Nora Royo eta Ane Balentziaga dira aurtengo Sarralle Grow bekaren irabazleak

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 23a, 11:48

(Argazkia: Sarralle)

Sarralle Grow beken hirugarren deialdia izan da aurtengoa. Gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiaraztea dute helburu beka horiek, zuzendaritza eta erantzukizun postuetan emakumeen presentzia sendotuz. Aurtengo deialdira hemeretzi lagun aurkeztu dira, iaz baino %72 gehiago.

Azpeitiko Sarralle enpresak jakinarazi du zeintzuk diren Sarralle Grow bekaren hirugarren edizioaren irabazleak: Nora Royo donostiarra eta Ane Balentziaga zarauztarra. Ikasturte akademiko bakoitzeko 1.000 euroko beka bana jasoko dute biek, eta enpresak praktikak egiteko aukera ere izango dute. Gizonen eta emakumeen arteko arrakala teknologikoa geldiaraztea dute helburu beka horiek, zuzendaritza eta erantzukizun postuetan emakumeen presentzia sendotuz.

Royok 21 urte ditu eta Deustuko Unibertsitatean ari da ikasketak egiten; hain zuzen ere, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Informatikako Ingeniaritza gradu bikoitzeko laugarren maila egiten hasi berria da. Balentziagak, berriz, 20 urte ditu eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Zuzenbidea gradu bikoitzeko hirugarren maila egiten hasi berria da, hura ere Deustuko Unibertsitatean. Biek ala biek "ezinhobetzat" jo dute Sarrallen praktikak egiteko aukera, lan mundura hurbiltze horrek "etorkizun profesionalari ziurtasun handiagoaz begiratzeko aukera" emango diela iritzita.

Aurtengo deialdira hemeretzi lagun aurkeztu dira, iaz baino %72 gehiago. Parte hartzeko baldintzak honako hauek ziren: 18 urtetik 25 urtera bitarteko emakumea izatea; Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizitzea; eta aurreko ikasturtea erabat gaindituta izatea. 

Gaur egun, zientzia eta teknologia arloko graduetan matrikulatzen diren ikasleen %28 besterik ez dira emakumeak, eta horietatik %45ek bakarrik bukatzen dituzte ikasketak. Sarrallek joera horri buelta eman nahian sortu zituen Sarralle Grow bekak. Irabazleei, ikasturteko matrikula ordaintzeko laguntza ez ezik, udaero enpresan ordaindutako praktikak egiteko aukera ematen die.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide