Arkaitz Coca: "Kalitatezkoa, konpromisozkoa eta profesionala izan behar du jokalari eta agente binomioak"

Julene Frantzesena 2021ko urr. 28a, 08:57

Arkaitz Coca. (Utzitakoa)

Unik Sports Management agentzia sortu zuen duela urtebete azpeitiarrak, eta gaur egun, 42 emakume futbolariren ordezkaria da. Emakumeen futbolean oraindik badela zer egin adierazi eta futbol industriako kide guztiek norabide berean lan egiteko beharraz oharatazi du 2021eko urriko Uztarria aldizkarian.

Arkaitz Coca (Azpeitia, 1980) Tarragona eta Bartzelona artean bizi da azken urteetan, emakume futbolarien agentea baita ogibidez. Punta-puntako futbolarien ordezkaria da, eta oraintsu Unik Sports Management izeneko futbolarien agentzia sortu du Carlota Planas areto futboleko jokalari ohiarekin batera. Gainera, munduko agente garrantzitsuenek osatzen duten TFF elkartean sartu berri da. Emakumeen futbola gorenera eraman nahi du bere jardunarekin.

Noiz eta nolatan hasi zinen futbol agentzien munduan lanean?

2008an hasi nintzen gaiari bueltaka. Futbola ikaragarri gustatu izan zait betidanik, baina banekien ez nuela futbol jokalari izateko dohainik. Futbolaren beste aldeak ere asko erakartzen ninduen, ordea; estatistikek, fitxaketek, kudeaketak... 2010ean, lagun batekin batera, egoitza Londresen zuen ordezkaritza agentzia bat sortu nuen; izan ere, emakumeen futbolak sasoi hartan zuen egitura tarteko, ezinezkoa zen Espainian lan egitea eta dirua irabaztea.

Aurretik zertan egiten zenuen lan?

Errezilgo Domusa enpresan aritzen nintzen. Futbolaren munduarekin ez zuen zerikusirik lan hark, baina pertsona bezala hezten eta harremanetan trebatzen lagundu zidan; denbora asko izaten nuen gauzak pentsatzeko.

Nola trebatu zinen agentzien munduan?

Sekula ez naiz ikasle ona izan, ez ninduen ezerk erakartzen. Hori dela eta, derrigorrezko ikasketak egin nituen. Dena den, denborarekin, ikasteko beharra sentitu nuen, eta halaxe hasi nintzen. Gaur egun, Kirol Zuzenbideko eta Kirol Kudeaketako masterrak ditut. Gainera, gaztelania ez ezik, beste hainbat hizkuntza ikasi behar izan ditut lanbidea tarteko: italiera nahiz portugesa. Ingelesa hobetzen saiatzen ere ari naiz.

Futbola betidanik atsegin izan duzula esan duzu. Emakumeen futbola ere bai?

Futbolaren jarraitzaile sutsua betidanik izan naiz, ikaragarri gustatzen zait. Munduko edozein tokitako futbol partidak ikusten nituen. Emakumeen futbola, baina, ez nuen askorik ezagutzen. Egun batean, zera galdetu nion neure buruari: "Zer egin ote zuen Kristina Fernandezek?". Ikaskide izan nuen Fernandez, eta Azpeitiko futbolari onenetarikoa zen, baina ez zen iritsi elitera. Emakume futbolariek hain aukera gutxi zergatik zituzten aztertzen hasi nintzen, eta orduan ikusi nuen etorkizunera begira negozioa eratzeko aukera zegoela arlo horretan. Izan ere, behar bat bazen emakumeen futbolean. Urtez urte ikaragarri hazten ari den industria da emakumeen futbolarena, eta uste dut une egokian hasi nintzela urratsak egiten.

Duela urtebete Unik Sports Management agentzia sortu zenuen. Zer helbururekin?

Sektorean hamar urteko esperientzia nuen, eta beste pauso bat emateko ordua zen. Lehen neukan agentziak Carlota Planasekin kolaboratzen zuen –beste agentzia batean egiten zuen lan hark–; zuzendari exekutiboa zen Planas, eta emakumeen futboleko babesletzen eta publizitatearen kudeaketaz arduratzen zen. Hainbat hizketaldi izan genituen, eta Unik Sports Management sortzea erabaki genuen; izan ere, ikusten genuen emakume futbolariek eskatzen dituzten zerbitzu guztiak eskainiko zituen agentzia bat sortzeko beharra zegoela. Negozio plana egin genuen, eta lehen urtea eginda, harro gaude eta zoriontsu gara, helburuak gainditu egin baititugu.

Coca eta Planas Mariona Caldentey Bartzelonako jokalariarekin. (Utzitakoa)

Gaur egun, zer egoeratan dago emakumeen futbolaren sektorea?

Hazten ari den sektorea da. Dena den, hainbat balio oso errotuta ditu emakumeen futbolak, eta hainbat agente berrik oraindik ez dituzte ulertzen horiek. Negozio aldetik, klubentzat oso erraza da dirua irabaztea; izan ere, gizonen futbolean baino askoz ere txikiagoa da inbertsioa. Egia da klubentzat parekoak direla egiten duten inbertsioa eta horren truke jasotzen duten irabazia, baina gizarte mailan duen eragina izugarria da. Eliteko klubek ikusi dute futbolaren industrian beti izan daitezkeela irabaziak. Dena den, Bartzelonako emakumeen saila da munduan ehuneko ehun errentagarria den bakarra. Gainera, babesleek abantaila fiskal handiak dituzte Universo Mujer gisako proiektuetan.

Jokalari zailduekin nahiz hasiberriekin egiten duzu lan. Zer azpimarratuko zenuke?

Gero eta jokalari gehiagok egiten dute bat gure kudeaketarekin eta ikuskerarekin, eta oso harro gaude gaur egun ordezkatzen ditugun 42 futbolariekin. Jokalari horietako batzuek Txapeldunen Liga; Espainiako, Italiako nahiz Mexikoko ligak; Erreginaren Kopa; Espainiako Superkopa; Italiako Kopa; Frantziakoa... irabazi dituzte azken urtebetean. Gainera, jokalari gehienak beren sorterriko selekzioarekin aritzen dira, eta Bartzelonan, Real Madrilen, Atletico Madrilen, Juventusen, Milanen, Roman, Inter de Milanen, Napolesen, OL eta lehen mailako beste hainbat nazioarteko taldetan jokatzen dute.

Euskal jokalaririk ordezkatu al duzu sekula?

Bai, noski. Realeko eta Athleticeko hainbat jokalarirekin egin dut lan, baita Betisen, Valentzian nahiz Deportivon jokatu duten euskal futbolari batzuekin ere. Horrez gain, Eibarrekin eta Alavesekin ere egiten dugu lana. Talentu handia dago Euskal Herrian, eta uste dut gakoa zera izan dela: euskal gizarteak aspalditik sinesten du aukera berdintasunean, eta hori nabaritu egin da futbolean. Athleticek eta Realak horri esker lortu dituzte hainbat titulu, askoz ere aurrekontu handiagoa duten klub handien aurka jokatuta.

Zein da futbolarien ordezkari baten lana?

Futbolarien kirol ibilbideko konfiantzazko pertsona da ordezkaria. Futbolariarekin harreman oso estua izaten dugu, baina horretan eragina du norbere izaerak eta bi aldeen arteko feelingak. Ez dugu soilik kirolari horien ibilbidea kudeatzen, haien emozioak ere kudeatzen ditugu, une onetan nahiz txarretan.

Jokalariei zer eskaintzen diezue?

Dena. Kirol kontratuen negoziazioa, kirol aholkularitza, publizitate kontratuak, babesleak, egunerokoaren kudeaketa, lege aholkularitza, aholkularitza fiskala, inbertsioak, erosketa handiak, oporrak, familien laguntza eta arreta... Dena esan dut, eta halaxe da. Lehen mailako jokalariak dira, eta horrek asko exijitzen du; horregatik, kalitatezkoa, konpromisozkoa eta profesionala izan behar du jokalari eta agente binomioak.

Zer da zure lanari lotuta gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Gehien gustatzen zaidana da ekintza bakoitzak berehalako erantzuna duela, eta horrek menpekotasuna sortzen du. Badakizu ondo eginez gero berehala jakingo duzula emaitza, baina baita deskuidatzen zarenean ere. Emakumeen futbolagatik gauza asko sakrifikatu ditut bizitzan; izan ere, Azpeitian bizi nuen egoera erosotik atera egin nintzen, kooperatibista nintzen enpresatik alde egin nuen, lagunak galdu ditut, familia ere bai... Hori guztia galdu dut dudan denbora guztia futbolari eskaintzeko eta emakumeen futbolaren munduan arrastoa uzteko. Baina, egia esan, ez naiz ezerekin damutzen. Beraz, egiten dudan lanak ez du gustatzen ez zaidan alderik; miretsi egiten dut.

Coca eta Planas Misa Rodriguez Real Madrileko jokalariarekin. (Utzitakoa)

Emakumeen futbolean gauzak asko aldatzen al dira herrialdetik herrialdera?

Bai, bai, ikaragarri, gizonen futbolean bezalaxe. Ez da gauza bera New Yorken, Erroman edo Sevillan [Espainia] jokatzea. Gainera, kluben exijentzia maila, soldatak, bizi maila eta fiskalitatea aldatu egiten dira toki batetik bestera.

Duela bi urte inguru, Espainiako Emakumeen Lehen Mailako jokalariek jakinarazi zuten beren lan baldintzak hobetzen ez baziren grebara joko zutela. Zerbait aldatu al da ordutik hona?

Zoritxarrez, Espainian egin diren aldaketa positiboak oraindik ez dira nahikoa. Gainera, hainbat pauso eman dira atzera. Arazo larria dugu gaur egungo Espainiako emakumeen futbolaren kudeatzaileekin. Modan dago genero berdintasunaren eta feminismoaren alde egitea, baina benetako ordua iristen denean, aurrerapausoak gutxi izaten dira, batere ez direla egiten ez esatearren.

Zein izan dira aldaketa positiboak?

Orain arte existitzen ez zen hitzarmen kolektibo bat egin da, eta hori garrantzitsua da. Txarrena da hitzarmenaren barruan futbolariei zuzenean eragiten dieten hainbat klausula txertatu dituztela. Protagonistak futbolariak dira, eta asko ez dira horrekin jabetzen oraindik ere. Tristea da: klausula horiek futbolarien sindikatuek defendatu dituzte, baina sindikatu horiek emakume futbolarien interesak defendatu behar lituzkete. Beren buruari mesede egitea hobetsi dute, helburu politikoengatik eta ekonomikoengatik.

Emakumeen futbolak zer behar du aurrera egin dezan?

Oraindik ikaragarri dago egiteko, baina jende profesionala behar du, anbiziotsua eta proiektu errealak dituena. Nik 11 urte daramatzat inbertitzen eta berrinbertitzen, baina badira berehalako etekina nahi dutenak ere, eta horrek sortzen dituen presak enpresen, kluben nahiz erakunde publikoen artean tirabirak eta tentsioak eragiten ditu.

Egiteko dagoen horri erreparatuta, zer rol duzue ordezkariok?

Gure lana da jokalariei ahalik eta zerbitzu onena ematea. Unik Sports Managementek emakumeen futbola hazten laguntzen du; izan ere, federazioei, klubei nahiz enpresei beren emaitzak hobetzen eta sozialki hazten laguntzen diegu. Gainera, emakumeen futbolean inbertitu nahi duten eta beren markaren balioak emakumeen futbolarekin lotu nahi dituzten enpresekin ere egiten dugu lan.

Emakumeen futbolean lanean hasi zinenetik, zenbat aldatu dira gauzak?

Izugarri aldatu dira. Gogoan dut futbolari baten kontratua negoziatzera joan nintzen lehen aldia. Klubeko ordezkariek harrituta begiratzen zidaten, futbolariak FIFAko agente bat zuelako eta ez zelako futbolariaren aita edo senitartekoa. Gaur egun, klubek nahiago dute agenteekin negoziatzea, askoz ere errazagoa delako formazioa duten bi alderen arteko negoziazioa gauzatzea eta bi aldeen interesakuztartzea.

Zer helburu dituzu aurrera begira?

Gertutik bizi izan dut gizon futbolarien agenteek nola aldatu duten futbolaren industria, hala nola Mino Raiolak, Jorge Mendesek eta Pini Zahavik. Emakumeen futbolean gauza bera gertatzea nahi dut, eta horregatik sartu naiz munduko agente garrantzitsuenek osatzen duten The Football Forum (TFF) elkartean. Raiolarekin eta Mendesekin kudeatzen ditut gauzak, eta emakumeen futbolarentzat aterabideak eta baliabideak bilatzen saiatzen naiz. Niretzat izugarrizko ohorea da elkarte horretako kidea izatea eta futboleko benetako protagonistak nola babesten ditugun eta haiei nola laguntzen diegun ikustea. Epe luzera begira, berriz, helburua argia da: futbolaren industriako kide guztiok norabide berean arraun egitea. Horrela baino ez dugu lortuko futbola behar duen mailara eramatea, genero bereizketarik gabe.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide