Atzera begira

Azpeitiarrak Oktoberfesten

Nora Alberdi 2021ko urr. 31a, 17:00

Kepa Urbieta (behatz potoloa goraka duela) eta lagunak, Bavariako jantzi tradizionalak soinean, 2004ko Oktoberfesten. (Utzitakoa)

Badira Alemaniako Munich hiritik oso hurbil egiten den Oktoberfest garagardoaren jaira joan diren zenbait azpeitiar. Iñigo Agirre eta Meliton Santesteban 1981. urtean joan ziren elkarrekin, eta Kepa Urbieta, berriz, 2014. urtean beste hiru lagunekin. Hango bizipenak ekarri dituzte Atzera begira atalerako, 2021eko urriko Uztarria aldizkarian.

Duela 40 urte, Santestebanen Ford Fiesta zaharrean sartu eta han abiatu ziren Agirre eta biak garagardoaren jaia egiten den hirira. "Lehenik Atotxan Reala ikusi genuen, eta partida amaitu zenean, bidaiari ekin genion. Garai hartako mapa baten laguntza izan genuen", dio Agirrek. Herrialde batetik bestera igarotzeko, autoaren atzealdean bi traje zintzilik jarri zituzten, horrela mugak pasatzeko erraztasun handiagoa izango zutelakoan. Urbietak eta haren lagunek, berriz, futbola aitzakia hartuta egin zuten Munichera bidaia, asteburu hartan Oktoberfest ospatuko zela jakitun. Bayern Munichen partida baterako sarrerak lortu zituzten, eta orduan Xabi Alonsok jokatzen zuen taldearen partida ikustera joan ziren. Guztira, lau lagun animatu ziren, eta han bizi zen azpeitiar batekin ere elkartu ziren. Hiru egun egin zituzten hirian, ostiralean abiatu eta astelehenean buelta, duela zazpi urte, 2014. urtean.

Munichetik ordu erdi ingurura dagoen lur eremu zabal batean egiten da Oktoberfest; karpak muntatzen dituzte han, festak irauten duen asteetarako. Barruan musikariak, dantzariak, zaldiak, zirkua... denetarik topa daiteke. Santesteban eta Agirre joan ziren garaian egurrezko etxoletan egiten zen jaia. Karpa haietako bakoitza garagardotegi batena zen, eta haietan, mundu guztiko jendearekin egin zitekeen topo, batez ere, gazteekin.

"Izen horrekin, guk uste genuen urrian egingo zela jaia, baina ez, urriko lehenengo igandean bukatu egiten da. Egia da informazio askorik gabe joan ginela. Bertan au pair  lanean zebilen euskaldun batekin elkartu ginen, eta asko lagundu zigun hark", azaldu du Agirrek. Santesteban eta Agirre aste barruan joan ziren Alemaniara. Oktoberfest egiten den eremura joan aurretik, Munich ezagutzen pasatu zituzten zenbait egun, eta frantsesa eta ingelesa oso gutxi kontrolatzen bazituzten ere, "eskuekin keinuak eginez" ez zuten arazorik izan bertakoekin harremanak izateko.

Eskerrak gizon hari

Urbietak eta haren lagunek, berriz, asteburua pasatu zuten Alemanian. Larunbatean, Munich ezagutzeko aprobetxatu zuten eguna; arratsaldean futbol partida ikustera joan ziren, eta handik Oktoberfestera: "Partida amaitu ostean, jende ugari zegoen trenera igo nahian, eta guk justu-justu lortu genuen sartzea. Gu sartu eta gutxira, beste gizon bat iritsi zen, eta segurtasunekoei adarra jotzen hasi zen. Gizona hizketan hasi zitzaigun, eta hasieran kasurik ez geniola egingo erabaki genuen. Baina, halako batean, lagun batek esan zuen gizonak jakinarazi ziola, sarrerarik ez bagenuen, ezingo genuela garagardoaren festara sartu. Nahi bagenuen berarekin joateko eta sartuko ginela esan zion lagunari. Guk barre egin genuen". Badaezpada gizonarekin hitz egiten jarraitzea erabaki zuten, eta ondoren, hari segitzea, ez zutelako jaia non egiten zen arrastorik.

Azkenean, berarekin sartu ziren. "Gizonaren atzetik gindoazela, hainbat karpa pasatu eta gero, izugarrizko ilara zegoen batera sartzea erabaki genuen. Ilara osoa pasatu eta segurtasunekoarekin hitz egitera joan zen gizona. Handik gutxira, barrura sartu zen, eta gu ilararen atzean gelditu ginen. Bost minutura, karpatik atera eta gugana etorri zen, eta ilaran gure aurretik zeudenak baino lehenago sartzeko aukera izan genuen. Gainera, barruan mahai bat genuen guretzako gordeta. Zorte handia izan zen gizon harekin topo egitea; hari esker ezagutu genuen benetako giroa. Hura aurkitu izan ez bagenu, ez dakit zer egingo genukeen Oktoberfestera sartzeko. Orain ere ez nuke jakingo karparako sarrerak nola hartu behar diren edo zer egin behar den. Garai hartan ezer begiratu gabe joan ginen, Euskal Herrian egiten diren garagardo jaien antzekoa izango zelakoan", esan du Urbietak.

Meliton Santesteban eta Iñigo Agirre. (Nora Alberdi)

Municheko kanpina

Santestebanek eta Agirrek Munich kanpoaldean kokatzen zen kanpin batean pasatu zituzten hirian igaro zituzten gauak. Lehen egunean kanpina ezin aurkituta ibili zirela kontatu dute. Taberna batera sartu ziren, han laguntza eskatzeko asmoz, eta jabeak turkiarrak zirela ohartu ziren. "Gu lasai-lasai sartu ginen barrura, eta garagardo bat eskatu genuen. Gero, keinu bidez, kanpina non zegoen galdetu genien, eta mapa batekin, nola edo hala lortu genuen hara iristea". Handik bi egunera, Oktoberfestetik bueltan, gaueko ordu txikietan, kanpina ezin aurkituta ibili ziren berriro ere. "Gizon batekin egin genuen topo, eta hari galdetu genion kanpina non zegoen. Hark esan zigun beste puntan zegoela; hegoaldean bageunden, iparraldean zela. Hain galduta ikusi gintuenez, berari jarraitzeko esan zigun, eta kanpineraino eraman gintuen", azaldu du
Santestebanek.

Beste egun batean, berriz, kanpinera heldu eta kanpin denda ezin aurkituta ibili ziren. Hala, bat alde batetik eta bestea bestetik joatea erabaki zuten, eta gero ezin elkar topatu. Santestebanek halako batean aurkitu zuen Agirre, ordubete bueltaka ibili ostean. Heldu zenean, laguna kanpin denda barruan zegoen lo.

Txundituta

Hiru azpeitiarrak txundituta gelditu ziren Oktoberfest kokatzen den eremuaren dimentsioarekin eta bizpahiru asterako egiten duten muntaiarekin. Urbietak dioenez, karpa batetik ateraz gero, oso zaila da beste batean lekua topatzea. "Gogoan dut nola geunden gu, lau lagun, eta beste lau neska zortziko mahai batean. Atzean, berriz, Kanadako mutil batzuk zeuden. Haietako bat gugana hurbildu zen, eta ez baginen mahaitik joaten indarrez aterako gintuztela esan zigun. Tentsio pixka bat izan genuen, baina guk ez genion kasurik egin. Handik gutxira, haietako batek izugarrizko mozkorra harrapatu eta segurtasunekoak kanpora bota zuen; haren atzetik joan ziren gainerako guztiak".

Garagardo festa erraldoian musikarik ez da falta izaten jaia girotzeko. Agirre eta Santesteban joan ziren urtean Los Pajaritos abestia oso modan zegoen, eta Oktoberfesten bertan ere entzun zutela dio Santestebanek: "Abesti harekin zoratu egiten ziren denak". Dena den, Alemaniako dantzak eta soinuak entzuteko aukera ere izan zuten Urbietak eta haren lagunek. "Bazen han denek ezagutzen zuten abesti bat. Musika banda kanta hura jotzen hasten zen aldiro, jendea mahai gainera igo eta kantuan hasten zen. Guk ere ikasi egin genuen azkenerako", gogoratu du.

Santestebanek eta Agirrek zaila ikusten dute esperientzia berriro errepikatzea: "Batzuetan esaten dugu erdi brometan berriro joango garela, baina dugun adinarekin, ez litzateke gauza bera izango. Pena da orduko argazkirik ez edukitzea. Kamera analogiko batekin atera genituen argazkiak, baina goiz batean, karretea kamera barruan zegoela bueltak ematen hasi zen, eta zerbait arraroa gertatzen zitzaiola konturatu ginen. Kamera ireki genuen eta argazki guztiak pikutara joan zirela ohartu ginen". Urbietak dio lagunartean komentatu izan dutela haurrak koskortzen direnean berriro joango direla bidaiaren bat egitera, baina "beste hiri batera", jada Munich ezagutzen dute eta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide