Erretratua

Iraia Bereziartua: "Deskonektatzea nahi dudanean, gustuko dudan musikara jotzen dut"

Mailo Oiarzabal 2021ko aza. 6a, 12:49

Plazandrearen definizioarekin ez da identifikatzen, baina ia bizi osoa darama Iraia Bereziartuak agertokietan, etxekoetan zein urrutikoetan, handietan eta txikietan. Ia bizi osoa, eta ia beti biolina eskuetan, hari estilo anitzetako doinuak atereaz. Musikak bizi du eta musikatik bizi da, hasi zenean horretara iritsiko zela asko uste ez bazuen ere. Berea da Erretratua 2021eko urriko Uztarria aldizkarian.

3 urterekin hasi zen Iraia Bereziartua (Azpeitia, 1988) biolina jotzen, eta gaur arte. "Ahizpak jotzen zuen, eta inbidia. Nik uste hori izan zela". Horrela azaltzen du txiki-txikia zela musika instrumentu horri eutsi izanaren arrazoia. Dena dela, Bereziartua-Agirre sendian musikak eta musika ikasketek izan duten garrantziaren erakusle ere bada hain txikitatik musikara bideratu izana. "Etxean musika ikastera bultzatu eta lagundu izan gaituzte".

Musikari lotuta dituen lehen oroitzapenek jendaurreko lehen agerraldiekin dute zerikusia. Gogoan du bere lehen agerraldia. Enparan dorretxean izan zen, biolina ikasten hasi eta hilabete gutxira. "Aretoaren bukaeraraino joan behar nuen, azken atrilean nintzen eta. Baina ahizparen ondoan gelditu nintzen, eta hark alde egiteko esan zidan, joateko nire lekura. Ez nago seguru horrela izan al zen ere, baina nik horrela gogoratzen dut", kontatu du, barrez. "Urduri egongo nintzen", dio, eta gaineratu du: "Agian momentu txiki bat besterik ez zen izan". Jendaurreko lehen aldi hartako estuasun unearekin batera, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen ETB1eko saioan parte hartu zuenekoa ere gogoan dauka. Kasu horretan, gainera, ez dauka bere oroitzapenen egiazkotasunarekin zalantzarik, pasartea bideoan gordeta dauka eta. 5 urte zituen orduan, eta ahizpa zaharrenak eta biek jo zuten biolina saioan. Plato hartan ere izan zuen estuasun momentu txiki bat Bereziartuak. "Jotzea bukatu genuenean, Txirrik esan zuen: 'Saria merezi dute, ezta?'. Ni poz-pozik nengoen, eta derrepente, esan zuen: 'Beno, publikoari galdetuko diogu'. Eta ni, orduan, zeharo urduri jarri nintzen, erabat kezkatuta, saria emango ote ziguten ala ez". Barrez hasi da berriro, mugikorrari so, orduan jarri zuen aurpegiari begira.

Harrezkero makina bat agertoki zapaldu ditu azpeitiarrak. Hala ere, plazandre petoa denik ez du uste. "Berez lotsatia" dela dio, eta momentuaren eta emanaldiaren arabera lasaiago edo urduriago aritzen dela: "Ezagutzen dut eszenatoki batera igotzeko gai ez den jendea, eta ni, berriz, txikitatik aritu izan naiz jendaurrean. Orduan, ez dakit plazandrea naizela esan daitekeen, baina bai, hori da nire lana".

Bereziartua eta ahizpa ETB1eko pailazoen saioan, opariak eskuetan dituztela. (Utzitakoa)

Mundu berri bat

Denbora-pasa hasitakoa pasio, eta pasioa ogibide bihurtu zaio Bereziartuari, baina ez zen berehalakoan jabetu musikari profesionala izatea aukera bat izan zitekeela beretzat. Irakasle ikasketak alde batera utzi, eta musika ikasteari ekin zion 17 urterekin. "Ez nintzen kontziente, ez zitzaidan burutik pasatzen hori egitea zegoenik. Ez bada familiakoek bultzatzen zaituztela edo bide hori egin duen lagunen bat gertu duzula, inork ez zaitu horretara bideratzen, ez daukazu informaziorik ere. Musika hobby gisara hartzen da, ez gerora hortik bizitzeko aukera bezala", azaldu du.

Unibertsitatean irakasle ikasketei ekitearekin bat hasi zen Bereziartua Donostiako kontserbatoriora joaten, bi ikasketak aldi berean egiten. "Musika ez lagatzeagatik, eta, ahal baldin banuen, titulu ofizialen bat ateratzeko" hasi zen kontserbatorioan. Han, ordea, mundu berri bat ezagutu zuen; musikaren bidetik zer eta zenbat aukera izan zitezkeen ikusi zuen gertutik. "Eta gustatu egin zitzaidan". Musika ikastea aukeratu eta musikari izateko helburuarekin lanean ari zen bere adineko jendea aurkitu zuen azpeitiarrak kontserbatorioan, eta horrek "asko erraztu" zion unibertsitatean hasitako ikasketak utzi eta buru-belarri musika ikasketei heltzeko erabakia. "Jada ez nengoen bakarrik", dio.

Musika, lan eta zaletasun

Eztake, Inharrak, Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, hainbat kolaborazio, ikuskizun, emanaldi... "Gauza desberdinak egitea" gustatzen zaio musikari azpeitiarrari, askotariko estiloak lantzea eta probatzea. "Beti estilo bakarrean ibiliz gero, ez dakit aspertu egingo nintzatekeen, baina bai esan dezaket ez litzakeela hain interesgarria izango".

Biolina da 'bere' instrumentua, baina biolontxeloa, biola eta pianoa –"azken hori derrigorrezkoa da goi mailako musika ikasketetan"– ere jotzen ditu, baita bateria ere, aspaldian "lagata" dagoen arren. Eta, orain, kontrabaxuarekin hasi da.

(Alberto Beloki)

Azpeitiko eta Getariako musika eskoletan irakasle da Bereziartua. Biolina eta biolontxeloa irakasten ditu, eta 7 urtekoei musika hastapeneko eskolak ematen ere hasi da. Hirugarren adinekoekin ere egiten zuen lan, baina momentuz etenda dituzte eskola horiek, "COVID-19agatik". Gainerakoan, "adin guztietako ikasleak" ditu, haur, gazte zein heldu.

Igeriketan ibili izan da oraintsu arte, "eta oso gustura, bereziki, igeriketako taldekideekin". Mendira ez da "gehiegi" joaten, baina pasierak gustuko ditu. Irakurzalea da, eta puzzleak egitea ere asko gustatzen zaio. Lagunekin ibiltzea da oso gustura egiten duen beste kontua, baina aukera hori nahi baino gutxiagotan izaten duela dio, lana eta ordutegiak tarteko.

Horiek dira lanetik eta musikatik kanpo dituen zaletasunak, baina horrek ez du esan nahi musika lanerako bakarrik gordetzen duenik. "Musika hobbya ere" bada Bereziartuarentzat. Interpretatzerakoan bezala, entzuterakoan ere musika estilo desberdinak probatzea gustatzen zaio. "Etxean, hori bai, normalean aurretik ezagutzen dudan musika entzutea gustatzen zait, gehiago kostatzen zait musika berria entzutea. Deskonektatzea nahi dudanean, gustuko dudan musikara jotzen dut", zehaztu, eta "Anari asko" entzuten duela gaineratu du. Orain arte jo dituen piezen artean, Txaikovskiren biolinerako kontzertua da beretzat kutunena klasikoen artean.

Ikasturte hasi berrira egokitzen eta pandemiaren geldialdiaren lozorrotik esnatzen ari da Bereziartua. Oiasso Kamerata sokazko orkestrarekin emanaldiak egiten dabil azkenaldian, geldialdiaren aurretik martxan zituen beste proiektu batzuk zertan diren edo izango diren argitu bitartean, eta aurrera begira proiektu berri batean murgiltzeko prest da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide