Jon Eletxigerra: "Ikusgaitasuna emateko balio izan digu sari honek"

Gipuzkoako Hitza 2021ko urr. 21a, 10:13

Jon Eletxigerra.

Azpeitiko Udalaren Joxe Takolo beka irabazita, Aixa Ibarrengo lurpeko sistema kartografiatzen eta aztertzen aritu da Felix Ugarte elkartea asteburuan. Hemezortzi espeleologok hartu dute parte proiektuan. Olatz Enzunzak Jon Eletxigerra elkarrizketatu du Gipuzkoako Hitzarako.

Azpeitiko Udalaren 2021eko Joxe Takolo beka irabazi ondoren, Izarraitz mendiguneko barrunbeak ikertzen igaro dute asteburua Felix Ugarte elkarteko kideek. Horietako bat da Jon Eletxigerra (Donostia, 1991), eta, haren hitzetan, “oso esperientzia polita” izan da asteburuan izandakoa. Izarraizko lurpeko altxorraren bila izena du proiektuak, eta, haren bitartez, frogatu nahi dute Itziarko (Deba) lurretan dauden zenbait kobazulo elkarrekin konektatuta daudela.

Aixa Ibarrengo lurpeko gunea kartografiatu duzue hemezortzi espeleologok. Zer-nolako esperientzia izan da?

Oso ona. Lan asko egin dugu, eta asko nekatu gara, baina espeleologo moduan amets bat bezalakoa izan da. Kobazuloa oso sakona denez eta iristeko zailak diren lekuetara heldu nahi izan dugunez, denbora asko aurreztu digu zenbait egun kobazulo barnean igarotzeak.

Zuen hipotesien arabera, Aixa, Ibarrengo, Pagatza eta Ermittia kobazuloak lotuta daude elkarrekin. Nolatan?

Kobazuloz josita dago inguru hau, eta gure susmoa da sistema beraren parte direla kobazulo horiek, eta, ondorioz, konektatuta daudela. Gainera, zenbait lotura ikusten ditugu elkarren artean eta horrek adierazten digu harremanetan egon daitezkeela. Hala ere, ez dugu lortu konexio horiek gauzatzerik, eta, oraingoz behintzat, ez dugu bide argirik lotura horien inguruan. Lanean jarraitu beharko dugu.

Zer ekarpen egingo luke aurkikuntza horrek?

Ingurunearen ezagutzan sakontzeko aukera emango liguke. Hau da, oinarrizko ezagutza bat lortuko genuke, eta hori ezinbestekoa da gure ikerketetan aurrera egin ahal izateko. Ezagutzen ez dugun hori ezin dezakegu babestu; hortaz, beharrezkoa da halako ikerketak egitea, lehen mailako ezagutza hau sortzeko eta horretan sakontzeko.

Elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide