Hiart Arrizabalaga: "Erabiltzaile asko ez dira kontziente igerilekuan egon daitezkeen arriskuez"

Anartz Izagirre 2021ko abu. 27a, 09:00

Hiart Arrizabalaga soroslea. (Utzitakoa)

Azpeitiko estali gabeko igerilekuan jende mordoa egon ohi da udan eguraldi ona egiten duenean; giro makurra egiten duenenean, ordea, lasai egoten da. Hiart Arrizabalaga (Lasao, Azpeitia, 1999) da bertako sorosleetako bat, eta azken asteetan ohi baino jende gutxiago ibili dela azaldu du; izan ere, eguraldiak ez ezik, pandemiak ere izan du eragina hango egunerokotasunean, bigarren urtez jarraian.

  • Zer moduzko uda izan duzue aurten Azpeitiko igerilekuan?

Ekainaren erdialdean ireki genuen igerilekua, eta hasieran nahiko ondo joan zen, eguraldiak dezente laguntzen baitzuen. Jendea animatuta zegoen, eta, gainera, aurten aforoa apur bat handiagoa izan da; iaz 150 pertsona sartzen ziren, eta aurten, 200. Dena den, uztailean eguraldi txarra iritsi zen, eta jende gutxi ibili da igerilekuan; izan ere, uztaileko egun askotan ez du eguraldi onik egin. Iruditzen zait giro ona egin duen egun gutxi horietan jendeak hondartzara jo duela.

  • Zenbat sorosle egon ohi zarete lanean estali gabeko igerilekuan?

Kanpoan dagoen baina estalita dagoen igerilekuko ateak irekita egoten dira udan, eta hor sorosle bat egoten da. Estali gabeko igerilekuan, berriz, bi sorosle egon ohi gara.

  • Eta zein da zuen egitekoa?

Iritsi bezain pronto igerilekua prest egon dadin arduratzen gara: desfibriladorea ondo al dagoen begiratzen dugu, hango tresnen iraungitze datei ere erreparatzen diegu, kloroaren maila ondo al dagoen… Gero, erabiltzaileak igerilekura etortzen hasten direnean, dena kontrolatzen dugu. Txirristak izan ohi dira eremurik gatazkatsuenak; izan ere, ume askok handik jaisterakoan ez dute jakiten ura noraino heltzen den, eta batzuk larritu egiten dira uretara sartzerakoan. Dena den, oro har nahiko igerileku lasaia da Azpeitikoa.

  • Beste urte batez pandemiak baldintzatu du uda. Zeintzuk izan dira aurten ezarri dituzuen osasun eta segurtasun neurriak?

Joan zen urteko neurri berberak izan dira aurten ere, desberdintasuna da 50 pertsona gehiago sartzen direla aurten. Horrez gain, iaz ez bezala aurten bazkide ez zirenek ere izan dute estali gabeko igerilekua erabiltzeko aukera. Guk sorosleen eremua itxi egiten dugu, hortik inor igaro ez dadin, eta sorosleen artean distantzia mantentzen dugu.

  • Izan al duzue ezustekorik hilabete hauetan?

Arazorik handienak erleekin izan ditugu, ziztada asko izan baitira, inoiz baino gehiago. Gainontzean, ordea, ez da ezer handirik pasatu estali gabeko igerilekuan, gauza txikiak bakarrik; esaterako, ebakiak, kolpeak… Gurasoek ere nahiko kontrolatuta izaten dituzte umeak, eta igerilekuaren tamaina ere ez da oso handia. Gauzak ondo egiten saiatzen gara, eta umeei ez diegu uzten txiribueltak ematen, elkarren gainean jartzen eta abar. Hala eta guztiz ere, erabiltzaile asko ez dira kontziente igerilekuan egon daitezkeen arriskuez.

  • Irailaren 14an itxiko duzue igerilekua. Datozen asteak nolakoak izango direla aurreikusten duzue?

Abuztuan, jendea oporretatik bueltatzen denean, ikasturtea hasi aurretik jende dezente ibiltzen da. Ekainaren hasieran izan ohi da jende gehien, uztailean ere bai udalekuak direla-eta, eta irailaren hasieran ere umeak eskolara hasi aurretik egoten da mugimendua. Halere, umeak irailean eskolatik ateratzen direnean-eta etortzen dira arratsaldez igerilekura, baina egun horietan goizak nahiko hutsik izaten ditugu, tarteka unibertsitateko klaseak oraindik hasi ez dituzten gazteak eta izaten dira goiz horietan.

  • Zein da estali gabeko igerilekura joan ohi den jendearen profila?

Normalean familiak etorri ohi dira beren umeekin. Horrez gain, helduak ere etortzen dira; horiek sarritan ez dira bainatzen, baina eguzkia hartzen dute. Arratsaldeetan 14 urte bitarteko gaztetxo asko ere etortzen dira, oraindik ere hondartzara joateko gazteegiak direnak.

  • Eguraldiagatik erabiltzaile gutxiago sumatu al dituzue instalazioetan?

Iaz eta aurten aforoa dela-eta jendeak atzera egin du, baina esan beharra dago eguraldiak ere ez duela batere lagundu. Halere, jendea ia egunero etortzen da kanpoan dagoen estalitako igerilekura, euria egiten duenerako erosoa baita. Izan ere, igerileku hori klimatizatuta egoten da Izarraitz igeri elkartekoentzat.

  • Zein da zuen lanetik egitekorik zailena?

Gurasoak kontzientziatzea, igerilekuan ematen duena baino arrisku gehiago egon baitaitezke. Horrez gain,  8-14 urte bitarteko umeei erakustea ere igerilekua errespetatu egin behar dela. Dena den, igerilekuko erabiltzaileak normalean lasaiak izaten dira, eta ez dugu arazo handirik izaten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide