Barrenetxea IV.a eta Ansa II.a, Azpeitiko Erremonte Txapelketaren finalerako prest

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 29a, 10:32

Barrenetxea IV.a eta Ansa II.a. (Oriamendi)

Julen Loitegik eta Endika Barrenetxea Barrenetxea IV.ak (Ilunpe) Imanol Ansa Ansa II.aren eta Ibai Martirenaren (Zokoa) kontra jokatuko dute bihar Izarraitz pilotalekuan Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketaren finala (22:00). Ilunpe soziedadearen bikoteko atzelaria eta Zokoa soziedadearen bikoteko aurrelaria gogotsu daude finala jokatzeko.

Aurreko hiru larunbatetan sailkapeneko ligaxkako partidak jokatu ondoren, bihar jokatuko da Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketaren finala Izarraitz pilotalekuan.

Julen Loitegi eta Endika Barrenetxea Barrenetxea IV.a –Ilunpe soziedadea ordezkatuz– Imanol Ansa Ansa II.aren eta Ibai Martirenaren –Zokoa– kontra lehiatuko dira txapelen bila. Jaialdia 22:00etan hasiko da, eta gaueko bigarren eta azken neurketa izango da finala. Horren aurretik, txapelketaren hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituen partida jokatuko dute Urrutia II.ak eta Larrañagak Goikoetxea V.aren eta Zubiriren aurka. Aurrekoetan bezala, biharko jaialdirako sarrerak ere bost eurotan salduko dituzte, pilotalekuko txarteldegian.

Bikote finalistak orain arteko bi partidak irabazita iritsi dira neurketa erabakiorrera. Barrenetxeak (Hernani, Gipuzkoa, 1990) eta Ansak (Urnieta, Gipuzkoa, 1995) badakite zer den profesionaletan Azpeitan irabaztea; Martirenak ere badu txapel bat, baina afizionatua zela lortutakoa (Ansarekin batera, hain zuzen). Loitegi hasiberria, aldiz, aurten ari da jokatzen lehen aldiz Azpeitiko txapelketa.

Barrenetxeak eta Ansak erantzun dituzte Uztarriak finalaren atarian egindako galderak.

Nola ikusten duzue finala? Nolako partida aurreikusten duzue?

Endika Barrenetxea: Final gogorra izatea espero dut. Aurkariak ondo ezagutzen ditugu. Imanol Ansak egunetik egunera gehiago jokatzen du, duen bizkortasunarekin eta bere pilotakada biziekin partidak hausteko gaitasuna dauka; Ibai Martirena, berriz, erasoan oso oldarkorra da, defentsan hutsune gehiago dituen arren. Uste dut lau pilotariok motibazio handiarekin iritsiko garela. Neuri dagokidanez, Buruz Buruko Txapelketa irabazi osteko lehen txapelketan hasiberri batekin jarri izanak esan nahi du enpresak konfiantza handia duela nire jokoan. Bestalde, uste dut beste bikotekoei ere halako gogo bat sortuko diela txapela irabazi berri duenaren kontra jokatzeak eta irabazteak. Eta Julen Loitegik ere izango du punta-puntan gauden pilotariekin jokatzeko gai dela erakusteko gogoa. Denbora gutxi darama profesionaletan, baina oso emaitza onak lortzen ari da; enpresak zerbaitegatik sartu du txapelketa honetan.

Imanol Ansa: Gure bikotea orekatuago ikusten dut. Izan ere, bai Martirenak, bai nik urte dezente daramatzagu erremontean profesionaletan jokatzen. Beraien kasuan, berriz, Barrenetxeak bai, esperientzia handia dauka, baina Loitegik duela lau-bost hilabete eskas debutatu zuen. Alde horretatik, iruditzen zait Loitegiri ezin zaiola ezer exijitu; are gutxiago Izarraitz pilotalekua Galarretakoarekiko nahiko desberdina dela eta berak Azpeitian aurrez inoiz ez duela jokatu kontuan hartuta. Uste dut alde horretatik abantaila dugula Martirenak eta biok, lehendik ere ezagutzen dugulako pilotalekua eta biok aritutakoak garelako bertan. Dena den, kontu handiarekin ibili beharko dugu, Barrenetxeak sekulako sakea daukalako, eta Azpeitiko frontoiaren ezaugarriengatik, are min handiagoa egin diezagukeelako. Errestoan oso erne ibili beharko naiz, eta piloteoan sendo aritu beharko gara Martirena eta neu.

Ligaxkako bi partidak irabazi dituzue. Nola ikusi duzue zeuen burua orain artekoan? Eta bikotekideak, Loitegi eta Martirena?

E.B.: Oso gustura sentitu naiz Julenekin. Elkarrekin sekula jokatu gabeak ginen, baina oso mutil sendoa da, ez fisikoki bakarrik, baita mentalki ere. Kontzentratuta egoten da partidetan, garbi dauka zer egin behar duen, ez zaizkio gauzak azaldu behar. Erremontean berria izan arren, garbi dago aurrez ibili den modalitateetan asko lehiatu duela. Ni saiatu naiz dakidana ahalik eta ondoen adierazten. Bihar, nire lana izango da kontzentratuta mantentzea eta berari lasaitasuna transmititzea.

I.A.: Lehenengo partidan, Goikoetxea eta Zubiri pixka bat lekuz kanpo ibili ziren. Ez dut esango erraza izan zenik, baina bai gu eroso aritu ginela, eta nik behintzat oso gutxi defenditu behar izan nuen; ia denbora osoan erasoan aritu nintzen, eta oso gustura. Bigarren partidan, Urrizak eta Labakak defentsan lan hobea egin zuten eta partida gogorragoa izan zen. Martirenak dezentezko mina egin zuen azpiko posturatik. Nik, berriz, erasoan aritzeko aukera gutxiago izan nuen, eta horri tentsioa gehituta, tantoak bukatzerakoan ez nintzen hain inspiratuta ibili. Dena den, esango nuke beste urte batzuetan baino hobeto ibili naizela neu, frontoiaren joerak-eta hobeto ulertu ditudala. Martirenari dagokionez, saketik min egiten ari da eta erasoan ere oso ondo ari da. Boteak altuera handia hartzen du askotan Izarraitzen, eta defentsa lanean gehiago ari zaio kostatzen; baina ez berari bakarrik, uste dut denok erosoago gabiltzala erasoan frontoi horretan.

Txapelketaren zer balorazio egiten duzue?

E.B.: Uste dut aurten orain arte ez bezalako jarrera izan dutela enpresak, pilotariek zein Azpeitiko herriak. Neuk zazpi aldiz jokatu dut txapelketa hau eta aurten ikusleen gorakada nabarmena izan da; ordezkaritzen figura lantzeak lagundu du horretan. Uste dut oraindik badagoela alderdi hori hobetzea, baina aurrerapauso bat eman da. Ea finalean ere giro polita izaten den eta Azpeitiko txapelketak pixkanaka indar gehiago hartzen duen.

I.A.: Soziedadeak sartuta, ordutegiarekin... Uste dut aurten buelta bat eman zaiola txapelketari eta politagoa izaten ari dela; beste xarma batekin ari gara jokatzen. Balorazio oso positiboa egiten dut. Uste dut aurrera begira ere jarraituko duela kolaborazio honek, eta Azpeitiko txapelketak pixkanaka indarra hartuko duen sentipena daukat.

Zer moduzko frontoia da Izarraitz erremontean aritzeko?

E.B.: Oso pilotaleku berezia da erremontean jokatzeko. Batetik, berritu zutenetik frontisa txikiagoa da eta kantxa ere pixka bat estuagoa da; horrek konbinazio berria sortzen digu pilotarioi. Bestetik, pintura nahiko lakarra du, eta horrek eragiten du pilotak efektu ezberdinak hartzea, gu ohituta ez gauden efektuak. Hala ere, neuretzako oso egokia den frontoia dela esan beharra daukat. Instalazio bezala, berriz, oso gertu dago perfekziotik.

I.A.: Ona ala txarra den esaten ez naiz ausartzen, baina Galarretarekiko desberdina dela, bai. Azpeitian pilotaren efektuak gehiago zaindu behar dira.

Azpeitiko Erremonte Txapelketa irabazitakoa zarete. Zer oroitzapen dituzu garaipen haietaz?

E.B.: Oker ez banago, tanto bakarraren aldearekin irabazi genuen Aldabek eta biok 2019ko finala. Partida oso gogorra izan zela gogoratzen dut, eta oroitzapen onak dauzkat.

I.A.: 2014an, afizionatua nintzela, eta 2015ean, bi urtez jarraian irabazi nuen. Debutatu berritan irabazi nuen bigarrena, eta oso oroitzapen politak dauzkat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide