Bizkaiko Bertsolari Txapelketatik kanpo gelditu da Malen Amenabar

Julene Frantzesena 2021ko aza. 9a, 13:04

Malen Amenabar igandeko saioan. (Bertsozale Elkartea)

Amenabar larrabetzuarra beste bost bertsolarirekin aritu zen kantuan igandean Getxon jokatutako kanporaketa saioan, eta lan puntuagarri guztiak eginda, laugarren sailkatu zen, 446,5 punturekin. Puntu horiek ez zaizkio aski izan finalaurrekoetara sailkatzeko.

Joan zen igandean, azaroak 7, Getxon jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken kanporaketa, eta Malen Amenabar Azpeitiko bizilagunak ezin izan zuen finalerako txartela lortzeko lehian aurrera egin. Amenabar larrabetzuarra beste bost bertsolarirekin aritu zen kantuan –Enare Muniategi, Eneko aldana, Josune Aramendi, Koldo Muniaiz eta Unai Mendiburu–, eta laugarren sailkatu zen. Hain zuzen ere, lan puntuagarri guztiak eginda, 446,5 puntu batu zituen, baina horiek ez zaizkio aski izan hurrengo fasera sailkatzeko.

Josune Aramendik irabazi zuen Getxoko saioa (458 puntu), eta beraz, zuzenean sailkatu zen finalerdietara. Gainerako bost bertsolariei ez zaizkie nahikoa izan igandean lortutako puntuak hurrengo fasera sailkatzeko. Honako puntu hauek jaso zituzten bertsolariek: Unai Mendiburu (455 puntu),
Eneko Aldana (449,5 puntu), Malen Amenabar (446,5 puntu), Koldo Muñiz (396,5 puntu) eta Enare Muniategi (389 puntu).

Azaroaren 21ean hasiko dira finalaurrekoak, eta kanporaketa fasetik igarotako hamar bertsolariez –Gorka Paonabarra, Imanol Uria, Ibon Ajuriagojeaskoa, Paule Ixiar Loizaga, Xabat Galletebeitia, Oihana Bartra, Josune Aramendi, Aitor Etxebarriazarraga, Txaber Altube, Ander Elortegi eta Julen Arzanegi– gain, 2018ko finalean abestu zuten zortzi finalistak –Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Aitor Bizkarra, Etxahun Lekue, Xabat Galletebeitia, Eneko Abasolo, Jone Uria eta Nerea Ibarzabal– ariko dira nor baino nor finalerako txartela lortzeko lanetan. Finala, berriz, abenduaren 18an izango da, Bilbo Arenan. Lehen saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide