EH Bilduko legebiltzarkidea

Mikel Otero: "Energiaren erabilera da klima aldaketa eragiten duen agente nagusienetako bat"

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 19a, 09:36

Mikel Otero, EH Bilduko legebiltzarkidea.

Azpeitiko EH Bilduk antolatuta, Krisi ekologikoa eta etorkizuneko energia izeneko hitzaldia eskainiko du Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak gaur (19:00) Sanagustin kulturgunean. Besteak beste, puri-purian dagoen energia ereduaren gaia izango du hizpide Oterok, baina baita horri lotutako beste auzi batzuk ere. Esaterako, krisi ekologikoaz, trantsizio energetikoaren erronkez eta kanpoko enpresengan Euskal Herriak duen menpekotasunaz mintzatuko da legebiltzarkidea. 

Energiaren krisiaz eta aurrera begirako aukerez arituko zara gaur Azpeitian. Zer da energiaren krisia? Zerk eragin du?

Energiaren krisiaz arituko naiz, bai, baina gustatzen zait fokoa pixka bat zabaltzea. Hori dela eta, krisi ekologikoaz ere mintzatuko naiz. Krisi ekologikoak zera esan nahi du: planetaren berkargatzeko ahalmenaren edo gaitasunaren gainetik ari garela kontsumitzen. Horrek krisi ekologiko orokortua dakar. Horren adierazle nagusiak dira, esaterako, biodibertsitatearekin edo klima aldaketarekin dagoen krisia. Ondorioa da iraunkortasunik gabeko sistema batean bizi garela, eta iraunkortasun hori lortzeko planifikazioa egin behar dugula, gure sistema sozial eta ekonomiko guztian. Auzi horrek energiaren gaian arreta jartzera garamatza. Energiaren erabilera da klima aldaketa eragiten duen agenterik nagusiena, eta, esan daiteke, beste albo krisi batzuen bidegurutzea ere badela. Gaur egun, oraindik orain, baliabide fosilak agintzen dute sistema energetiko osoan. Hori dela eta, trantsizio azkar bat egin behar da sistema berriztagarri batetara. Kontua ez da, ordea, ordezkapenak egitera mugatzen; kontsumo joeretan eraginkortasuna bilatu behar dugu. 

Argindarraren prezioaren igoerak eta “pobrezia energetikoak” jarri dute, beste behin, mahai gainean energia ereduaren gaia. Ertz asko dituen auzia da hori. Zein da gaur egungo egoeraz egiten duzun irakurketa orokorra?

Argitzen zailak diren gai ugari daude oraindik. COVID-19aren krisiak geldialdi ekonomia eragin du, eta orain ekonomiaren berreskuratze fasean sartu gara. Hori dela eta, mundu mailan eskari handia dago, bai materialena bai energiarena. Beraz, arazo batzuk daude eskaria eta eskaintza lotzeko. Energia ekoizleen aldetik eskaintza falta dago. Horrek ekarri du energia iturri nagusienen garestitze orokorra nazioarteko merkatuetan, eta horrek eragin ditu petrolioaren, ikatzaren eta, besteak beste, gas naturalararen prezioen igoera. Horrek erantzun ahal dio, alde batetik, ekonomiaren egoera koiunturalari, baina, bestetik, sumatu daiteke energia fosilen agortze zantzuak egon daitezkeela. Oraindik ikusteko dago gai horrek nola eboluzionatuko duen. Batzuek diote konponduko den arazoa dela, baina ikusteko dago oraindik. Kontuak kontu, baliabide fosilak mugatuak dira. Beste arazo bat ere badago: elektrizitate merkatuan prezioak nola finkatzen diren begiratu behar da; prezioen finkatze sistema hori da elektrizitatearekin dagoen krisia ulertzeko gako nagusia.   

Enpresa elektrikoen gehiegikeria edo elektrikek hasitako gerra aipatu izan dituzue. Zer dago auzi horren atzean?

Sistema marjinalista batzuetan gaude, ez bakarrik sistema Iberikoan, baizik eta Europa osoan. Sistema marjinalistek agintzen dute eskariaren eta eskaintzaren arteko orekatze hori indarrean dagoen azken teknologiaren prezioaren arabera egin behar dela. Hau da, gasa garesti dagoenez, ziklo konbinatuko zentral termikoek oso garesti eskaintzen dute elektrizitatea. Horrek lotura zuzena du nazioarteko prezioekin eta CO2 isurien merkatuarekin, baina horrek ez du azaltzen zergatik den garestiagoa elektrizitatea oro har. Hau da, horrek ez du azaltzen zergatik den garestiagoa berriztagarrietatik datorren energia edo enpresa handietatik datorrena.... Izan ere, izatez, ez da garestiagoa, baina askoz garestiago ordaintzen ari gara. Horrek enpresa handientzako sekulako irabazi ilegitimoak edo ez bidezkoak dakartza. Beraz, uste dugu auzi horretan eta irabazi horietan erakundeek eskua sartu behar dutela. 

Zentzu horretan, Espainiako Gobernuak, bere aldetik, hainbat neurri hartu ditu azken hilabeteotan. Nahikoa direla uste al duzue? Zergatik? 

Ez da nahikoa inondik inora, eta laster ikusiko da hori. Espainiako Gobernuak eskua sartu du zilegi ez diren enpresen irabazietan, eta horren aurrean erreakzio bortitza izan dute elektrikek, badakitelako beraien gatibu garela. Izan ere, gaur egun energia elektrikoa oinarrizko beharra da gehiengoarentzat, eta badakigu argindarra ordaindu beharko dugula datorkigun prezioan. Hala ere, egoera horrek jende ugari uzten du energia erabiltzeko gaitasunik gabe. Aipatu bezala, Espainiako Gobernuak hartutako neurriak ez dira aski. Energiari lotutako pobreziaren tasak altuak baziren, adierazleek gorantz jarraituko dute datozen hilabeteetan. Espainiako Gobernuak neurriak hartu eta bizitza bermatzeko gutxieneko hornidura elektrikoa ezarri du. Gure ustez, neurri ona da, baina horrek ez die erantzungo arazoak dituzten sektore guztiei. 

Zuen aldetik, Ongizate Energetikoa Bermatzeko Legearen proposamena mahaigaineratu duzue. Zertan datza?

Hori da. Auzia Euskal Herriratuz eta politika sozialetan eskumenak izanik, duela hilabete batzuk aurreikusi genuen egoera hau, eta esan genuen ongizate energetikoa bermatzeko euskal administrazioak lege bat behar zuela izan. Lege horrek eskubide subjetibo bezala ulertuko eta aitortuko zuen energiaren gutxieneko erabilera eta, era betean, politika publiko-sozialetatik hori bermatuko zukeen. Legebiltzarrean atzera bota zuten proposamena. Gertatzen dena da gaur egun pobrezia energetikoarekin lotutako politika guztiak oso pobreak diren pertsonen minimoei erantzuteko pentsatuta eta bideratuta daudela, baina gertatzen ari dena da oso pobreen kategorian sartzen ez den jende asko ere ari dela arazoak izaten energia ordaintzeko. Lege hori ezarri bitartean, urgentziazko neurriak hartu behar direla ere uste dugu, eta, zentzu horretan, gizarte larrialdietarako bideratzen diren laguntzak handitu behar direla diogu, besteak beste. Mekanismo horiek aldatu behar dira, beharra duten pertsona guztiek dirulaguntza horietara jotzeko aukera izan dezaten. 

Diozue energia enpresa handietatik kanpo badirela arazoari erantzuteko beste eredu edo bide batzuk. Zein dira proposatzen dituzuen alternatibak?

Esaten duguna da badaudela bestelako mekanismo edo politika batzuk energiaren sistema eraldatzen hasteko, eta horiek argindarraren fakturan ere eragina izan dezaketela. Kontuan hartu behar da, eta hau oso garrantzitsua da niretzat, Euskal Herrian dugun subiranotasun faltak kontu praktikoetan eragin zuzena duela. Energia eskumenik apenas ez daukagu, eta hori arazo bat da politika desberdinak proposatzerako orduan. Dena den, gauza batzuk egin daitezke. Nahiz eta argindarraren prezioan interbentzio errazik ez izan euskal administrazioetatik, badaude erabil daitezkeen mekanismoak. Esaterako, autokontsumoa sustatzea edo komunitate energetikoak sustatzea. Horien bitartez lor dezakegu pixkanaka menpekotasun gutxiago izatea argindarraren prezioaren fakturazioarekin.

Administrazioek ere badute zeresana. Zentzu horretan, aurreko legealditik adostuta dugu jasangarritasun energetikoaren legea, 100 milioi euroko funtsa martxan jarriko lukeena. Oraindik ez da martxan jarri, eta interesgarria izan daitekeela uste dugu. Era berean, esploratzen hasi behar dugu energia merkaturatzaile publiko batek izan dezakeen rolaren inguruan. Uste dugu eragin onugarriak izan ditzakeela, politika eta eredu jasangarriak subentzioz laguntzeaz gain, merkatu kuotak kendu ahal dizkielako enpresa elektriko handiei. Izan ere, gaur egun enpresa elektriko handiek merkatu botere handia dute. Gaitasuna dute kate osoan eragiteko, ekoizpenetik eta garraiotik hasi eta merkaturatzeraino. Hala, prezioak artifizialki igotzeko aukera dute. Merkaturatzaile publikoen bitartez merkatu kuotak kentzen bazaizkie, horrek eragin positiboa izan dezakeela uste dugu. Arazoari erantzuteko neurri sorta handia dago, eta pixkanaka horiek martxan jartzea da proposatzen duguna.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide