Ekindar Azpeitiko energia kooperatiba jaio da dagoeneko. Atzo, asteazkena, izan zen proiektuaren aurkezpen irekia Sanagustin kulturgunean, eta dozenaka herritar joan zen bertara Ekindarren inguruan gehiago jakiteko asmoz. Bertan izan ziren Azpeitiko Nagore Alkorta alkatea eta Josu Labaka alkateordea, Amagoia Barandiaren Ekiolako zuzendaria, Hodei Arzak Mondragon Kooperatibaren Krean erakundeko kidea eta Xabier Aldalur Bertan merkatarien elkarteko teknikaria. Proiektuaren xehetasunak eman zituzten bertan, eta kooperatibako bazkide izan nahi dutenei jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren azaldu zizkieten.
Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak aurkezpena egin zuen —Ekindarren parte izango da Bertan—, eta sustatzaileen taldean dauden beste eragileen berri ere eman zuen; tartean daude, esaterako, herriko ikastetxeak eta Kulturaz nahiz Artxara kooperatibak. Nagore Alkorta alkatea izan zen hitza hartzen hurrengoa, eta argindarraren egungo egoera izan zuen hark hizpide. Izan ere, alkateak adierazi zuenez, atzo goia jo zuen beste behin argindarraren prezioak; hain zuzen ere, megavatioko 319 euroko prezioa izan zen 20:00etan. Ildo horretatik, Azpeitiko Udalak "hainbat proiektu" dituela eskuartean azaldu zuen Alkortak, eta, besteak beste, Ekindar kooperatibaren garrantzia azpimarratu zuen; izan ere, udala Ekindarren parte izango da. Ondoren, Amagoia Barandiaran Ekiolako zuzendariak hartu zuen hitza, eta Ekiolaren helburua tokian tokiko energia komunitateak sortzea zela nabarmendu zuen hark, auto hornikuntza zein auto kontsumoa sustatzeko. Hori lortzeko bidean, Ekindar "beste pauso bat" dela azpimarratu zuen.
Kooperatiba, sortuta
Hodei Arzak Krean erakundeko kidea eta Josu Labaka udaleko zinegotzia arduratu ziren, ondoren, Ekindarren inguruko xehetasun orokorrak zein teknikoak aurkezteaz. Kooperatibak hiru helburu nagusi dituela azaldu zuen Labakak: sentsibilizazioa, energiaren gaiaren inguruan gehiago jakiteko eta hori lantzeko; demokratizazioa, "oinarrizko beharra" izanik, energiak "denon eskura" egon beharko lukeelako eta hori proiektu errealen bitartez gauza daitekeelako; eta, azkenik, trantsizio energetikoa, ingurumen ikuspegia jasotzen duen proiektua delako eta gauzak "beste era batera egiteko ahalegina" egin behar delako.
Kooperatiba dagoeneko sortuta dagoela azpimarratu zuen zinegotziak, eta jada bertako kide direla, besteak bestek, Krean eta Azpeitiko Udala; horrez gain, sustatzaile talde bat ere badago, eta orain arte hartutako erabakiak talde horrekin eta herriko eragileekin hartu direla nabarmendu zuen hark. Bestalde, jakinarazi zuen kooperatibaren erabakimen ahalmenaren %70 bazkide egingo diren herritarren esku egongo dela, eta %30 bazkide laguntzaileen esku; eragile horien artean daude, esaterako, udala eta zenbait herri eragile.
450 pertsonarentzako lekua
Arzakek azaldu zuenez, Ekindarren lehen proiektua fotovoltaikoa izango da. Gutxi gorabehera 2.200 plaka ezarriko dituzte, eta plaka bakoitzak 2,2 metro koadro izango ditu; Arzaken arabera, lau pertsonaren kontsumorako bost plaka inguru beharko lirateke. Proiektuaren helburua "bazkide bakoitza bere energiaren %100 sortzeko gai izatea" dela azaldu zuen, eta horretarako, bazkide izateko interesa duten herritaren azken hiru urtetako kontsumo kurbak aztertuko dituzte. Bestalde, Arzakek argi utzi nahi izan zuen Ekindar ez dela "finantza inbertsio" bat, "energia inbertsio" bat baizik; halere, herritarrek proiektu horren bitartez dirua aurreztuko luketela azaldu zuen, eta 25-30 urterako energia propioa sortzeko gai izango direla.
Plakak ezarriko diren lursailaren eremuaren berri ere eman zuen atzo Labakak. Urrestillan, Altunako bidegurutzetik Nuarberako errepidea hartuta bidearen azpi aldean dagoen lursailean jarriko dituzte plakak, Kaminazpi izeneko eremuan. Labakak adierazi zuen "kezka" sortzen ziela zeregin horretarako nekazal lur bat okupatzeak, eta nekazal jarduera bermatzeko kooperatibak konpromisoa hartu duela jakinarazi zuen aurkezpenean. Hain zuzen ere, bi jarduera ezarriko dituzte hektarea horretan; batetik, erletegi bat ezarriko dute, eta, bestetik, landare haztegi bat. Beraz, lur eremu horri "erabilera hirukoitza" emango zaiola nabarmendu zuen zinegotziak.
Epeen berri ere eman zuen Labakak. Jadanik zabalik dago Ekindarren bazkide izateko aurreinskripzioa, kooperatibaren webgunean. Momentuz, 450 bazkide hartzeko gaitasuna du proiektuak, eta Labakak adierazi zuen, azpeitiar orok eta merkatariek izango dutela horretarako aukera. Bazkide izateko interesa dutenek webgunean bertan eman beharko dute izena, eta otsailetik aurrera bazkidetza kanpaina ere martxan izango da. Izan ere, hilabete horretan espero du kooperatibak proiektua gauzatzeko baimen guztiak martxan izatea, eta otsailean egingo dute aurrera begirako pausoak zehazteko batzarra ere.
Finantzaketa eta laguntzak
Proiektuaren gastuen berri ere eman zuten aurkezpenean; inbertsio orokorra 1.248.000 eurokoa izango da. Ildo horretatik, Labakak azaldu zuen Azpeitiko Udalak dirulaguntza lerro bat onartu duela Ekindarren bazkideentzat 2022ko udal aurrekontuetan; hain zuzen ere, 250.000 euro bideratuko dituzte laguntza horietara, eta bazkide bakoitzeko 500 euroko laguntza izan daitekeela aurreikusten da. Era berean, egoera ekonomiko larrian dauden eta bazkide izan nahi duten herritarrentzako zenbateko handiagoa egongo dela ere aurreratu zuen zinegotziak. Gainera, inbertsio orokorraren %30 finantzatzeko kreditu eskaera bat egin daitekeela ere esan zuen, eta otsailean erabakiko dela finantzaketa eredu hori onartu ala ez.
Horrez gain, Ekindarrek jaso ditzakeen erakundeen bestelako laguntzen berri ere eman zuen Arzakek. Izan ere, Europatik eta Espainiako Gobernutik laguntzak hel daitezkeela azaldu zuen Kreaneko kideak, eta hori kooperatibaren finantzaketarako "laguntza garrantzitsua" izan daitekeela.
Herritarren zalantzak
Ekindarren aurkezpenak interesa eragin zuen aurkezpenera joan ziren herritarren artean, eta hainbat izan ziren hizlariei egindako galderak. Herritarretako batek, adibidez, honakoa galdetu zuen: "Zer gertatuko litzateke 450 pertsona baino gehiago animatuko balira?". Labakak erantzun zion, eta esan zion lehen proiektu hau lehen pausoa izango dela, eta behin energia kooperatiba sortutakoan, ibilbide luzeko ikuspegia izan beharko duela.
Beste kezketako bat, ingurumenaren ikuspegitik egin zuen herritar batek, eta galdetu zuen zelai batean beharrean ea zergatik ez zuten erabaki plakak teilatuetan jartzea. Arzakek erantzun zuen "buelta asko" eman zizkiotela kontu horri, eta teilatuetan plakak instalatzeak "konplexutasuna" zuela. Era berean, "kontsumoa bermatzeko ikuspuntutik" plakak zelaian jartzea bideragarriagoa zela gehitu zuen. Labakak, bere aldetik, erantzun zuen zera jarri zutela balantzan: lursail bat okupatzea edo plakek eragingo lituzketen onurak lehenestea; onurak handiagoak izango liratekeela nabarmendu zuen, besteak beste, erabilera hirukoitza izango duelako lursailak.