Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Nerea Uranga-Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 9a, 17:14

Gaur onartu dute Ingurumen Administrazioaren Legea Eusko Legebiltzarrean. (Irekia)

Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. Oposiziokoek kontra egin zuten, hau da, EH Bilduk, PP-C’s-ek, Elkarrekin Podemos-IUk eta Vox-ek. Azpeitian lege horren aurkako mozioa onartu zen azken udalbatzarrean.

Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Lege horrek udalen eskumenei bete-betean eragiten diela eta, eztabaida egon da proiektuaren prozeduran. Izan ere, EAJk sartutako zuzenketa baten ondorioz –PSE-EEk babestuta–, interes orokorreko proiektua izeneko figura sortu dute. Figura horren bidez, gobernuak eskumena izango du proiektu bat "interes orokorrekoa" dela esateko, eta kasu horretan, udalek ezingo diote uko egin beren herrietan proiektu hori gauzatzeari. Zuzenketa hori kontuan hartuta, eta legearen aurka eginez, EH Bilduk mozioak aurkeztu zituen herrietan azaroko udalbatzarretan.

Azpeitian aurrera atera zen Interes Publiko Goreneko Proiektuen (IPGP) erregulazio berriari buruzko mozioa, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren aurkakoekin. Gasteizko Legebiltzarrean izapidetze fasean zegoen Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektuari Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako zuzenketa batean zegoen jasota IPGParen figura sortzea, eta zeresana ematen ari zen zuzenketa hori, tokiko arauen eta administrazioen gainetik jarriko bailituzke Jaurlaritzaren irizpideak eta asmoak, hainbat proiektu interes publiko goreneko izendatze soilarekin. "Aldaketa horren bidez, Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio ustezko ingurumen hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura Interes Publiko Goreneko Proiektu izendatzeko, baldin eta sustapen publikoa badago", dio EH Bilduren mozioak. IPGP izendapenak "lurralde antolamenduko eta hirigintza plangintzako tresna guztiak azpiegitura berrira egokitu beharra" ekarriko duela zioen koalizioak, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) "baliogabetu" egingo duela.

Mozioan, Eudeli eskatzen zitzaion IPGParen aurka egitea. Azpeitiko alkateak azaldu zuenez, Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektuari oniritzia eman zion Eudelek, baina Jaurlaritzaren azken proposamen hori jaso aurretik. "Horregatik, berriro Eudeletik pasatzea eskatzen dugu", zioen azken udalbatzarrean Alkortak. Alkatearentzat, izan ere, "horrelako erabakiak atzeko bidetik hartzea larria da". IPGPak aurrera egitea "tokiko  autonomia guztia eta EAEko eskema instituzionala zapaltzea" litzateke, "errespetu falta bat". EAJren udal taldea, aldiz, Jaurlaritzaren asmoen alde agertu zen. Klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko hartu beharko diren neurrien kasuan, "helburu amankomun hori ezin da egon tokiko interesen menpe", jeltzaleen ustez, "baldin eta murgilduta gauden klima mehatxuari erantzuteko proiektu estrategikoak oztopatzen baditu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide