'366 egun borrokan Euzkadiren alde' liburua aurkeztu dute Foru Ibilbideko erakusketa aretoan

Anartz Izagirre 2021ko urr. 19a, 20:26

Ione Zuloaga, Iñaki Goiogana eta Aitor Miñambres, '366 egun borrokan Euzkadiren alde' liburuarekin. (Anartz Izagirre)

Loyola batailoiko komandante izan zen Juan Beistegi eibartarraren oroitzapenak jasotzen ditu liburuak. Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoaren zuzendaria, Iñaki Goiogana liburuaren edizioaren koordinatzailea eta Ione Zuloaga Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea.

Munoaundi elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Sabino Arana fundazioarekin lankidetzan, Gerra Zibilaren inguruko hainbat ekitaldi antolatu ditu, eta horietako bat gaur, asteartea, izan da Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Hain zuzen ere, 366 egun borrokan Euzkadiren alde liburua aurkeztu dute gaur, Loyola batailoiko komandante izan zen Juan Beistegi eibartarraren oroitzapenak jasotzen dituen liburua. Ekitaldiko hizlariak hiru izan dira: Aitor Miñambres Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoaren zuzendaria, Iñaki Goiogana liburuaren koordinatzailea eta Ione Zuloaga Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea. Horrez gain, erakusketa aretoan izan dira Jon Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendaria eta Mireia Zarate Sabino Arana fundazioaren presidentea ere. Bestalde, ekitaldian parte hartzekoa zen Iñaki Anasagasti, argitalpenaren sustatzailea izan baita, baina kontu pertsonalengatik ezin izan du agertu; Beistegiren bost seme-alaba, ordea, bertan izan dira. Ekitaldia hasterako goraino bete da erakusketa aretoa.

Aurkezpenean azaldu dutenez, liburuan, besteak beste, Beistegik bizi izandako gertakariak kontatzen dira. Beistegik boluntario moduan eman zuen izena Euzko Gudarosteko Azpeitiko milizia nazionalistetan, 1936ko abuztuan; borrokan hasi zen Gipuzkoako frontean eta lurraldea galtzen joan zela ikusi zuen, arma eta munizio faltagatik. Fusilak heltzean frankismoaren aurrerapena geldiarazi zuten, eta horri esker, Eusko Jaurlaritza sortu zen. Horrez gain, Beistegik kartzelan emandako garaiak, eta kartzelatik atera ostean Francoren diktaduran bizi izandakoak ageri dira lanean, beste hainbat konturen artean. Liburua aurkeztu ondoren Miñambresek Beistegiren hainbat bizipen eta pasadizo kontatu ditu jendaurrean, eta, bestalde, Ione Zuloagak Gerra Zibila Gipuzkoan: Azpeitiko kasua gaia jorratu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide