Erreportajea

Izena baino askoz gehiago

Julene Frantzesena 2022ko urt. 3a, 09:43

Balentina Agirre Elorza plaza. (Kris Fernandez)

Azpeitiko kale izendegia ez da, inolaz ere, salbuespena: emakumeen arrastorik ez da kasik leku izenen zerrendan. Historiaren nolakotasunaren isla da hori, baina hasiak dira egoera iraultzeko urratsak egiten: Balentina Agirre Elorza plaza da emakume izena duen herriko lehen eremua, eta momentuz, bakarra. 2021eko abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportajea da hau.

Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak agerikoak dira herrietako nahiz hirietako kale izendegietan (ere). Historikoki emakumeekin egin den bazterketaren ondorioetako bat baino ez da herrietako mapena, eta Azpeitikoa ez da salbuespena. Izan ere, esku bateko hatzekin konta daitezke emakumeen izenak dituzten herriko guneak.

Azpeitiko kale izendegian 79 leku izen ageri dira, hala nola kaleak, auzoak, industrialdeak, estratak nahiz hiribideak. Horietatik hamahiruk baino ez dituzte pertsona izenak, eta haietatik bat baino ez da emakumeena: Balentina Agirre plaza, XX. mendean emagin izan zenaren omenez duela bost urte izendatutakoa. Bada, baina, beste leku izen femenino bat ere, pertsona izena ez den arren, urteetan Errebala eta Goiko kalearen artean dagoen plazari izena ematen diona eta erlijioarekin lotura zuzen-zuzena duena: Olazko Andre Mariaren plaza.

Gizartean gizon-emakumeak paretsu baldin badira ere, historiara eta erreferenteetara joz gero, asko aldatzen da egoera. Kale izendegia, zehazki, horrexen isla da, baita kale izenek Elizarekin nahiz errege etxeekin dituzten loturak ere. Baina historian izan dira emakume irakasleak, emakume zientzialariak, emakume beharginak, azpeitiarrak nahiz beste jatorri batzuetakoak, eta Agirre emaginaren kasua kenduta, ez dago haien itzalik Azpeitiko kale izendegian.

Parekidetasuna ipar

Azken urteetan, Azpeitiko Udalari egokitu zaio herriko eremu batzuei izena jartzea. Hain zuzen ere, 2016ko apirilaren 14an 250 urte bete ziren Azpeitian eta Azkoitian 1766ko gariaren matxinada piztu zela, eta horren harira, Azpeitiko udalbatzarrak aho batez onartu zuen gertakari hura kale izendegira eramatea, Azpeitiko Kultur Mahaiak eginiko proposamenari erantzunez.

Handik hilabete gutxira, 2016ko azaroan, emakume izena duen lehen plaza izendatu zuen udalak. Zehazki, Artzubia, Jose Artetxe eta Ildefonso Gurrutxaga kaleen arteko jolas parkea dagoen plazari Balentina Agirre Elorza izena eman zion erakundeak, udalbatzak aho batez erabakita. Eneko Etxeberria orduko alkateak hala esan zuen plazari izen hori ematea erdietsi zutenean: "Kale izendegian emakumeen presentziaren gainean justizia egiten da. Ez zaio kalea ematen emakumea zelako, oso ezaguna zelako eta herriaren alde egin zuen lanarengatik baizik".

Lehen urrats hura aurreko agitaldian egin zuen erakundeak, eta Aitor Bereziartua Hirigintza batzordeburuak azaldu duenez, azken bi agintaldietan izendatu dituzten bi kaleak "herri ekimenez" egindako eskaerei erantzunez egin dituzte. "Emakumeen Mahaiak, esaterako, lanketa egin zuen emakumeen erreferentziak sortzeko bidean, eta lanketa hori eginda, lehen urratsa egitea izan zen gure konpromisoa".

Kaleei izena jartzeko parada ez da egunero sortzen, Bereziartuak azaldu duenez. "Kale berriak egitean izaten da horretarako aukera, baita izenik gabe dauden plazak edo eremuak daudenean ere. Azken bi kale izenen kasuan hala izan da; ez zuten izenik, eta proposamenak jaso zirenez… Izenik gabeko hainbat eremu zehaztuta ditugu, izen proposamenen zerrenda egina, eta beraz, kale berriak sortzea erabakitzen bada, ikusiko dugu zein den izenik egokiena". Hala eta guztiz, argi du bideak zein izan behar duen. "Kale izendegia parekidea izateko konpromisoa hartuta dugu, hori da gure irizpide nagusia. Hala eta guztiz, eremu bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuta izenik egokiena bilatzen saiatuko gara, eta herriko eragileekin ere partekatuko dugu asmoa".

"Orain arte historiako erreferentzia nagusiak gizonezkoenak" izan direla islatzen dute herrietako kale izendegiek Idoia Arrizabalaga Parekidetasun zinegotziaren arabera. Baina hori aldatzen ari dela azaldu du, emakume erreferenteak sortzen eta horiek kale izendegietara heltzen ari direlako. Dena den, prozesua "oso makal" doala adierazi du hark. Eta horren erakusle da Azpeitian plaza izen bat soilik izatea emakumeek, baina Arrizabalagaren ustez, lehen pausoa eman dute. "Sinbolikoa izanagatik, ibilbide baten lehen urratsa eta oinarria da".

Dena den, Azpeitiko errealitatea "salbuespena ez" dela adierazi du Arrizabalagak, nahiz eta udalak egoerari buelta emateko konpromisoa baduela adierazi duen. "Emakumeek ere egin dute historia, nola ez, baina gehienetan ezkutuan gelditu da horiek egindako lana". Haren aburuz, horren eraginez gizarteak ezjakintasun handia du eta erreferenteak diren emakumeak falta zaizkie herritarrei.

Azpeitiko Udalak kale izendegia berritzeko protokolo idatzirik ez duela adierazi du Arrizabalagak, baina erakundeak kale izendegiaren errealitatea "landuta" eta emakume erreferenteen zerrenda osatuta duela esan du. "Kaleren edo plazaren bati izena jartzea tokatzen denean aintzat hartuko dugu zerrenda hori; izan ere, garai, lanbide, adin eta erreferentzia desberdinetako emakumeak ageri dira zerrendan".

Julian Barrenetxea estrata. (Kris Fernandez)

Zein da zein?

Azpeitian pertsona izenak dituzten leku izen gehienak herriko historiaren parte izan diren gizonenak dira; horietako asko elizgizonenak dira, gainera, eta Azpeitikoak ez diren elizgizonen izenak gehitu behar zaizkie horiei: Garate anaia, Joan XXIII, Paulo VI, Idelfonso Gurrutxaga, Iñaki Azpiazu, Jose Artetxe, Damaso Azkue, Jose Antonio Agirre, Perez Arregi, Julian Elorza, Loiolako Ignazio Hiribidea eta Julian Barrenetxea. Baina nor zen nor?

Angelo Giuseppe Roncalli Joan XXIII.a aita saindua izan zen 1958tik 1963ra bitartean.

Haren gisan, Giovanni Battista Enrico Antonio Maria Montini, Paulo VI.a izenez ezaguna, aita saindua izan zen, 1963 eta 1978 urteen artean.

Ez dira baina bi horiek Azpeitiko kale izendegian aurki daitezkeen eta Elizarekin zerikusia duten izen bakarrak. Izan ere, fokua herrian jarrita egindako izendapenak ere badira. Hain zuzen, Garate anaia bezala ezaguna zen Francisco Garate jesuitak (Azpeitia, 1857-Bilbo, 1923) bere izena duen auzo bat dauka Azpeitian. Bilboko Deustuko Unibertsitateko atezaina izan zen azpeitiarra 41 urtez.

Iñaki Azpiazu kaleak jesuita zenari egiten dio erreferentzia. 1910ean Azpeitian jaioa, Zientzia Politikoak eta Sozialak ikasi zituen Lillen (Frantzia). ELA-STVn aritu zen kolaboratzen Añanan (Araba), eta Azpeitira ituli zen ondoren. Tropa frankistak Azpeitira sartu zirenean atxilotu egin zuten, eta zazpi hilabeteko kartzelaldia eginda, Frantziara itzuli zen frankistengandik ihesi. Gerora, Argentinara egin zuen jauzi, eta han elizgizon lanetan aritu zen, beti ere, gizarte gaiei lotuta.

Julian Barrenetxea da, Balentina Agirrerekin batera, azken hamarkadetan herrian leku bat izendatzeko erabili den pertsonaietako bat. Izan ere, Elizkalea eta Erdikalea lotzen dituen estratari izen hura eman zion Azpeitiko Udalak 2011n. Mutrikuarra zen sortzez apaiz, konposatzaile eta organo jotzailea, baina Azpeitian bizi izan zen hainbat urtez. Azpeitiko Parrokiako abesbatzan lan handia egin zuen, eta gaur egun bere izena du herriko abesbatzak.

Loiolako Inaziok –Eneko Lopez Loiolakoa jaiotzez– ere badu bere lekua herriko kale izendegian; hain zuzen ere, hiribide batek hartzen du bere izena. Militarra eta erlijiosoa izan zen Inazio, Jesusen Lagundiaren sortzaileetakoa eta Espainiako kontraerreformaren buruetako bat. 1491n Loiolan jaio zen, eta Erroman hil 1556an.

Idelfonso Gurrutxaga (Azpeitia, 1902-Donostia, 1974) abokatua eta historialaria izan zen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako fiskal nagusi izana, Ciudad Realgo (Espainia) eta Alacanteko (Herrialde Katalanak) magistratua nahiz Tarragonako auzitegiko presidentea izan zen. Espainiako Gerra amaitzean Argentinara joan zen, eta hainbat lan argitaratu zituen.

Jose Artetxe (Azpeitia, 1906-Donostia, 1971) kazetaria eta idazlea zen. Hainbat lanetan aritua, EAJko militantea izan zen hainbat urtez, baina euskal abertzaletasunari eta errepublikaren aldeko aldarriari uko egin zion gerora. Gainera, nazionalekin aritu zen gerran. Gerora, Donostiara joan zen bizitzera, Gipuzkoako Aldundiak artxibozain lana eskainita. Hainbat eta hainbat artikulu idatzi zituen, besteak beste, ABC, El Correo, El Faro de Ceuta, El Telegrama del Rif, Informaciones o La Gaceta del Norte egunkarietan nahiz Argia, El Día eta Yakintza aldizkarietan gerraren aurretik, eta Zeruko Argia, Aranzazu eta Hoja del Lunesen gerra ostean. Gainera, hainbat biografia lan idatzi zituen, hala nola Elcano (1941), San Ignacio de Loyola (1941), Urdaneta (1943), Legazpi (1947), San Francisco Javier (1951) eta Lope de Aguirre, traidor (1951).

Damaso Azkue auzoak izen bereko enpresariari egiten dio erreferentzia. Hain zuzen ere, auzoa eraiki aurretik izen hori zuen enpresa zegoen eremu hartan, eta eraikitzean enpresariaren eta izen bereko lantokiaren izena jarri zioten auzo berriari.

Jose Antonio Agirre (Bilbo, 1904-Paris, 1960) Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria izan zen, 1936an izendatuta. Abokatua zen, Deustuko Unibertsitatean ikasia, eta urtebete egin zuen lehendakari karguan. Izan ere, Bilbo Frankoren tropek hartu zutenean Bartzelonara joan zen Agirre, eta 1939an, Parisera erbesteratu zen. Bigarren Mundu Gerraren eztandak eta nazien jarraipenak ezkutatuarazi egin zuen, eta AEBetara egin zuen ihes. 1945ean Parisera itzuli zen.

Ignacio da Perez Arregi plazari izena ematen dion pertsonaren izena. Politikaria zen, 1884an Azpeitian sortua, eta Filosofia eta Letrak nahiz Zuzenbide kasketak egin zituen Salamancan zein Valladoliden (Espainia), eta alderdi integristako militantea izan zen. 1905ean zinegotzia izan zen Azpeitiko Udalean, eta Gipuzkoako diputatua 1913tik 1926ra bitartean. 1982an hil zen Donostian.

Julian Elorza (Azpeitia, 1879-Donostia, 1964) abokatua eta politikaria izan zen. Gipuzkoako diputatua izan zen 1911 eta 1931 urteen artean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko presidentea 1919tik 1924ra. Abokatu aritu zen politikan bidea egiten hasi aurretik.

Pertsona horiek guztiak historikoak dira, eta denek badute beste zerbait ere komunean: gizonak dira. Ez da kasualitatea, eta Azpeitikoa ez da kasu isolatua; izan ere, Euskal Herriko gainerako herrietan eta hirietan ere antzekoa da egoera. Pasatuko al dira inoiz emakume izenak salbuespen izatetik herriaren erdiguneko lekuei izena ematera?

Garate Anaiaren eta Paulo VI auzoen arteko eskailerak. (Kris Fernandez)

Azpeitiko kale izendegia

Kale izendegi hau 2008an Azpeitiko Udalak eguneratu eta Euskaltzaindiak onartutakoa da (*dute harrezkero izendatutako leku izenek).

Auzoa

Agirre auzoa. Aratzerreka auzoa, Arriaga auzoa,  Barrenetxe auzoa,  Eizagirre auzoa.  Elosiaga auzoa,  Enparangain,  Etxe-Alai auzoa,  Garate Anaiaren auzoa,  Garmendi auzoa, Izarraitz auzoa,  Joan XXIII auzoa,  Loiola auzoa,  Magdalena auzoa,  Nuarbe auzoa,  Odria auzoa,  Oñatz auzoa,  Paulo VI auzoa,  Salbe auzoa,  Santutxo auzoa,  Soreasu auzoa, Urbitarte auzoa.

Kalea

Amue kalea, Antzibarrena kalea, Arana kalea, Aranagoikoa kalea, Aitzuriaga kalea, Bustinzuriko Errebala, Elizkale kalea, Enparan kalea, Erdikale kalea, Errekalde kalea, Euskal Herria kalea, Garmendipe kalea, Gerratxiki kalea, Gerraundi kalea, Goiko kalea, Ibaieder kalea, Ibaiondo kalea, Ildefonso Gurrutxaga kalea, Iñaki Azpiazu kalea, Jose Artetxe kalea, Kaleaundia, Kalebarrena, Kerexeta kalea, Ondarra kalea, Orendaundi kalea, Perdillegi kalea, Done Jakue kalea, Zerralde kalea, Txaribarko Errebala, Kaletxiki, Urola kalea, Zubizar kalea, 1766ko Matxinada kalea*.

Industrialdea

Anardi industrialdea, Basarte industrialdea, Gallegi industrialdea, Garmendigain industrialdea (Oñatz), Larrañaga industrialdea, Olalde industrialdea, Urtzelaieta industrialdea.

Plaza

Antxieta plaza, Balentina Agirre plaza*, Damaso Azkue plaza, Iberotarren plaza, Jose Antonio Agirre plaza, Plaza Nagusia, Olazko Andre Mariaren plaza, Perez Arregi plaza, Plaza Txikia.

Pasealekua

Foru pasealekua.

Etorbidea

Artzubia etorbidea, Julian Elorza etorbidea, Landeta etorbidea, Loiolako Ignazio etorbidea.

Bidea

Oñazbidea.

Estrata

San Martin estrata, Julian Barrenetxea estrata*.

(Joan XXIII auzoa. (Kris Fernandez)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide