Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25, eta egun horren harira, indarkeria matxista salatzeko hainbat ekitaldi izango dira herrian. Izan ere, aurtengoa ere ez da salbuespena izan indarkeria matxistari dagokionez.
2021ean bat baino gehiago izan dira indarkeria tarteko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo duten herritarrak; Gizarte Zerbitzuetako kideek Uztarria.eus-i emandako datuen arabera, urtea hasi zenetik hamabost indarkeria kasu artatu dituzte bertan. Gainera, ekainetik azarora bitartean jaso dituzte datuok; hau da, urtearen bigarren seilekoan jo dute herritarrek laguntza eske.
Aurreko urteetako datuekin alderatuta, narbamen egin du gora indarkeria matxista kasuen kopuruak. Hain zuzen ere, iaz baino zortzi indarkeria kasu gehiago geratu dira Gizarte Zerbitzuen esku. Azken hiru urteko kopururik altuena ere bada; izan ere, iaz zazpi kasu, 2019an lau eta 2018an hamabi artatu zituzten Azpeitian.
Aurtengo datuak:
- Urtea hasi zenetik indarkeria matxista jasan duten hamabost emakumek jo dute Gizarte Zerbitzuetara. Horiek indarkeria fisikoa, psikologikoa nahiz sexuala pairatu dute, eta batek sexu erasoa
- Hamabost emakume horiek 18 eta 54 urte bitartean dituzte; zortzik 35 baino gutxiago. Batez besteko adina, 34 urtekoa da.
- Jatorriari dagokionez, Gizarte Zerbitzuetara jo duten herritar horietatik sei euskal herritarrak ziren, eta bederatzi atzerritarrak.
- Hamabot emakume horietatik zazpik jarri dute erasotzailearen kontrako salaketa.
Iazko datuekin alderatuz gero, ez da alde handirik erasoak jasan dituzten emakumeen batez besteko adinari dagokionez. Izan ere, iaz 35 urtekoa zen batez besteko hori, eta 45 urtekoa 2018an.
Gizarte Zerbitzuetara jo duten emakumeetatik zazpik indarkeria psikologikoa jasan dute, eta beste seik indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa. Beste batek sexu erasoa jasan zuen, eta beste batek indarkeria sexuala pairatu du.