Honako hau da Udal Gobernuak Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna dela eta, kaleratu duen adierazpena:
"2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 101 emakume eta 11 haur hil dituzte Euskal Herrian. Zenbaki onartezin horren atzean, izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak. Bereziki memorian gorde nahi ditugu, 2021ean zehar hil dituzten Erika Tavares, Conchi Gonzalez, Aintzane Pujana, Maria Pilar Berrio Jimenez eta Miarritzeko 75 urteko bizilaguna.
Urte honetan ere bereziki aipatu nahiko genuke, izebergaren punta diren hilketa horiez gain, ohikoak bilakatu direla gizonezkoek taldean egiten dituzten bortxaketei buruzko salaketa publikoak. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, horiek salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera. Gaurko egunean ere, talde horien lana eta ezinbestekotasuna azpimarratu behar dugu.
Urte luze hauetako lana izan da indarkeriari maskara kentzea. Indarkeria matxistari buruz egindako makro-inkestak datu larria mahai-gaineratu zuen: bi emakumetik batek indarkeria matxista jasan du bere bizitzan zehar.
Azaroaren 25ean, nazioarteko tresna lotesle hau aintzat hartuta, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, eta, hori ez ezik, indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere bagaudela esatekoa. Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.
Indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; publizistek eta mass-mediek emakumeen gorputzari ematen dieten erabilerak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea; eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, hilketak.
Gutariko bakoitzari dagokigu egoera hori aldatzea, eguneroko zereginetan hasiz, gure inguru hurbilenean jardunez. Eta Azpeitiko Udalak horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatzeko konpromisoa berresten du, berdintasun unitateak sustatuz eta haiei laguntza eskainiz, berdintasun teknikarien egonkortasuna edo kontratazioa bultzatuz edota emakumeen parte-hartzerako guneak sustatuz, hala nola emakumeen etxeak eta txokoak, ahalduntze eskolak, jai parekideak eta abar.
Mugimendu Feministak egun honen bueltan antolatuko dituen mobilizazioetan eta ekimenetan parte hartzeko deia egiten amaitu nahi ditugu lerro hauek. Beraz, Azpeitiko Udalak gaur, 19:00etan, plazan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta egingo den elkarretaratzearekin bat egiten du.
Horregatik guztiagatik, honako konpromiso hauek hartzen ditu Azpeitiko Udalak:
- Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeen eskubideak arreta prozesu osoaren erdigunean jartzea, emakumeen erreparazioa eta ahalduntzea sustatuz.
- Azpeitiko Udalak sustatzen dituen berdintasun programak eta parekidetasun politikak egonkortzea eta indartzea. Horretarako, 2022. urteko aurrekontuetan baliabide ekonomikoak eta pertsonalak indartuko ditugu.
- Gazteen artean indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko programak indartzea, etorkizuneko indarkeria egoerak eragozteko funtsezko tresnak direlako.
- Harremonak hezkidetza programa garatzen jarraituko dugu herriko hezkuntza komunitate osoarekin elkarlanean, ikasleen artean tratu onak sustatzeko eta indarkeria matxistaren prebentzioa lantzeko.
- Emakumeen ahalduntzea sustatzen jarraituko dugu, eta horretarako, Emakumeen Txokoa erreferentziako gune gisa indartzen jarraituko dugu, bertako zerbitzuak eta baliabideak zabalduz. Horren adibide da aurten abian jarri den aholkularitza juridikoaren doako zerbitzua".