Igandeko eraso matxista salatzeko dozenaka lagun elkartu dira plazan

Julene Frantzesena 2021ko abu. 17a, 19:58

Urola Erdiko Itaiak deituta egin dute kontzentrazioa, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean. Kontzentrazioaren bukaeran, erasoa gaitzetsi eta halako egoerak salatzeko beharra dagoela azpimarratu du Itaiak. Elkarretaratzearekin bat egin dute Basanderiek talde feministak eta Azpeitiko EH Bilduk ere.

Igande arratsaldean Azpeitian jazo zen eraso matxista salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur dozenaka lagunek plazan. Urola Erdiko Itaiak deituta egin dute kontzentrazioa, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean. Gainera, Basanderiek talde feministak bat egin du deialdiarekin, baita Azpeitiko EH Bilduk ere.

Kontzentrazioaren bukaeran, Eider Agirre Itaiako kideak hartu du hitza, eta erasoa jasan duen emakumeari babesa agertu dio. Era berean, erasoa gaitzetsi eta halako egoerak salatzeko beharra dagoela azpimarratu du hark. "Indarkeria matxista gainditzeko erantzun eraginkorrak garatzea ezinbestekoa da, emakume langileon aurkako erasoak gauzatzen dituzten figurak seinalatuz eta egoera horietatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomiko eta sozialak garatuz". Bidea "luzea" dela jakitun, Urola Erdiko Itaiak horretan lanean jarraituko duela azaldu du: "Zentzu horretan, gaitasun politikoak antolatzen jarraituko dugu".

Itaiako kidearen arabera, emakume langileen aurkako erasoak "eguneroko ogia" dira gaur egungo errealitate sozialean, eta Azpeitian jazotako erasoak hori berresten duela esan du: "Egunerokoan albiste dira beste hainbeste jipoi, mehatxu, intimidazio eta bortxaketa. Askotan isilik pasatu arren, etengabeko erasoetarako kondenatua dago oraindik ere emakume langilea, eta horren isla dira azken ikasturtean Euskal herrian salatu diren 4.000 erasoak, baita salatu ez diren beste milaka eraso ere".

"Etsaiaren ideologia mantentzeko funtzioa duen ideologia matxistak" biolentzia matxistaren testuingurua du ondorio Itaiaren aburuz, eta egoera horretan, emakumeen zapalkuntza forma anitzak pairatzea "norma kultural" bilakatzen dela uste du erakundeak. "Gaur egungo gizarte kapitalistan normalizatuta dago emakume langilea etengabe zapaltzea eta etengabe erasotua izatea ideologia matxistaren bidez. Eta hori gizonaren gailentasunerako aukera paregabea dela argi dago. Hori dela eta, emakume langileon egoera zaurgarriaz baliatuz, gure aurkako erasoak etengabe gauzatzen dituzte botere burgesa betikotuz". Hain zuzen ere, azken asteetan Gasteizen, Lapurdin eta Azpeitian gertatutako erasoak testuinguru horretan kokatzen dituztela salatu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide