Udal tasa, zerga eta prezio publiko gehienak %1,5 igoko dira 2022an

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 6a, 10:04

Atzoko udalbatzarrean eta aho batez onartu zituzten 2022rako Ordenantza Fiskalak. (Azpeitiko Udala)

Igerilekuko eta kiroldegiko tasak 2020ko prezioetan mantenduko dira, etxez etxeko laguntza zerbitzuak eta Eguneko Zentroarenak ere ez dute igoerarik izango, eta terrazak jartzeagatik ordaintzen duten tasarik ez dute ordaindu behar izango ostalariek datorren urtean. Horiek dira igoera orokorretik salbu geldituko direnak. Lur azpiko bi aparkalekuak erabiltzea merkeago izango da, eta udal tasekin eta zergekin lotuta indarrean diren hobari guztiak mantendu egingo dituzte.

Iazko ezohiko urtean aurtengoak izoztuta mantentzea erabaki ondoren, Azpeitiko Udalak %1,5 igoko ditu 2022an erakundeari ezartzea eta kobratzea dagozkion tasak, zergak eta prezio publikoak. Atzo, urriko ohiko udalbatzarrean, aho batez onartu zituzten datorren urtean indarrean egongo diren Ordenantza Fiskalak. Amaia Etxeberria EAJren bozeramaileak zoriondu egin zuen EH Bilduren Udal Gobernua aurkeztutako proposamenagatik; aipamen berezia egin zion Etxeberriak zaborren tasa igotzea onartu izanari, bere udal taldearen eskaerari jaramon eginda.

Hiru salbuespen izango ditu tasen, zergen eta prezioen igoera orokorrak. Horrela, igerilekuko eta kiroldegiko tasak 2020ko prezioetan mantenduko dira; aurten %25eko hobaria izan dute erabiltzaileek, COVID-19aren pandemia dela-eta ezarri behar izan dituzten murrizketak tarteko. Etxez etxeko laguntza zerbitzuak eta Eguneko Zentroarenak ere ez dute igoerarik izango, eta terrazak jartzeagatik ordaintzen duten tasarik ez dute ordaindu behar izango ostalariek datorren urtean; azken neurri hori estuki lotuta dago pandemiak ekarritako ezohiko egoerarekin.

Leire Goenaga Ogasuneko batzordeburuak udalbatzarrean azaldu zuenez, "bi printzipio" kontuan hartuta erabaki dituzte Ordenantza Fiskalen aldaketak. "Zuhurtzia" izan da printzipioetako bat, eta ""zergen aplikazio progesiboa", bestea. Udalaren egoera ekonomikoa, egoera ekonomiko orokorra –Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru bilketa datuak eta aurreikuspenak, nagusiki–, eta KPIaren bilakaera kontuan hartu dituztela azaldu zuen Goenagak, eta gogoratu zuen atzo behin-behinean onartutako tasak eta zergak direla erakundearen diru sarreren %37a: "Diru sarrera hauek ezinbestekoak dira udalarentzat gastu publikoa finantzatu ahal izateko, udalaren betebeharra delako herritarrei kalitate oneko zerbitzuak eta baliabideak eskaintzea eta eskaintza hori bermatzea". Zerga aplikazio progresiboarekin, berriz, "karga fiskala gutxitzen zaie sarrera edo eros ahalmen gutxien duten herritarrei".

Hobariak

Hain zuzen ere, zerga aplikazio progresiboa bermatzeko daude udalak herritarren diru sarreren arabera aplikatzen dituen hainbat hobari, eta udal tasa, zerga eta prezio publikoetan ezarritako hobari guztiak bere horretan mantentzea ere onetsi dute Ordenantza Fiskalen 2022rako eguneratzearekin.

Hobari horien artean batzuk nabarmendu zituzten atzo. Ibilgailuen zergari dagokionez, auto elektrikoek zergaren gaineko %90eko hobaria izango dute, eta hibridoek %50ekoa; horretaz gain, 30 urtetik gorako auto historikoek %100eko hobaria izango dute, eta familia ugariek ere dirru sarreren arabera hobaria izan dezakete. Ekonomia jardueren gaineko zergan, enplegua sustatzeko edo errazteko helburuarekin hainbat hobari daude: jarduera berri bat abian jartzen dutenek %50eko hobaria izango dute 2022an ere, kontratu mugagabeak sortzen dituzten jarduerek %30eko hobaria izango dute, eta kooperatiba babestuek eta beste hainbat enpresa moldek %50ekoa. Ondasun Higiezinen gaineko zergari dagokionez, %50eko hobaria aplikatuko zaie energia berriztagarriak –eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistema termikoak edo elektrikoak– ezartzen dituzten etxebizitzei. Kirol instalazioetako tarifetan, azkenik, familia ugariek familia abonuetan diru sarreren araberako hobaria jasotzeko aukera izango dute datorren urtean ere. Jubilatuen, pentsiodunen, langabeen eta lanbide arteko oinarrizko soldata baino errenta baxuagoa duten herritarren hobariak ere bere horretan mantenduko dira.

Lur azpiko aparkalekuak, merkeago

Herrian dauden lur azpiko bi aparkalekuak erabiltzea, Soreasukoa zein 1766ko Matxinada kalekoa, merkeago izango da datorren urtetik aurrera, atzo onartu zituzten Ordenantza Fiskalei esker. Aparkaleku publiko horien "erabilera ahalik eta handiena izatea" da neurriaren "helburu bakarra", eta helburua betzeko "erraztasunak jarriko" ditu erakundeak, bai erabilera orokorreko tarifetan, bai bizilagunen erabilerara zuzendutako txarteletan ere.

Soreasun, erabilera orokorreko tarifak –bost ordura arte utz daitezke ibilgailuak bertan ordaindu gabe– ez du aldaketarik izango. 1766ko Matxinada kalekoan, berriz, gaur egun lehen ordubetean 20 zentimokoa eta bigarren ordutik aurrera orduko euro batekoa da erabilera orokorreko tarifa. Datorren urte hasieratik, ordea, hiru orduz aparkatu ahalko da bertan 20 zentimoren truke. Bizilagun txartelaren jabe direnek ere onurak antzemango dituzte datorren urte hasieratik: Soreasun, egunean zehar hamabi orduz utz dezakete ibilgailua gaur egun, eta erabilera hori hamalu ordutara luzatuko zaie urte hasierarekin batera; eta 1766ko Matxinadako aparkalekuan,orain arte 20:00etatik 08:00etara doan aparkatzeko eskubidea dutenek, 19:00etatik 09:00etara aparkatu ahalko dute ordaindu gabe 2022tik aurrera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide