Emakume helduen kontrako indarkeria izan dute hizpide gaur, asteartea, arratsaldean Baigerako aretoan. Gaia sakonean lantzeko solasaldia eskaini dute Sortzen aholkularitza zentroko Izaskun Solasgaitua psikologo eta generoan nahiz indarkeria matxistan adituak eta Oneka Euskal Emakume Pentsionisten plataformako kideek. Hitzaldia 18:00etan hasi da, eta jendez bete da aretoa hitzaldirako. Solasaldian zehar adineko emakumeek jasaten dituzten askotariko indarkeria moten inguruko datu ugari plazaratu dituzte hizlariek, baina datuez gain, emakume helduek jasaten duten indarkeriaren inguruko zenbait zertzelada mahaigaineratu dituzte. Era berean, gizarte kolektibo horretako emakumeen zenbait ezaugarri aipatu dituzte, hausnarketarako plaza irekiz.
Adineko emakumeenganako indarkeria "isildua" dela aipatu dute hizlariek, eta azpimarratu dute erakundeek ez dutela indarkeria hori ikusarazi edo ez dutela jakin modu eraginkorrean ikusarazten. Horren harira, andre helduen irudia zein subjetibitatea apenas kontuan hartzen edo aipatzen dela adierazi dute hizlariek, eta adierazi dute adin horretako pertsonen artean "handia" dela besteek zer esango dutenaren inguruan sortzen den estigma.
Gaur egun adinekoak diren emakumeak denbora luzez indarkeria jasan behar izan duten emakume kolektiboa dela gogorarazi dute, belaunaldi horretako pertsonek bizi zuten gerra garaiari erreferentzia eginez. Horrez gain, gaur egun, oraindik orain, familietan sortzen diren jarrerak eta erreakzioak izan dituzte hizpide, eta adierazi dute horietako asko "erreakzio kontserbadoreak" izaten jarraitzen dutela.
Halaber, emakume helduen artean indarkeria sexuala "are eta ezkutuago" gelditzen dela aipatu dute, "belaunaldi horretako emakumeen artean ez delako gaiaz apenas hitz egiten". Bestalde, adineko emakumeena menpekotasun ekonomiko handia duen kolketiboa dela adierazi dute solasaldian, eta hori ere kontuan hartu beharrekoa ezaugarria dela azpimarratu dute. Era berean, arlo publikoan gaiari lotutako formakuntzaren beharraz aritu dira, eta, zehazki, osasun publikoko langileen formakuntzaz. Izan ere, aipatu dute emakume helduek "asko" jotzen dutela medikuarengana edo osasun zerbitzuetara.
Dena den, eta ondorio gisa, azaldu dute ez dela derrigorrezkoa adineko emakumeak indarkeria salatzera bultzatzea, urrats hori "oso zaila" baita. Horren harira, babes sareak sortzeko beharra eta horien garrantzia mahaigaineratu dute. Hori ez ezik, etxetik kanpoko jardueren garrantzia aipatu dute, horien bitartez emakumeen sareak egituratzeko eta berreskuratzeko.