Atzera begira

Lehen kolpea etxean jasotako boxeolaria

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 30a, 09:00

Antton Iraeta. (Ihintza Elustondo)

Amateur gisa saio batzuk egin ostean, 1980ko urtarrilaren 6an egin zuen debuta boxeolari profesional moduan Iraetak, 29 urterekin. Guztira, hiru urte eta erdi egin zituen profesionaletan, eta 31 lehia jokatu zituen ibilbide horretan. Atzera begira jarri da 2021eko abenduko Uztarria aldizkarian.

Batean eta bestean kolpeak jasotzera ohituta egoten dira boxeolariak. Aitzitik, Antton Iraetak (Azpeitia, 1951) ez du boxeoan jaso bizitza honetako zaplastekorik handiena. "Nik jaso dudan kolperik handiena ba al dakizue nork eman zidan? Aitak. Egun batean eskolatik piper egin nuen, eta gero, maisuak eta aitak topo egin zuten txikiteoan. Hark esan zion ez nintzela eskolara joan. Etxera etorri zenean, sekulako belarrondokoa eman zidan. Oraindik ere ederki gogoratzen naiz".

"Gizon serioa" zen Iraetaren aita, eta era batera edo bestera, hark baldintzatu zuen semearen ibilbidea. "Nik boxeoan aritu nahi nuen, baina aita zenak ez zidan uzten", dio. Ez, ordea, kirol hori gustuko ez zuelako. "Berari ikaragarri gustatzen zitzaion, baina ez zuen nahi ni boxeoan aritzea. Ez dakit zergatik". Oztopo horren aurrean, beste hainbat kirol probatu zituen Iraeta gazteak: bizikleta, motokrosa... "Bizikleta gustatzen zitzaidan gehien, baina nire gorputza handi samarra zen bizikletan aritzeko. Futbol zelaia ere etxe ondoan neukan, baina futbola ez zitzaidan gustatzen. Orduan, motokrosa probatu nuen, eta horretan aritu nintzen".

Gaur egun Garmendipe futbol zelaia dagoen inguruan jaiotakoa da Iraeta; zehazki, lehen Ondarbide taberna zegoen eraikinean –egun kebab jatetxe bat dago bertan–. Azpeitiar-azpeitiarra da, beraz, nahiz eta azken 40 urteetan Donostian bizi den. Haren benetako afizioak eraman zuen hiriburura. "Soldaduska amaitu nuenean, aita hil egin zen, eta orduantxe erabaki nuen boxeoan hastea. Azpeitian ez zegoen horretarako aukerarik, eta Donostiara joan nintzen". Donostiara ezkondu zen, eta ordutik ez da gehiago Azpeitian bizi izan. Gaur egun, gutxi etortzen da sorterrira, "enkarguren bat egitera-edo baino ez".

Dena den, Donostiara joateko erabakia hartu aurretik, Azpeitian ere egin zituen boxeo entrenamendu batzuk. "Beixama udaltzainarekin hasi nintzen ikasten. Boxeolaria izandakoa zen, eta harekin ibiltzen nintzen, Azpeitiko futbol zelaiko aldageletan". Gero, beste azpeitiar batekin ere topo egin zuen kirol ibilbidean: Jose Mari Unanue Muxugorri izan zuen manager.

Amateur gisa saio batzuk egin ostean, 1980ko urtarrilaren 6an egin zuen debuta boxeolari profesional moduan Iraetak, 29 urterekin. Guztira, hiru urte eta erdi egin zituen profesionaletan, eta 31 lehia jokatu zituen ibilbide horretan. Jendeak pentsa dezakeenaren kontra, gimnasioan baino, lanean zaildutako boxeolaria zela dio. "Aitak pentsu biltegia zeukan, eta han ibiltzen nintzen, zakuekin batera eta bestera. Horrela indartu nintzen ni; sekula ez dut hartu pisu bat giharrak egiteko". Profesionaletan aritu zen hiru urte eta erdi horietan, baina, gainontzeko lanak albo batera utzi eta boxeoari eskaini zion lanaldi guztia. "Egunean zortzi ordu entrenatzen nituen: goizean eta arratsaldean launa".

Antton Iraeta, egungo eta aspaldiko argazki banatan. (Jon Artano)

Boxeolari ona izateko, gogor entrenatzeaz gain, zenbaitek pentsa dezake odol beroa beharko dela. Dena den, kontrakoa adierazi du Iraetak: "Hori da kirol honetan izan daitekeen akatsik handiena". Haren arabera, burua da garrantzitsuena. "Aurkaria ondo aztertzea da gauzarik inportanteena, nire ustez. Estratega izan behar da, arratoia". Bera zer-nolako boxeolaria zen galdetuta, argi dio: "Kabroia. Teknikoa ez nintzen ni, baina indarra nuen, eta sekulako barrabilak". Metro eta 80 zentimetro altu den arren, "boxeorako txikia" zela adierazi du. "Horregatik, neure estrategiak nituen".

Kirol arriskutsuaren fama izan dezake boxeoak, baina hori ere ez dela horrela dio Iraetak. "Bai zera! Ondo entrenatzen baduzu, ez daukazu arriskurik. Motoarekin istripu bat izatea bezala da; gerta daiteke, baina ondo ibiliz gero, arrisku hori saihesten duzu". Hark ez du sekula "aberia handirik" egin boxeoan. "Oraindik sudurreko hezurra nirekin daukat. Boxeolari askori puskatu egiten zaie, eta kendu egin behar izaten dute. Baina nik hemen daukat oraindik", esan du sudurra seinalatuz.

Hamaika anekdota

Boxeoaren eskutik, hamaika bizipen gorde ditu Iraetak oroitzapenen tiraderan: Londresko Olinpiar Jokoetan aritzeko aukera izan zuen, baina ez zen joan; Pantera Rodriguez Espainiako txapeldunari irabazi zion Bilbon; Italiako lehia batean korrika irten behar izan zuen ringetik... Ez zaizkio amaitzen hango eta hemengo kontuak.

Dena den, azken anekdota hori ondo azaldu nahi izan du. "Donostiara etorri nintzenean, Paco Bueno boxeolari ohia ezagutu nuen. Hark hainbat aholku eman zizkidan, eta honako hau izan zen horietako bat: 'Boxeo saioaren hasierako kanpaiak jotzen duenean, aurkaria agurtu ohi da, baina kontuz! Norbaitek agurtu beharrean kolpe egingo dizu eta'". Kanpai hotsak eman ohi dio hasiera lehiari, eta behin soinu hori entzutean, libre da aurkaria jotzea, nahiz eta ez den kirol horretan ondo ikusia, inolako ikuskizunik gabe amaitzen delako saioa. "Ez da etikoa". Italiako lehia hartan, Buenoren esanaz gogoratu eta horixe egin zuen Iraetak: agurreko unean, aurkariari kolpe egin. Baina lasai-lasai gelditu ez, eta korrika ihes egin behar izan zuen ringetik. "Kobratu ere egin gabe alde egin nuen Italiatik". Hala eta guztiz, handik denbora batera, Italian beste lehia bat jokatzeko aukera suertatu zitzaion, eta orduan kobratu zuen aurrez kobratu gabe utzitakoa. Orduan ere, ez zegoen lasai-lasai, nonbait. "Barrabiletako babeskian dirua sartuta igo nintzen ringera".

Boxeoaren bueltan, kirolari lotutako balioak ez ezik, bestelako mundu bat ere sortzen zela oroitu du Iraetak. "Festa eta dirua mugitzen zituen boxeoak. Orduan ondo irabazten zen boxeoan; diru aldetik, haiek izan ziren nire urterik onenak". Boxeoaren bueltako mundu ilun hori ezagutzeko aukera izan zuela adierazi du. "Las Vegasera [AEB] eraman ninduten behin, eta zera esan nuen: 'Ni hona ez nator gehiago'. Tentsio handia zegoen, interes asko... Ahalegina egin nuen mafia mundu horretatik pixka bat aldentzeko".

Iraeta, Donostiako Errotaberri auzoan. Han bizi da egun. (Ihintza Elustondo)

Profesionaletan debuta egin eta hiru urte eta erdira utzi zuen boxeoa Iraetak. Dena dela, damututa dago kirol hori azkarregi utzi izanaz. "Ezkondu egin nintzen, eta... Etxe aldera gerturatzea tokatu zitzaidan". Beste bizpahiru urtez jarraitzea gustatuko zitzaiokeela onartu du. "Esperientzia nuen, eta uste dut onenean utzi nuela. Oraindik banuen maila onean jarraitzeko gaitasuna".

Penak pena eta damuak damu, ordutik ez da boxeoan aritu Iraeta. Kirolari profesionala izateari utzi zionetik, bestelako hainbat gauza probatu ditu, ordea: baserriz baserri kamioiarekin esnea biltzen aritu zen, Aldalur autobus enpresan lan egin zuen, Hernaniko (Gipuzkoa) autobusa gidatzen aritu zen, jubilatu ostean Ekuadorren dantzaleku bat kudeatu zuen, Oiartzunen taberna bat izan du orain gutxira arte, sagardotegi bat ere bai Usurbilen (Gipuzkoa)...

Boxeoa ez bada, lana edo negozioa. Argi dago Iraeta ez dela geldirik egotekoa. Hil honetan 70 urte beteko ditu, eta planak eta ametsak ez ditu falta. "Pentsa zer diren gauzak: lehen ez nuen nahi izaten ozeanoa gurutzatzea, eta egun, Dominikar Errepublikara joaten naiz". Aurki hara joateko asmoa du, eta Euskal Herrian bezalaxe, seguru han ere asmatuko duela zer egin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide