MODELOA

Alex Uria: "Garrantzitsua da lotsa galtzea eta umiltasunez aritzea modelo gisa dena emateko"

Maialen Etxaniz 2021ko ira. 29a, 12:18

Alex Uria modelo azpeitiarrak Top Model saria eskuratu du RNB sariketan. (Utzitakoa)

Alex Uria (Azpeitia, 1997) modeloa da, eta 2021eko Mister Gipuzkoa izendapena lortzeaz gain, Top Model saria eskuratu du Malagan (Andaluzia) jokatutako RNB (Reinado Nacional de Belleza) sariketan. Uriarentzat hori da eskuratu ahal zuen lorpenik handiena. RNBn bizitako esperientzia "bakarra eta ahaztezina" izan dela kontatu du. 

Noiz eta nolatan erabaki zenuen modelo izatea? Zerk bultzatu zintuen horretara?

16 urte nituenetik nuen modelo izateko gogoa, baina beldurragatik edo mundu zaila dela entzuten delako, albo batera utzi nuen ideia eta unibertsitateko ikasketak hasi nituen. Unibertsitatean nengoela parte hartu nuen lehenengoz desfile batean, Azpeitian, Bertan merkatari elkarteak antolatuta. Gero, modelo agentzia batean eman nuen izena, lehengusuak lagunduta. Hori bai, beti gustatu izan zait modaren mundua.

Nola hartu zuten berria senitartekoek, lagunek…? 

Gurasoak, hasieran, asko harritu ziren, ez baitzekiten modelo agentzian izena eman nuela. Dena den, uste dut espero zutela mundu horretan murgilduko nintzela, eta oso ondo hartu zuten. Lagunek, aldiz, barre egiten zuten hasieran, baina ez modu txarrean, adarra jotzeko baizik. Babes handia jaso nuen haien partetik, eta ingurukoek normaltasunez hartu dute.

Mundu horretara iristeko edertasuna ez ezik, formakuntza ezinbestekoa da. Horretarako daude, esaterako, modelo eskolak. Non trebatu zinen zu? 

First Models modelo eskolan jaso nuen formakuntza. Bertan irakatsi zidaten nola desfilatu, argazkietan nola posatu, soslai onak zein diren, modaren historia... Aurretik banuen modaren berri, eta hori ere lagungarria izan zen. Argazki sesioak egin eta antzezteko klaseak jasotzen genituen, lotsa galtzeko eta publizitaterako. Dena emateko garrantzitsua da lotsa galtzea.

Gaur egun, sare sozialen nahiz influencer munduaren eraginez, askotariko jendeak du aukera modelo gisa aritzeko

Formakuntzaz gain, irudia zaintzea ezinbestekoa izango da. Zer egiten du modelo batek itxura mantentzeko?

Kirola egitea da garrantzitsua; fisikoki ondo egotea inportantea da, norbere buruarekin ondo sentitzeko, konfiantza lortzeko eta lasai egoteko. Jatekoa zaintzea eta dieta jakin bat jarraitzea ere beharrezkoa da, fisikoan ez ezik, azalean ere eragina baitu elikadurak. Garrantzitsua da, era berean, hidratazioa zaintzea, aurpegia garbitzea, esfoliatzea, ilea zaintzea...

Zer behar da modelo izateko? 

Oso subjektiboa da hori, moda mundua aldatzen ari baita. Lehen bazeuden estereotipo zehatzak; adibidez, 1,85 metro baino gehiago neurtzea... Gaur egun, baina, sare sozialen nahiz influencer munduaren eraginez, askotariko jendeak du aukera modelo gisa aritzeko. Pasareletarako garrantzitsua da altua izatea, baina argazkietarako ez horrenbeste. Hori bai, ezinbestekoa da jarrera ona erakustea; hau da, jarrera aktiboa izatea, lana egiteko prestutasuna erakustea, lotsa galtzea eta umiltasunez aritzea.

Alex Uria, desfile bateko pasarelan. (Utzitakoa) 

Orain arte, nolakoa izan da zure ibilbide profesionala? Zer motatako lanak egin dituzu?

Pasareletan aritu naiz batik bat, baina bestelako lanak ere egin ditut; esaterako, arropa markentzako kanpainak, argazki sesio ugari, enpresa batentzako iragarkia edo bideo korporatiboa...

Horietatik guztietatik, zein izan da gehien gustatu zaizun proiektua edo esperientzia?

Hasieran, pasarelan aritzea atsegin nuen gehien, eta uste dut gaur egun ere desfileak direla gehien atsegin ditudanak, baina pixkanaka, argazki sesioak gustatzen ari zaizkit. Lehen, argazki kameraren aurrean ez nintzen seguru sentitzen, baina denborarekin gainditu dut beldur hori. Egia esan, ez nuke jakingo esaten zer gustatzen zaidan gehien.  

Pasarelara ateratzerakoan… 

Izugarrizko adrenalina sentitzen da. Ezin da adierazi zer sentitu nuen aurreneko aldietan; ametsa betetzen ari nintzela ikusi eta egindako lanaren emaitza zela sentitu nuen. Gaur egun ere izugarria da sentitzen dudana. Ez da aurreneko aldian bezalako sentipena, baina...

2021eko Mister Gipuzkoa zara. Nolakoa izan da titulu hori eskuratzeko prozesua? 

Egia esan, ezustean jaso nuen berria. Egun, batez ere inguru hauetan, misterren munduak ez du ikaragarrizko sona. Espainiako hainbat probintziatan, berriz, lurralde mailako sariketak egiten dituzte misterrak aukeratzeko. Gipuzkoan, ordea, ez da horrelakorik egiten. Beraz, moda agentziek hartzen dute erabakia, lurraldeko modeloen ezaugarriak kontuan hartuta. Hori dela eta, egun arrunt batean agentziara joan eta han eman zidaten berria. Zera esan zidaten: «Zu izango zara Mister Gipuzkoa, eta Gipuzkoa ordezkatuko duzu Espainiako Mister sariketan».

Eta nola hartu zenuen berria?

Ez nuen espero, sekula ez nuen pentsatuko horrelako lehia batean parte hartuko nuenik; ez naiz sekula horien zale izan. Uste nuen edertasunagatik lehiatzea zela halako ekitaldien funtsa, eta hori ez zetorren bat nire balioekin. Baina informatu egin nintzen, eta ohartu nintzen ez dela horren zurruna kontua, eta edertasunaz haragoko ezaugarriak ere hartzen dituztela kontuan. Garrantzitsua da itxura ona izatea, bai, baina jarrerari, konpromisoari, alaitasunari eta abarri ere garrantzi handia ematen diete, eta hori niretzako izugarrizko aurrerapausoa da. 

Duela pare bat aste Malagan (Andaluzia, Espainia) izan zinen, RNB (Reinado Nacional de Belleza) sariketan, Gipuzkoako ordezkari gisa. Zer egin duzue sariketan zehar? 

Denetarik egin dugu. Proba desberdinak jarri zizkiguten, hala nola kirolari edo sare sozialei lotutako probak, Top Model proba... Ariketa horietako bakoitzetik pertsona bat sailkatzen zen finalera. Horrez gain, argazki sesio ugari egin ditugu, baita Malaga inguruetako txoko desberdinetara bisitak egin ere. 

Nolako esperientzia izan da?

Esperientzia bikaina izan da, ahaztezina eta bakarra. Ez dut apenas lehiakortasunik ikusi, giro jatorra eta sanoa izan dugu. Gainera, jende zoragarria ezagutzeko eta lagun berriak egiteko aukera eskaini dit RNBk.

Top Model proba irabazi nuen, eta hori da lortu ahal nuen gauzarik onena. Niretzat hori zen proba garrantzitsuena

Pozik gelditu al zara lortutako emaitzekin? 

Bai, oso pozik. 52 ginen, eta 24 onenetan sailkatu nintzen. Gainera, Top Model proba irabazi nuen, eta hori da lortu ahal nuen gauzarik onena. Niretzat hori zen proba garrantzitsuena, modelo lana egiten dudalako. Finean, modelorik onena nintzen epaimahaiaren arabera, eta hori izugarria izan zen; lanean jarraitzeko bultzada ikaragarria eman zidan. Espainiako Mister saria baino nahiago nuen sari hori eskuratzea.

Duela gutxi amaitu dituzu Ingeniaritza Industrialeko Diseinu ikasketak. Erraza izan al da bi zereginak –modelo jarduna eta ikasketak– aurrera eramatea?

Pixka bat zaila izan da, baina moldatu naiz. Ikasketak amaitu arte, Gipuzkoan ibili naiz sortu zaizkidan modelo lanak egiten, baina hori ez da eguneroko zeregina izan; zerbitzari ere aritu naiz. Desfileak asteburuetan izan ohi dira gehienetan, eta ez nuen oztoporik izan horiek ikasketekin uztartzeko. Azterketena izan da garairik zailena. Sasoi horretan kirol gutxiago egiten duzu, gutxiago zaintzen zara, estresa nagusitzen da... Eta hori guztia nabaritu egiten da.  

Ba al dago zuretzako erreferentea den modelo profesionalik? Zein eta zergatik? 

Ezbairik gabe, Jon Kortajarena da nire erreferentea, baina badaude asko atsegin ditudan beste bi modelo ere: Leon Dame eta Alton Mason. Kortajarena erreferente hutsa da duen ibilbideagatik, jarreragatik, itxuragatik eta balioengatik. Leon Damek inspiratu egiten nau; oso estilo berezia eta jarrera itzela ditu, desfilatzeko modu ikonikoa du, pasarela jaten du oso-osorik. Alfon Mansonen jarrera ere azpimarragarria da.

Zer helburu edo amets dituzu aurrera begira?

Nire ametsa Milanen [Italia] lan egitea da, baina edonora joango nintzateke: Madrilera, Bartzelonara, Parisera... Modelo lan egiteko aukera izanez gero, Txinaraino joango nintzateke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide