Iritzia

Deskonektatu

IƱaki Azkue, EH Bilduko kidea eta Energia Berriztagarrietako irakaslea 2021ko urr. 7a, 09:33

Iñaki Azkue EH Bilduko kide eta Energia Berriztagarrien irakasleak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Azken hilabete luzeetan, etengabea ari da izaten energia elektrikoaren prezioaren gorakada. Azken asteetan, gorakada horiek errekor historiko berriak ezartzerainokoak bilakatu dira. Arrazoi nagusi bezala jarri dira udan egin duen beroa, haize gutxi eta eolikoen produkzio baxua, eta gas naturalaren prezioaren igoerek ziklo konbinatuko zentraletan izan duten eragina. Hori entzun diegu enpresa elektriko nagusiei nahiz beraiek babesten dituzten alderdi politikoen argudioetan.

Baina zein dira energia elektrikoaren igoeraren benetako arrazoiak? Energia elektrikoaren prezioa 2021ean 2020koa baino 2,5 aldiz handiagoa izaten ari da, batez beste, eta ez da beherako joerarik aurreikusten. Udazken eta negu honetan haizearen indarra igotzen joango da; eta, ondorioz, energia eolikoaren eragina pool elektrikoan (handizkako merkatu elektrikoa) handitzen joango da, baina horrek ez du MWh elektrikoaren prezioa jaitsiko. Gas naturalaren gorabeherak ere ez dira erabakigarriak izango datozen hilabeteetan.

Energia elektrikoaren prezioa zehazteko metodoan dago gakoa, enpresa energetiko nagusien (Iberdrola, Endesa, Naturgy, EDP) oligopolioan; alegia, sektorean enpresa gutxi batzuk daudenez, beraiek kontrolatzen dituzte merkatua zein prezioa. Prezioa nahieran zehazten dute, uda honetako energiaren prezioaren errekor askoren arrazoia gas naturalean jarri dute, ziklo konbinatuko zentralek errekorreko ordu horretan eraginik izan ez badute ere.

Espainiako CNMC Merkatuen eta Lehiaren batzordeak 2013an jada Iberdrolari isuna jarri zion, merkatuko prezioa bere mesedetan puzteagatik. 25 milioi euroko isuna ezarri zioten, eta 105 milioi euroko irabaziak izan zituen enpresak prezioen manipulazio horregatik. Naturgy-ri eta Endesari ere ezarri zaizkie hainbat isun azken urteetan, praktika horiengatik. Gaur-gaurkoz, aurrez aipatutako enpresek ez dituzte isunak ordaindu.

Hor dago gakoa: energiaren prezioa zehazteko metodoa aldatu behar da. Energia sortzeko kostuak hartu behar dira oinarri, gardentasunez. Hor eragin behar da, oligopolioari mugak jarriz, gehiegikeria hau gelditzeko erreformak bultzatuz. Norabide horretan ulertzen dugu guk energiaren prezioaren gorakada, edo enpresa horiek politikariak fitxatzen jarraitzea administrazio kontseiluetarako. Joko arauak aldatzea, mehatxu bat delako energetika nagusientzat, eta gauzak dauden moduan mantentzeko pultsu bat jokatzen ari direlako.

Horren aurrean ezin gara isilik egon, herritarrak gara prezioen igoera hauek sufritzen ari garenak. Kalera atera behar dugu nahikoa dela esatera, nahikoa dela esan eta bestelako eredu bat bultzatuko duen Euskal Herri bat aldarrikatzera. Estaturik gabeko hainbat naziotako lagunekin batera urriaren 8an 22:00etan mobilizatuko gara. Gure kasuan, Azpeitiko plazan elkarretaratze bat eginez eta balkoietan kazolak joaz.

Erronka handiak, baina garrantzitsuak datoz energiaren alorrean, energia fosiletatik berriztagarrietarako trantsizioan murgilduta gaude. Trantsizio hori ezin dugu oligopolioa osatzen duten enpresa horien eskuetan utzi. Energia berriztagarrietarako trantsizioan herritarrok izan behar dugu protagonista. Geuk behar dugun energia geuk sortuz, geure herrian eta elektrika handietatik deskonektatuz. Hor daukagu iparra, hor daukagu erronka, ekin diezaiogun bideari.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide