39. Euskal Antzerki Topaketak

Mikel Ibarguren: "Obrak galduta dagoen belaunaldi baten minak eta arrangurak azaleratzen ditu"

Julene Frantzesena 2021ko aza. 10a, 15:01

Intza Alkain eta Mikel Ibarguren 'Album' obraren une batean. (Kulturaz kooperatiba)

39. Euskal Antzerki Topaketen barruan, Formol Laborategiak Album lana plazaratuko du bihar, osteguna, Soreasu antzokian (19:00). Mikel Ibarguren (Zestoa, 1995) da obrako bi aktoreetako bat –Intza Alkain da bestea–, eta Uztarria.eus-ek harekin hitz egin du estreinaldiaren atarian. Beren belaunaldiko gazteen kezkak ditu abiapuntu errealismotik asko duen obrak.

Gaur egungo gazteei buruzko obra bat da Album. Zergatik aukeratu duzue gai hori?

Betidanik millennialei buruzko iritzi oso kiritikoa egon dela sentitzen dugu, oso fokupean egon garela. Gure belaunaldiari saldu zaio halako gizarte distopiko honetan oso egoistak garela, oso infantilak garela, oso inkonformistak baina ego handikoak garela... Aukera genuen zerbait kontatzeko eta egiteko, eta iritzi zein etiketa horiek hartu eta gure iritzia edo galderak plazaratu nahi genituen. Izan ere, gurea belaunaldi promesa izan da, mundua salbatzera etorri dena eta gure aitonek eduki ez dituzten aukerak izan dituena. Hala esaten ziguten: unibertsitate ikasketak egingo dituzu, 22 urterekin etxea ordainduko duzu, lanean onena izango zara... Gertatzen dena da adin horretara iritsi garela eta dena gezurra dela. Obrak galduta dagoen belaunaldi batez hitz egiten du, belaunaldi horren arrangurak eta minak azaleratzen ditu.

Zuen bizipenetan oinarritutako obra al da?

Bai. Ez da obra klasiko bat; inprobisazio asko izan du sormen prozesuak. Pertsonaiak ez dira pertsonaiak; Intza Intza da eta ni Mikel naiz, eta benetan gaude eszenan. Zentzu batzuetan arriskutsua da, baina aberasgarria ere bai. Izan ere, agertokian dauden bi pertsonaiak benetan ari dira, ez dira ari antzezten. Aldi berean, muga batzuk zeharkatzen ditu horrek; publikoak aktoreak biluzik eta zaurgarri ikusiko ditu. Gardentasun hori ikustea ederra da, askotan ez delako sinesten obretan gertatzen dena. Jendeak esan digu antzerkitik asko urruntzen dela Album, batez ere Euskal Herrian dena xehatuta ikustera ohituta gaudelako. Argazki askok osatzen dute lana, eta bukaeran album bat osatzen da. Obrak ez dauka hasiera bat, erdigune bat eta bukaera bat; arrangurak dituzten bi pertsona dira, eta horiek esateko zerbait daukate.

Antzerki formatu apurtzailea da, beraz?

Ez dugu ezer berririk asmatu. Europan, Alemanian adibidez, asko erabiltzen duten formatua da. Performance kode asko ditu egituran, eta bi pertsona dira agertokian daudenak, ez bi pertsonai. Hori gustagarria izan daiteke publikoarentzat; izan ere, zaila izango da indiferentzia sentitzea. Energia pila bat dauka lanak, eta saiatu gara ditugun galdera handi horiek tonu fisiko batean erabiltzen. Sakondu egin dugu, kapak kendu ditugu benetan esan nahi duguna esateko, ez baitakigu gu hirurok noiz izango dugun berriro agertoki batean elkarrekin egoteko aukera.

Zergatik Album?

Belaunaldi baten erretratua egin nahi genuen, baina erretratu bat irudi bat da, eszena bat, eta bilduma bat sortu dugu, album bat izateko oso egokia den bilduma bat. Ez da gaur egungo gazte guztien albuma izango; izan ere, analisi bat, azterketa bat eta dokumentazio lan handia egin ditugu, baina gure bilduma bat da eratu duguna. Hori bai, jende asko irudika dezake.

Obra ikerketa bat dela diozue sinopsian. Zer dela eta?

Agertokia hutsik dago, nahiz eta ikus-entzunezkoak erabiltzen ditugun eta arrain ontzi baten barruan gauden. Bi pertsona agertokiaren erdian utziko ditugulako da ikerketa, eta haien min denak, etiketak, arrangurak eta esateko duten guztia aztertu ditugulako. Dena den, erantzunik ez dugula ondorioztatu dugu. Zer galduta gauden ikusi dugu, eta galduta egotearen sentipen hori hartu eta fisikoki, energetikoki nahiz poetikoki gorputzera ekartzen saiatu gara. Galduta gaudela erakutsi nahi izan dugu, baina nola frogatzen da galduta zaudela? Gizarte honetan, produktibo izatetik aldentzen zarenean eta zure buruari kasu egiten diozunean konturatzen zara galduta zaudela. Baina agertoki batean ezer ez egitea zaila da, antzerkiko arau denak hausten dituzulako eta jendea eskandalizatu egiten delako. Arriskutsua da, baina hori da egin dugun apustua.

Gazteei buruzko obra da, baina gazteei zuzendutakoa al da?

Gazteei buruz hitz egiten du, baina ez du publiko jakin bat. Errenteriako Eztena jaialdian egin genuen genuen aurrestreinaldia, eta publiko oso anitza izan zen han. Interesgarria izan zen jendeak nola konektatzen duen ikustea: obra bukatzean, adibidez, nire amaren adineko emakume bat etorri zitzaigun kamerinora amatasunarekin konektatu zuela esanez. Gure erreferentziak biltzen ditu obrak, baina mundu guztiak daki gazteok zer ari garen bizitzen; hau da, denek dakite ez dugula emantzipatzeko aukerarik; lan finkorik ez dugunez, ez dakigula hemendik hilabete batzuetara alokairua ordaintzeko aukerarik izango dugun; egoera prekarioa bizi dugula; eta abar.

Intza Alkain eta biok izango zarete agertokian, eta Edurne Azkarate da zuzendaria. Hirurok elkarrekin ariko zareten lehen aldia al da?

Bai. 2019an osatu genuen Formol taldea. Hirurok gazteak gara, eta argi genuen gai honi buruz egin behar genuela lana. Zortea izan dugu Tabakaleraren laguntza eta Zubi beka jaso ditugulako. Lan guztia Azpeitian egin dugu, eta beraz, luxu bat da lana Azpeitian estreinatzeko aukera izatea, baita lehen lana egin eta emanaldiak egiteko aukera izatea ere. Luxu bat da, era berean, Dinamoa bezalako proiektu bat izatea eskualdean. Ederra izan da Azpeitian sortzea, halako baliabideak erraz eskaintzen dituen proiektu garrantzitsu bat izatea Dinamoan; gurea bezalako taldeentzat izugarria da. Dagoeneko erreferentea da tokia, hasi bakarrik egin den arren. Oso eskertuta gaude.

Zer moduzko esperientzia izan da sortze prozesua?

Ona, baina luzea. Pandemiak bete-betean harrapatu gintuen, eta eskema guztiak hautsi zitzaizkigun. Berez, obra otsailean estreinatu behar genuen eta ja biraren bukaeran egon behar genukeen. Baina indarrak gorde ditugu eta asko ikasi dugu, eta batez ere, ikusi dugu obra baten atzean dagoen lana zenbaterainokoa den.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide