Kanpax DJ: "Jendeak ematen dizun babesa ederra da; hori da gehien betetzen nauena"

Ihintza Elustondo 2021ko aza. 5a, 09:00

Jon Altunak (Azpeitia, 2000), Kanpax DJ bezala ezagunagoak, emanaldia eskainiko du bihar, larunbata, Sanagustin kulturgunean. 22:00etan hasiko da saioa, eta 02:00 aldera arte techno musikaz gozatu ahal izango da. Haren arabera, ondo pasatu nahi duenak izango du horretarako aukera.

Gogotsu al zaude biharko?

Bai, bai. Denbora asko nago techno musika jarri gabe; izan ere, pandemiaren garaian, reggaetoia ipini dut batez ere, jendeak hori eskatzen zuelako. Dena den, techno musika da nirea, eta estilo hori lantzeko gogoz nago. Gainera, Sanagustin kulturgunea oso areto ona da: batetik, soinu aldetik kalitate handikoa da, eta bestetik, areto handia denez, guztientzako lekua egongo da bertan.

Aurrez aritu al zara inoiz Sanagustinen?

Bai. Azkenekoz, uste dut duela bi urteko Santo Tomas egunean izan nintzela bertan. Gero etorri den denarekin ezin izan dut berriz han zuzenekorik eman, baina aurretik hiru-lau aldiz izandakoa naiz.

Pandemia garaian technoa alboratu eta reggaetoia landu duzu, beraz.

Bai, moldatu egin dut pixka bat nire estiloa. Niri asko gustatzen zait reggaetoia, asko entzuten dut, baina disko jartzaile aritzeko garaian, beti nahiago izan dut technoa. Hala ere, oso ondo pasatzen dut reggaetoiarekin. Jendeak ondo pasatzen baldin badu, neuk ere normalean hala pasatzen dut. Berdin zait reggaetoia edo technoa jarri, kontua da jendeak ondo pasatzea eta zeuk ere haiekin ondo pasatzea.

Dantzarako aukera ziurtatuta izango da bihar, ezta?

Bai. Aurreko zapatuan DJak izan ziren Gaztetxean, eta jende dezente bertaratu zen. Jendea technoa eta musika elektronikoa entzuteko gogoz dagoela ikusten da. Azkenaldian jende dezente dabil Azpeitian parrandan, eta ea biharko saiora jende asko joaten den.

Noiz hasi zinen DJ munduan murgiltzen?

Lehen saioa 2016an egin nuen, irailaren 3an. Azkoitiko Txalintxo tabernan DJ gazteen txapelketa antolatu zuten, eta hara aurkeztu nintzen. Behin ere ez nengoen disko jartzaile arituta, baina animatu egin nintzen. Irabazi egin nuen txapelketa, eta hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, jendea ezagutzen eta hemen inguruan jotzen joan naiz.

Lehen saio hori egin aurretik, nola prestatu zinen?

Gaur egun, dena Youtuben dago, eta ordu asko pasatzen nituen bideoak ikusten, tresna bakoitzak zertarako balio duen aztertzen... Gero, platerak erosi nituen; orain elektronikoak dauzkat, baina ordukoak mekanikoak ziren. Horiekin hasi nintzen praktikatzen.

Hortik aurrera, etxean zeure kabuz joan al zara ikasten?

Lehen gehiago, baina orain etxean ez dut batere praktikatzen. Orain denbora asko pasatzen dut musika berria ezagutzen, aukeratzen, kanten remixak entzuten... Zuzeneko saioak izaten ditudanetan praktikatzen dut orain.

Izan ere, etxean praktikatzea ez da erraza izango, sekulako zalaparta eragin beharko duzulako.

Horretan zortea dut nik, sotoa baitaukat, eta bertan entseatu izan dut, ingurukoak gehiegi molestatu gabe. Baina etxean aritu izan naizenetan, aitari eta amari ez die grazia handirik egin...

Zergatik animatuko zenituzke herritarrak biharko saiora?

Aspaldiko partez, Sanagustinen musika elektronikoa entzun ahal izango delako. Badakit inguruko jendeari gustatzen zaiola musika estilo hori. Normalean, oso giro ona sortu izan da disko jartzaile aritu naizenetan, eta uste dut bihar bertaratzen denak ondo pasatuko duela.

Nora iristea gustatuko litzaizuke?

Gustatuko litzaidake honetatik bizitzea, baina badakigu hori oso helburu zaila dela, gutxi batzuentzako gordeta egoten dena. Astero saio batzuk egitea lortuko banu, niretzako nahikoa izango litzateke. Ez daukat disko jartzaile aritzetik bizi beharrik; izan ere, nik hau ez dut diruagatik egiten, makina bat aldiz aritu izan naiz ezer kobratu gabe. Funtsean, zaletasun bat da hau niretzat, eta halaxe izaten jarraituko duela espero dut.

Zer ematen dizu DJ aritzeak?

Sentipen oso onak eragiten ditu jendea zu egiten ari zarenarekin gozatzen ikusteak. Jendeak ematen dizun babesa ederra da; hori da gehien betetzen nauena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide