Klik!

Ilustrazioaren magia

Maialen Etxaniz 2021ko aza. 2a, 09:04

Marrazkiak han eta hemen egiten ditu Iban Izagirrek. Ilustratzailea da, eta sormenari tiraka, hainbat euskarritara eraman du bere zaletasuna. Irudi errealistak nahiz irudimenez jantzitakoak egiten ditu, horietako batzuk paperean, beste asko bestelako mihiseetan. Irudimenak eta gauza berriak probatzeko grinak ate berriak ireki dizkio azpeitiarrari. Klik! argazki erreportajean ikus daitezke haren lanaren ale batzuk, 2021eko urriko Uztarria aldizkarian.

Marrazki digitala

Iban Izagirrek ilustrazioko goi mailako heziketa zikloa ikasi zuen Gasteizko Arte Eskolan. Han ikasitakoak Landa estudioan jarri zituen praktikan, Erein argitaletxearen eskutik. Orduz geroztik, askotariko proiektuetan murgilduta ibili izan da azpeitiarra. Sormena da Izagirreren irudimenaren motorra, baina Euskal Herriko ilustratzaileen lan aukerak "murritzak" direla iritzita, bere kasa gauza berriak probatzen aritu da azken urteetan. Ordenagailua da gaur egun gehien erabiltzen duen tresna, bertan sortutako irudiak beste hainbat euskarritara eramaten baditu ere. Animazioarekin aurreneko saiakerak egitera ere ausartu da.

Horma irudiak

Asko eta askotarikoak dira irudigile azpeitiarrak egindako horma irudiak. Gogoan du aurreneko muralak gaztetxeetan eta herri mugimenduentzat egin zituela. "Ondoren hasi ziren enkarguak iristen", kontatu du. Saltokietan, parkeetan, frontoietan... egin izan ditu muralak. Azpeitiko Xaguxatar parkeko horma irudia, esaterako, Izagirrek eta Iñigo Bordak egindakoa da. Irudian, Izagirre Andoaingo (Gipuzkoa) Ondarreta ikastetxean murala egiten.

Eskuzko lanetan, fin

Ordenagailuan ez ezik, eskuz ere egiten ditu marrazkiak: posterrak, koadroak, pegatinak... Baina horren ohikoak ez diren euskarrietan ere aritzen da; esaterako, egurrezko oholen gainean. Apaindu daitekeen edozer gauza apaintzen du akuarelekin, pintura akrilikoekin, espraiekin... Era guztietako marrazkiak sortzea du atsegin, edozein euskarritan. Irudian, Artzabal baserrirako lan bat egiten.

Detaileen xehetasuna

Izagirrek asko zaintzen ditu xehetasunak eskuz sortzen dituen irudietan nahiz marrazki digitaletan. Horretarako margo, pintzel eta pintzelkada desberdinak erabiltzen ditu. Irudian, akuarelekin eskuz egindako txori bat.

Tatuajeen munduan murgilduta

Duela urte gutxi bide berri bati ekin zion Izagirrek. Hain zuzen, tatuajeen munduan murgiltzea erabaki zuen, arlo hori "indarrean" zegoela ikusita. Aurrez inoiz halakorik egin gabe zegoen arren, probatzea erabaki zuen, eta gustatu egin zitzaion. Beraz, tatuatzaile izateko beharrezko baimenak lortu eta horiek egiteari ekin zion. Lagunei eta ezagunei tatuajeak eginez trebatu zen, eta Keizpe estudioa ireki zuen ondoren. Gaur egun, tatuatzaile profesionala da, nahiz eta berak ilustratzailetzat duen bere burua. "Jendearekin harremanak izateko eta haiek zure lana begiko dutela sentitzeko aukera ematen du tatuajeak. Hori da alderik onena. Dena den, ardura handiko lana da", dio.

Serigrafiaren zale

Serigrafia izan da azpeitiarrak probatu duen beste tekniketako bat; gehienbat oihalean inprimatzen ditu irudiak. Sortutako marrazkiak diseinu gisa erabiliz, poltsak, jertseak, kamisetak... serigrafiatzen ditu bere tailer txikian. Kolore bakarreko tintarekin nahiz kolore gehiagorekin sortzen ditu irudiak.

Marrazkiz jantzitako literatura

Marrazkilari eta tatuatzaile ez ezik, idazle lanetan ere aritutakoa da Izagirre. Lan editorialaren barruan, umeentzako nahiz helduentzako proiektuak egin ditu. Trapu zaharrak izan zen berak diseinatu, idatzi eta ilustratutako aurreneko lana. Haren ondotik plazaratu zituen Berrikuntzak zirku ttipian eta Pottokok gaupasa egin du izeneko liburuak. Azpeitiari lotutako lanak ere egin ditu. Esaterako, Izagirreren irudiek ilustratzen dituzte Azpeitia ezagutzen unitate didaktikoa edo Lagun Onak futbol taldearen Izen eta izan ipuina. "Ipuinak ilustratzearen alderik onena lanerako independentzia da. Baina, aldi berean, lan bakarti xamarra da", dio.

Skateak, mihise

Patineteak koadro ere bihurtu ditu. Duela bost urte inguru otu zitzaion ilustrazio digitalak eta akuarelaz egindakoak patineteetan jartzea, eta emaitzarekin gustura gelditu zenez, horiek sortzen jarraitzen du gaur egun. "Oso kirol ikusgarria delako eta kaleko kultura gogoko dudalako gustatzen zait skatea. Taulak apaintzea skateari egindako omenaldi moduko zerbait da. Gainera, ondo gelditzen dira hormetan zintzilik", kontatu du. Marrazkiak egiteko ezohiko euskarria da, eta hori da Izagirrek atsegin duena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide