ematen dut Elizalde baserrian. Batzuetan mokadua ere eman izan dut ermitaren kanpoan; ardoa, gailetak eta neuk esnegainarekin egindako pastak banatu izan ditut.

Zer prestatu ohi duzu afaritarako?

Bakailao tortila, frijituak, tomate entsalada, saiheskiak eta flana nahiz arroz esnea postrerako. Azken urteetan hori prestatu izan dut, baina lehen, bakailao tortila, txuleta eta postrean gazta menbrilloarekin nahiz moskatela izaten ziren. Gainera, goizaldera, 02:00 aldera, baratzuri zopa ere eman izan dugu batzuetan.

Lan handia izango da hori dena prestatzea, ezta?

Aurretik lan dezente egin behar izaten dut, bai, baina gero, satisfazio hori hor gelditzen zaizu. Dena den, parrillero bat etortzen zait laguntzera, Ramon Amenabar Xaxurra, eta haren emazteak ere laguntzen dit.

Nolatan hasi zinen San Lorentzo egunez afaria ematen?

Kuadrilla bat berriketan hasi ginen Beizamako tabernan, duela 36 urte. Talde bat osatu genuen zortzi-hamar lagunek, eta pentsatzen genuen San Lorentzo egunez zerbait antolatzen hasi egin behar genuela. Lehen urteetan, tabernako Feli eta Joxemiel hasi ziren afaria prestatzen; nik mahaiak jarri, parrilla ekarri eta halakoak egiten nituen. Handik bi urtera edo, neroni hasi nintzen dena egiten; neu egin nintzen ekintza horren arduradun. Orduan haurdun nengoen, alabaren esperoan; tripa handiarekin eman nion hasiera ohiturari.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide