Plangintza eta erronkak zehaztuta ekin dio ikasturteari Itaiak

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 3a, 11:21

Itaiak atzo egin zuen ikasturte hasierako batzarra Azpeitiko Gaztetxean. (Urola Erdiko Itaia)

Atzo goizean egin zuen Urola Erdiko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ikasturte hasierako batzar irekia. Bertan azaldu zituzten datozen hilabeteetarako dituzten asmoak, erronkak eta lan ildoak. Azaldu zutenez, emakumeek gaitasun politiko handiagoak eskuratzeko bitartekoak garatu nahi ditu Itaiak. Hainbat auzi sakonean aztertzeko eta hausnartzeko mintegiak ere egingo dituztela aurreratu du antolakundeak. 

Urola Erdiko Itaia emakumeen antolakunde sozialistak ikasturte hasierako aurkezpen batzarra egin zuen atzo, zapatua, 11:00etan hasita, Azpeitiko Gaztetxean. Ostiralean egin zituzten batzarrak Azkoitian eta Zestoan. Bertan azaldu zituzten, besteak beste, datozen hilabeteetarako dituzten asmoak, erronkak eta lan ildoak. Era berean, emakume langileek gaitasun politikoak eskuratzeko Itaiak emango dituen urratsak zein diren ere azaldu zituzten. 

Atzokoan nabarmendu zutenez, Itaiak eskualdez eskualde emakume langileen babesa antolatzeko erabakia hartuta du, eta horretan jarraituko dute Urola Erdian ere. Taldeak uste du emakume langileen "emantzipazio erreala antolatzeko aukera bakarra" harreman eredu sozialistaren eraikuntza dela, eta horren harira, Euskal Herrian zehar klase kontzientzia garatzea du xede. Emakume langileen "bizi baldintzak eta baldintza estrategikoak" hobetzeko, "borroka prozesu eta lan ideologikoa" abiarazi nahi du taldeak.

"Guztiok bizi baldintza berdinak izan ditzagun borrokatuko dugu. Hori egin ahal izateko, emakume langileak jasaten duen zapalkuntza zehatz bakoitza identifikatu eta horrek egitura sozial kapitalistaren baitan duen papera aztertuko dugu, horrela zapalkuntzari aurre egiteko bitarteko politikoak garatuz", esan zuten atzokoan. Era berean, azaldu zuten antolakundearen sorreratik Euskal Herriko eskualde ezberdinetan Itaiak martxan dituela emakume langileek bizi dituzten "problematikak sozializatu", horri aurre egiteko "bitarteko politikoak diseinatu" eta emakume langilea "antolakuntza politikora batzeko" tresnak. "Lan politikoa egiteko, ezinbestekoa dugu lanketa ideologiko-komunikatiboaren bitartez emakume langileok jasaten dugun problematika sozializatzea eta testuinguru teorikoa nahiz politikoa egitea".

Bestalde, egunerokoan emakumeek jasaten dituzten "forma ezberdinetako erasoak" salatu behar direla azpimarratu zuen Itaiak, egungo "inpunitatearekin" amaitzeko. "Emakume langileon bizi baldintzak hobetzeko, borroka prozesuak garatu behar ditugu. Momentuan ditugun indarrak aintzat hartuta, emakume langileak gaitasun politikoak eskuratu ditzan lan egin behar dugu". Horrenbestez, datozen hilabeteetan askotariko gaien inguruan hausnartzeko eta analisiak elkarbanatzeko mintegiak egingo dituztela aurreratu zuen antolakundeak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide