Kataluniako Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdian estreinatuko da ofizialki Xanti Rodriguez zinemagile eta argazkilari azpeitiarrak ekoiztu duen azken lana: Pasaia. Sitgeseko jaialdiaren 54. edizioko Noves visions-Petit format sailean parte hartuko du ikus-entzunezkoak, jaialdiko epaimahaiak Rodriguezen lana hautatu baitu sail horretarako. Han ikusi ahal izango da lehen aldiz Rodriguezen lana.
2018an nola, 2021ean hala. Rodriguezek duela hiru urte Sitgeseko jaialdi entzutetsuan estreinatu zuen Lekaime film laburra. Harrezkero, hainbat hautagaitza izendapen eta sari eskuratu ditu azpeitiarrak lan hori tarteko.
Etxean egindako lana
Pasaia fantasian oinarritutako eta mikro formatuan –zortzi minutuko iraupena du– egindako filma da. Adikzioak eta bizitza nahiz heriotza bereizten dituen pasaia lantzen ditu lanak, eta istorioa komikien munduan dago oinarrituta. Estetika eta estilo bereziak ditu ikus-entzunezkoak. Hala azaldu du Rodriguezek: "Ikuslea ez du axolagabe utziko. Ikuslea harritzea nahi dugu; ikuslearengan inpaktua eragitea eta ikusleak hausnarketa egitea da xedea".
Film osoa Azpeitian grabatu zuten. Rodriguezen arabera, "etxean eta etxekoekin" egindako lana izan da Pasaia. Javier Barandiaran da aktore nagusia, eta Xanti Salvado soinu teknikariak, Aitor Goenaga kameralariak nahiz Kamikaz kolektiboko Erika Olaizolak eta Amancay Gaztañagak parte hartu dute lanaren ekoizpen prozesuan. Filmaren ekoizpen zuzendaria, berriz, Yara Vergara da.