Luis Enrique Sorianoren heriotza argitzeko eskatu eta haren familiari babesa azaldu diote hainbat lagunek

Julene Frantzesena 2021ko abu. 10a, 19:44

Elkarretaratzea Elkar-ekin taldeak deituta egin dute, Inor ez ahanzturan, Luis Enrique gogoan. Esplotazioarekin amaitu lelopean, eta dozenaka herritarrek egin dute bat deialdiarekin. Plazan izan dira, gainera, Sorianoren gurasoak eta gertukoak.

Luis Enrique Sorianoren heriotza salatzeko eta gertatutakoa argitzeko eskatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, asteartea, hainbat lagunek plazan. Elkarretaratzea Elkar-ekin taldeak deituta egin dute –deialdiarekin bat egin dute, halaber, Azpeitiko Udalak, ELAk, LABek, ESK-k, Ernaik, EH Bilduk eta Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak–, Inor ez ahanzturan, Luis Enrique gogoan. Esplotazioarekin amaitu lelopean, eta dozenaka herritarrek egin dute bat deialdiarekin. Plazan izan dira, gainera, Sorianoren gurasoak eta gertukoak.

18:30ean zabaldu dute pankarta kontzentrazioaren deitzaileek, eta hamar bat minutuko isilunea gauzatu dute herritarrek haren atzean. Ondoren, Eduardo Galeanoren poema bat irakurri du Elkar-ekineko kide batek, eta segidan beste batek gertaturikoaren gaineko irakurketa egin du. Testua irakurtzen hastearekin, Sorianoren senideei eta gertukoei elkartasuna adierazi diete taldeko kideek.

Protestaren deitzaileek azaldu dutenez, Soriano etorkizun bila etorri zen Azpeitira, baina "infernuarekin" egin zuen topo: "Hiru urtean luzatu zen laneko jazarpenarekin". Hori horrela izanik, heriotza "bururaino ikertzeko eta erantzukizunak argitzeko" eskatu du Elkar-ekinek, eta esan du gertatutakoa ez dela kasu isolatua. "Pobrezia, esplotazioa eta arrazakeria egiturazko arazoak dira, gero eta ankerragoa den eredu kapitalistan dituzte iturburuak. Ezinbestean, baina, egoera hau irauli eta justiziazkoa izango den gizarte baten alde egitea dagokigu".

Sorianoren gurasoak ere igo dira plazako kioskora, eta amak hartu du hitza. Hark eskerrak eman dizkie Azpeitiko herriari eta Azpeitiko Udalari, baita plazan elkartu diren herritar guztiei ere. "Aurrera egin behar da. Borrokan jarraitu behar da Luis Enriqueri pasatu zitzaiona berriz gerta ez dadin. Esplotazioaren eraginez, begira zer gertatu zaion nire semeari; nire semea ez dago hemen jada". Hark hitzartzea bukatzearekin txalo zaparrada nagusitu da plazan.

Ikerketa zabalik

Elkar-ekinek larunbatean jakinarazi zuen Sorianok bere buruaz beste egin zuela uztailaren 30ean, Azpeitiko enpresa batean. Taldeak salatu duenez, "hiru urte luzatu den jazarpen egoera" sufritu zuen lantegi horretan –honako lotura honetan irakur daiteke Elkar-ekinek kaleratutako gutuna–.

Uztarria.eus-ek Ertzaintzarekin hitz egin du, eta gertatutakoa argitzeko ikerketa zabalik dagoela jakinarazi dio hedabideari. Bestalde, Uztarria.eus saiatu da Sorianok lan egiten zuen enpresarekin hitz egiten, baina ez du lortu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide