Martxan da Gazte Kirol Programa, Eskola Kirolari "jarraipena emateko"

Anartz Izagirre 2021ko urr. 21a, 17:31

Azpeitiko Udaleko eta hiru ikastetxeetako ordezkariak izan dira Gazte Kirol Programaren aurkezpenean. (Anartz Izagirre)

Programa DBHko ikasleei zuzendurik dago, Lehen Hezkuntza amaitu ostean "hutsune" bat hauteman baitute federatua ez den kirolaren alorrean. Momentuz, hamasei pertsonak eman dute izena, baina oraindik ere zabalik dago izen ematea. Udaletxean aurkeztu dute egitasmoa gaur, osteguna, eta bertan izan dira udaleko nahiz herriko hiru ikastetxeetako ordezkariak.

Azaroaren 2tik aurrera martxan izango da Azpeitiko Udalaren Kirol Sailak bultzaturiko Gazte Kirol Programa. Gaur, osteguna, aurkeztu dute egitasmoa udaletxean, eta bertan izan dira Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburua eta Iraurgi Ikastetxeko, Urola Ikastolako eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ordezkariak. Egitasmoaren xede nagusia zein den azaldu du Arrutik: "Gure helburua da, alde batetik, Lehen Hezkuntza amaitu ostean ez bukatzea kirola edo jarduera fisikoa egiteko aukera, eta bestetik, jarraipena ematea Eskola Kirolari". Programa horren bitartez, DBHko gaztetxoek herrian zer-nolako kirol eskaintza dagoen jakitea eta beren kabuz edozein kirol egin nahi badute "gutxieneko oinarri batzuk edukitzea" lortu nahi da, jarduera fisiko hori "behar den bezala aurrera eramateko".

Arrutik nabarmendu duenez, azken urteetan hainbat forotan "behin baino gehiagotan" aipatu izan da "hutsunea" dagoela federatua ez den kirolaren alorrean, DBHra igarotzen diren ikasleen artean. Halaxe azaldu du Arrutik: "Lehen Hezkuntza amaitu ostean gaztetxoek ez dute kirol aniztasunean oinarritutako eskaintzarik izaten, eta Hezkuntza Mahaian nahiz Kirol Kontseiluan gai horren inguruan hizketan aritu izan gara". Kirol Kontseilua udaleko teknikariek eta herriko ikastetxeetako kirol koordinatzaileek osatzen dute, eta joan zen urtean Eskola Kirolean geldialdia egon zenez, hausnarketa fasea hasteko aprobetxatu genuen". Hala, LH6tik DBH4ra bitarteko gazte guztiei galdeketa egin zieten Gazte Kirol Programan parte hartzeko prest egongo liratekeen ala ez jakiteko. Erantzuna "oso baikorra" izan zela azaldu du Kirol batzordeburuak: "Espero genuena baino jende gehiagok esan zuen programan parte hartuko lukeela, eta Kirol Kontseiluak ikusi zuen erantzuna eman behar zitzaiola eskaera horri. Pixkanaka helburuak finkatzen eta dena antolatzen hasi ginen, programa nondik eta nola eraikiko zen erabakitzeko".

Herriko ikastetxeekin harremanetan jarri zen udala, eta programako hezitzaileak zentro guztietara joan ziren gaztetxoei haren nondik norakoak azaltzera. Ondoren, bilera bat deitu zuten gaztetxoentzat, eta han jasotako proposamenekin programa osatzeari ekin zioten. Gaur-gaurkoz, hamasei pertsonak eman dute izena, baina oraindik ere horretarako aukera irekita dagoela nabarmendu du Arrutik. Hiru aukera daude: azpeitigazteKP@gmail.com helbidera mezua bidaltzea, 943-81 30 69 telefonora deitzea edo Whatsapp mezua bidaltzea eta @gaztekirol Instagram kontura mezu bat bidaltzea. Gabonak arteko kuota hamabost euro ordaindu beharko da, baina Arrutik nabarmendu du udala prest dagoela zenbateko hori ordaintzeko arazoak dituztenei laguntzeko: "Horretarako, Kirol Sailarekin harremanetan jarri beharko dute interesatuek".

Hasteko, padela eta boleibola

Gazte Kirol Programaren lehen saioa azaroaren 2an, asteartea, izango da, eta gazteek hala eskatuta, padela izango da probatuko duten lehen kirola. Hain zuzen ere, azaroaren 2an, 9an eta 16an egingo dute kirol hori, eta kiroldegian elkartuko dira. Bestalde, azaroaren 23an 30ean eta abenduaren 14an boleibola egingo dute, baina oraindik ez dute zehaztu non izango diren saio horiek. Saioak astearteetan 19:00etan izango dira, eta ordu eta erdi iraungo dute. Arrutik nabarmendu duenez, "kirol desberdinak probatzea" da egitasmoaren helburua: "Nahien eta gogoen arabera joango gara programa moldatzen". Kirol batzordeburuak programan parte hartzera animatu ditu DBHko herriko ikasleak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide