Soreasu leporaino, Adam Ondraren solasaldian

Ihintza Elustondo 2021ko abe. 11a, 11:16

Lagun Onak Mendi Bazkunak sustatutako Mendiko Ahotsak zikloaren barruan, hitzaldia eman zuen atzo Adam Ondra eskalatzaile txekiarrak. Patxi Usobiagak gidatu zuen saioa, eta jende ugari bertaratu zen.

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Mendiko Ahotsak zikloaren barruan, Adam Ondra eskalatzailearen solasaldia izan zen atzo, ostirala, Soreasu antzokian. Eskaladaren munduan lorpen handiak egindakoa da txekiarra: 9b+ eta 9c zailtasun mailako bideak eskalatu dituen lehenengoa da, 9a zailtasuneko ia 200 bide eskalatu ditu, dozenaka domina eskuratu ditu munduko txapelketetan... Haren ibilbidearen parekoa izan zen jendeak solasaldiari egin zion harrera ere: leporaino bete zen Soreasu antzokia.

Patxi Usobiaga eskalatzaile eibartarrak gidatu zuen saioa; lagun minak dira hura eta Ondra. Bien arteko harremanetik abiatuta, txekiarrak bere ibilbide profesionala izan zuen hizpide: txikitan nola hasi zen eskalatzen, lehen txapelketak, Olinpiadak eta hara joateko egindako lana, nola eskalatu zuen 9c bidea... Ondoren, bideoz galderak egin zizkioten Ondari zenbait pertsona ezagunek: Callejak, Pou anaiek, David Broncanok, Alberto Ginesek... Bide batez, Lagun Onak Mendi Bazkuna zoriontzeko tartea ere hartu zuten horiek.

Ondoren, Soreasun bildutakoek hitz egiteko aukera izan zuten, eta jende ugari animatu zen galderak egitera. Saioaren amaieran, oroigarri bana eman zieten herriko eskalatzaileek Ondrari eta Usobiagari; Gorka Karapeto eta Leire Agirre igo ziren oholtzara, eta haiek ere beste oroigarri bana jaso zuten.

Aipatzekoa da, gainera, Ondrak hitz batzuk euskaraz egin zituela saioaren hasieran; atseginez hartu zuten detailea atzo Soreasun bildutakoek.

Datorren astean, bi saio

Mendiko Ahotsak zikloak aurrera darrai, eta datorren astean beste bi saio izango dira. Ainhoa Lendinez izango da Azpeitian asteartean, eta ostegunean beste solasaldi bat izango da; oraindik ez du zehaztu Lagun Onak MBk nor izango den hizlaria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide