Klik!

Kanpotik ikusten direnak

Leire LarraƱaga eta Mailo Oiarzabal 2021ko abe. 19a, 08:23

Txikiak, handiak, zaharrak, berriak, arruntak edo bereziak, hormen ahoak eta begiak. Leire Larrañagak herriko hainbat ate eta leiho jasoak ditu argazkietan eta horietako batzuekin osatutako bilduma da 2021eko abenduko Uztarria aldizkariko Klik! argazki erreportajean jasotako hau.

Denboraren lorratzak

Harrizko murruaren gris iluna kolorez argitzen du egurrezko ate berdeak Loiolan. Ez da sartu-irten askoren pasabide diren horietako bat, tarteka baino irekitzen ez duten horietakoa baizik, irekitzen badute. Aspaldian zaintza handirik ez duela jaso antzematen zaio, berdea kolorgetuta eta barren aldea hezetasunarekin ustelduta.

Gardena

Egurrezko hezurdura xumea eta burdin sarea, baratzerako eta atzeko etxola sendoagorako sarrera, bi aldeetara hedatzen den burdin sarearen erdian. Gordetzeko zerbait bai, baina ezkutatzeko ezer ez du parrokia atzean Txaribarko Errebala eta Soreasu auzoa lotzen dituen bidean dagoen ate honek.

Utzitakoa bizirik

Urolako Tren zaharraren Loiolako geltokia izandakoaren ateetan eta leihoetan ere agerikoak dira denboraren lorratzak. Hortzak falta dituen ahoa dirudite atearen goiko aldeko kristaletako hutsuneek, eta keinua botatzen ari dela dirudi leihoak. Utzitakoaren zantzuen artean, ordea, bizi zantzuak erakusten ditu atearen kontra bermatutako bizikletak.

Bizi direnak

Leiho atzeetan bizi direnen eta bizirik dirauten leihoen seinale dira sarri esekitako arropak. Madalenako etxe honetan lehorrak aireztatzera atera dituzte batzuek, eta garbitu berriak eguzkitan lehortzera besteek.

Itsu eta mutu

Loiolako baserri bateko pareta zati honetan, bi leiho ziren tokian bakarra gelditzen da bere horretan. Behekoa erabat itsu eta mutu utzi zuten, paretarekin bat eginez, behin izan zenaren orbanak han dirauen arren. Goikoak eutsi egiten dio, lausotutako begi bakarraren pare bada ere.

Begiak horma irudira

Zaharkitutako eta utzitako industria eraikin horietako bat, Landetan. Itxuraz aspaldi ireki gabeko atea eta bi leiho; eskuinekoak ez bezala, ezkerrekoak kristal guztiak osorik mantentzen ditu burdinezko babesaren atzean. Ate-leiho goibeletara baino, gisa bereko pareta zipriztintzen duten margo eta zirriborroetara jotzen du begiak.

Norako?

Santutxorako eskaileretan gora, metalezko baranda eteten du erdibidean zurezko atexka honek. Argazkian ageri den gisan, ateak apaingarri bitxia dirudi, baina badu beste eginkizunik, baratze bateko sarrera baita.

Berriena

Olazko Andre Mariaren plaza eta Etxe Alai lotzen dituena da Azpeitian kalean jarri zuten lehen igogailua, eta bilduma honetako aterik berriena ere bada igogailu horrena. Metalezko eta kristalezko egiturarako sarrera dotore ageri da argazkian zuhaitzez eta zuhaixkez inguratuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide