Aniztasuna eta euskara ardatz dituen mintza praktika proiektua jarriko du martxan Azpeitiko Udalak

Julene Frantzesena 2021ko aza. 3a, 11:37

Munduko hainbat txokotatik Azpeitira etorritako herritarrek nahiz bertan jaiotakoek elkar ezagutzea eta elkarrekin harremanak sortzea da proiektuaren xedea. Euskara du ardatz proiektuak, bikoteka mintza praktika saioak egingo dituztelako. Dagoeneko eman daiteke parte hartzeko izena.

Munduko hainbat txokotatik Azpeitira etorritako herritarrek nahiz bertan jaiotakoek elkar ezagutzea eta elkarrekin harremanak sortzea sustatzeko proiektu bat jarriko du martxan Azpeitiko Udalak. Euskara izango da horretarako bitartekoa; izan ere, bikote linguistikoak sortzea eta herritar horiek elkarrekin euskaraz hitz egiteko elkartzea dira proiektuaren xedeak.

18 urtetik gora dituzten herritarrek parte hartu ahal izango dute programan: batetik, euskaraz hitz egiten ikasi edo dakitena hobetu nahi duten herritarrek –horiek euskararen oinarri-oinarrizko ezagutzeko izan beharko dute–; eta bestetik, euskaraz hitz egiten dakiten herritarrek. Euskaraz ikasi nahi duten herritarre kasuan, euskalduntze prozesuan egotea lehenetsiko du udalak.

Herritarrek elkar ezagutzea sustatu nahi du udalak egitasmoarekin, integrazioa bultzatzeko eta zubiak eraikitzeko, eta euskarak horretarako "aukera paregabea" eskaitzen duela uste du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Herritar oro animatu du hark proiektuan parte hartzera: “Elkarrekin egoteko, elkar entzuteko eta elkar ezagutzeko aukera elkarri eskaintzea, horixe da helburua".

Izen-ematea zabalik

Proiektuan parte hartu nahi duten pertsonek Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailean eman beharko du izena, eta informazio gehiago behar duenak ere hara jo beharko du, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.. Hainbat modu daude horretarako: bertara joan, 943-54 41 84 edo 943-15 71 92 telefonora deitu ala narroita@azpeitia.eus helbidera mezua idatzi.

Izena ematen duten herritar guztiei elkarrizketa labur bana egingo diete, bikoteak osatzerakoan gustuak, ordutegia eta beste hainbat gauza kontuan har ditzaten. Izan ere, bikoteak proiektuaren sustatzaileek eratuko dituzte. Parte hartzeko interesa agertu duten herritarrek, gutxienez, ordubeteko hamar saio egiteko konpromisoa hartu beharko dute. Hitzorduen lekua eta ordua bikote bakoitzak zehaztu beharko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide