Nolatan erabaki zenuen Bembibre utzi eta Islandiara joatea?
Islandiara joatea erabaki nuen, alde batetik, eskaini zizkidaten baldintzak oso onak zirelako. Bestetik, gurasoekin hitz egin nuen eta ikusten genuen Islandia oso herrialde interesgarria zela; polita izateaz gain, esperientzia aberasgarria bizi nezakeela. Faktore horiek kontuan hartuta erabaki nuen hara joatea.
Alderik ba al da Islandiako eta Espainiako futbolaren artean?
Bai. Islandiara iritsi, pare bat asteko denboraldi-aurrea egin eta apirilean ekin genion denboraldiari. Egia esan, ondo joan da denboraldia. Sailkapenari begiratuz gero, berriz, erdi aldeko postuetan ibili gara. Espainiako futbola askoz ere teknikoagoa eta taktikoagoa da; Islandian, berriz, gaitasun fisikoari garrantzi handiagoa ematen diote.
Islandiara iristean, zerekin egin zenuen topo?
Leku eder asko dago Islandian: sumendiak, ur jauziak, ur termalak... Kultura aldetik, berriz, bada atentzioa eman didan gauza bat: bizi maila oso ona izanagatik, oso gazterik hasten dira han lanean. 13-14 urteko gaztetxoak supermerkatuetan edo beste hainbat lekutan ikusten dira lanean; oso ohikoa da hori. Bestalde, hizkuntza aipatuko nuke: islandierak ez du zerikusirik ez ingelesarekin, ez ezerekin, eta oso zaila egin zait ulertzea. Gastronomia aldetik, berriz, ez dut alde handirik sumatu.
Asko kostatu al zitzaizun Islandiara egokitzea?
Lehen bi asteetan entrenamenduetako erritmora egokitzea kostatu egin zitzaidan, baita beren jokora egitea ere. Dena den, aste batzuk pasatuta, egokitu nintzen, eta harrezkero, oso gustura ibili naiz.
Oro har, nolakoak dira islandiarrak?
Hasieran itxi samarrak dira, baina denborarekin irekitzen dira. Zerbait azpimarratzekotan, oso eskuzabalak direla esango nuke; edozertan laguntzeko prest egoten dira.
Izan al duzu bazterrak ezagutzeko aukerarik?
Bai. Islandiara iritsi eta hiru bat astera erupzioa izan zuen sumendi bat bisitatzeko aukera izan nuen; esperientzia oso ederra izan zen. Beste hainbat leku eta paisaia ezagutzeko parada ere izan dut, baina bat nabarmentzekotan, sumendia aipatuko nuke.
Zer gustatu zaizu gehien? Eta gutxien?
Gehien gustatu zaidana paisaia izan da, eta horrez gain, islandiarrek duten bizimodua. Izan ere, bizi maila oso ona dute Europako beste hainbat herrialdetan dutenarekin alderatuta, eta islandiarrak oso langileak dira. Txarrena, zalantzarik gabe, eguraldia da. Uda izanagatik, edozein egunetan elurra egin dezake, hotza egiten du, haize bolada handiak izaten dira...
Urteak daramatzazu Euskal Herritik kanpo. Ez al duzu etxearen falta sumatzen?
Bederatzi urte daramatzat etxetik kanpo, eta asko sumatzen dut familiaren, gurasoen eta lagunen falta. Urtez urte gero eta gehiago, gainera. 18 urterekin joan nintzen Leonera [Espainia] ikastera, eta harrezkero, Azpeititik kanpo bizi izan naiz.