Asteazkenean egingo dute Ekindar kooperatiban interesa dutenei zuzendutako batzarra

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 11a, 08:32

Sanagustinen egingo dute batzarra, 19:00etan hasita. Ekindarren sustatzaileen arabera, "energia sorkuntzarako aukera berritzaileak aztertzeko eta garatzeko bitartekoa" izan nahi du kooperatibak. Horretarako, Azpeitiko lursail batean eguzki panelen instalazioa eraiki eta martxan jarriko dute, modu horretan herriko 450 familiaren edota merkatari txikiren elektrizitate beharrei erantzuteko.

Ekindar Azpeitiko energia kooperatibaren sustatzaileek herritarren parte hartze aktiboa sustatzeari eta kooperatiba osatzeko prozesuari ekin diote, eta lehen hitzordua asteazkenean, hilak 15, jarri dute. Hain zuzen, Ekindar proiektuan interesa duten herritarrei zuzendutako bilkura izango da. Sanagustin kulturgunean jarri dute hitzordua 19:00etan.

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Mondragon taldeko Krean erakundeak joan zen otsailean aurkeztu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrietan zein eskualdeetan energia arloko kooperatibak bultzatzeko asmoz sortutako Ekiola proiektua Azpeitian. Energia autokontsumorako lehen kooperatiba Azpeitian sortuko zutela iragarri zuten, eta lehen pausoak emanda, errealitate bihurtzear da proiektu hori. Izan ere, otsailaz geroztik, Azpeitiko proiektua garatzen, kooperatiba sortzen eta izapide administratiboak egiten aritu dira herriko hainbat erakunde eta eragile.

Ekindarren sustatzaileen arabera, "energia sorkuntzarako aukera berritzaileak aztertzeko eta garatzeko bitartekoa" izan nahi du kooperatibak. Horretarako, Azpeitiko lursail batean eguzki panelen instalazioa eraiki eta martxan jarriko dute, modu horretan herriko 450 familiaren edota merkatari txikiren elektrizitate beharrei erantzuteko.

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da Ekindar haren bultzatzaileen hitzetan, eta erakunde hori %100 azpeitiarrena izango dela kilometro 0 energia berdea sortuko duela adierazi dute sustatzaileek. Bazkide egiten diren herritarrek 25 urterako argindarra sortzeko gaitasuna duen instalazio bateko kooperatibista izango dira. Gainera, horiek ohi baino merkeago eskuratu ahal izango dute argindarra, eta egindako diru ekarpena urte gutxiren buruan amortizatu ahal izango dutela jakinarazi dute proiektuaren sortzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide