Garazi Hach Embarek: "Egoera latza izanagatik, itxaropena dugu bide berria ireki dezakegula"

Ane Olaizola 2021ko aza. 13a, 11:29

(Argazkia: Aimar Maiz / Goierriko Hitza)

12 urtera arte Mendebaldeko Saharako Tindufeko kanpalekuetan bizi izan zen Garazi Hach Embarek ormaiztegiarra, eta ordutik, sahararren eskubideen eta askatasunaren alde sutsuki egiten du.

Gaur urtea beteko da Marokok Mendebaldeko Sahararekin 1991tik indarrean zuen su eten akordioa hautsi eta ondorioz, Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuenetik. Gertaeraren urteurrenean, Munoandi kultur elkarteak Askatasunaren bidean borrokan mahai ingurua antolatu du; Xabier Euzkitzek gidatuta, Hetra Boujdema Azpeitian bizi den sahararrak, Juan Karlos Izagirre Tindufeko kanpamentuetan maiz egon den EH Bilduko politikari eta sendagileak, Iñigo Iturrate EAJko parlamentariak eta Garazi Hach Embarek (Madril, 1978) ekintzaileak parte hartuko dute gaur 12:00etan Azpeitiko San Agustin kulturgunean egingo duten saioan. Azken horrekin hitz egin du hedabide honek.

Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko su etena hautsi eta urtebetera, zein da Mendebaldeko Sahararen egoera?

Gerrak bizirik dirau; egunero daude erasoak Mendebaldeko Sahara banatzen duen harresi militar erraldoi nazkagarri horretan. Marokoar puntu asko suntsitu dira, eta hango soldadu askoren bajak egon dira, baina baita saharar borrokatzaileenak ere. Horrez gain, zonalde okupatuetan tentsioa handia da, Marokoko Gobernua inoiz baino gehiago ari delako gizartea zapaltzen: ez du baimentzen inolako protestarik, ezta ospakizunik ere. Kasurik adierazgarriena Sultana Khaya ekintzailearena da. Gerra piztu zenetik, bera eta haren familia etxean dituzte preso, ikaragarriak eta bi pasatzen. Jipoitu, gaueko ordu txikitan etxera sartu eta erreminta desberdinekin bera eta ahizpa bortxatu dituzte. Duela gutxi, gainera, zer den inork gutxi dakien injekzio bat sartu diote. Oso ahul dago.

Nazioarteko herrialdeek zer jarrera azaldu dute urtebetean?

Jakinekoa da Aljeriak hasieratik zer jarrera izan duen gurekiko, eta orain inoiz baino ageriagoa da: duela egun batzuk, hiru aljeriar erail zituzten Marokoren bonbardaketek. Beste pauso garrantzitsu bat ere eman da: Aljeriak eta Mauritaniak akordio bat sinatu dute beren arteko igarobidea babesteko. Beraz, Afrikan Marokori hesia ixten ari zaie.

Ordea, Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa [Minurso] eratu eta 30 urtera, esku hartu gabe jarraitzen du NBEak.

Nazio Batuen jarrera Afrikakoen bestelakoa da; entzungor egiteaz gain, ez du jabetu nahi Saharako zonalde okupatuetan gertatzen ari diren atxiloketez, bortxaketez eta torturez; makinariaren parte bihurtu dira. Gainera, abenduaren 10ean Donald Trumpek egin zituen adierazpenek garrak piztu zituen; izan ere, Sahararen subirotasuna Marokok zuela onartu zuen hark. Hain zuzen, hori da Marokoren helburua: ahalmen handiko beste herrialdeak babesa ematea eta subirotasuna Marokori aitortzea. Trump izan ezik, nazioarteko beste herrialdeak ez ziren posizionatu, eta itxaroten ari dira NBEak zer erabaki hartuko duen.

Zer nolako borroka egiten ari da Fronte Polisarioa?

Borroka armatua garatuago dago. Guk ez ditugu dronak eta halakoak, baina bai lurra ondo ezagutzen duen armada; bere etxea ondo babesten ari dena. Une hauetan, esan genezake gerrilla antzerako bat egiten ari dela Fronte Polisarioa. Harresia oso luzea da, eta dena babesteko adina soldadu marokoar ez dago. Bestalde, Fronte Polisarioak eta herri saharar guztiak garbi dugu ez dugula itxaron behar beste negoziazio plan batera. Gerrak aurrera jarraituko du, eta gertatuko da gertatu behar duena.

Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan, are gogorragoa al da egun bizimodua?

Egoera gogorra da, baina ez da samurra izan 46 urteetan. Egoera latza bizi duten arren, badago alde positiboa: grina eta ilusioa dute, sentitzen dutelako herria babesten ari direla, eta itxaropena dugu bide berri bat ireki dezakegula. Itxaropen handia dago.

12 urtera arte Tindufeko kanpalekuetan bizi izan zinen. Hango zer oroitzapen duzu?

Oroitzapen oso politak ditut. Ez genuen ezer, askotan jatekorik ere ez, baina elkarri laguntzeko bat eginda geunden. Komunitate sena nabaria zen. Gure arteko elkartasuna ere handia zen; baina zentzu eta behar guztietan laguntzen genuen, ez ekonomikoki soilik. Ni pribilegiatua sentitzen naiz, ama euskal herritarra dudalako eta noizean behin hona etortzen ginelako… Hau da, denbora guztian ez nengoen han, eta beraz, ezin dut hitz egin handik mugitu ez den pertsona batek bezala.

Iaz Euskal Herrian bildutako materiala ez zen iritsi Saharara, Covid-19agatik. Zer eragin izan du horrek hango herritarrengan?

Ez dakit, egia esan. Baina jendeak jabetu behar du han bizi diren ehunka mila pertsonei karabana horrek ez diela bizitza konpontzen, ezta gutxiagorik ere. Zerbait puntuala da.

Gizartean zer nolako babesa dago herrialde horrekiko?

Euskal Herriko gizarteak nolabait gure borrokarekin eta iraultzarekin bat egin du, baina arazoa da ez duela balio sentipenetatik egiteak. Beti errepikatuko dugu: konponbide politikoa behar dugu, eta horrek agintariek egindako indarraren ondorio izan behar du. Baina horra iristeko, herritarrok badugu zer eginik: behar dugu erronka politiko bateko parte izatea. Finean, giza laguntzan horrenbeste diru eta denbora eskaini baino, borroka politikoan jarri behar dugu indar guztia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide