Beñat Olaizola: "Jendea animatzeko, egunero jotzen dut tronpeta jatetxean"

Julene Frantzesena 2022ko ots. 1a, 09:09

Beñat Olaizola, albergako iturrien aurrean, iturriko irudia eskuetan duela. (Julene Frantzesena)

Ia mende laurdena darama Beñat Olaizolak (Azpeitia, 1976) Malagan (Espainia) bizitzen. Azken bost urteak Otola jatetxea zuzentzen daramatza buru-belarri. "Euskal etxea" deitzen dio hari, euskaldun askoren elkargune ez ezik, etxeko produktuen eta euskal ohituren topagune ere badelako. Azpeitian zela hitz egin du Olaizolak Uztarriarekin, urtarrileko aldizkariaren Zu zeu atalerako.

Noiztik bizi zara Malagan?

23 urte daramatzat han bizitzen. Joan eta etorri ibili izan naiz, urteren bat Euskal Herrian ere pasatu dut tartean, baina berriz ere Andaluziara itzuli nintzen. Orain urtean bizpahiru aldiz joaten naiz etxera, Azpeitira; Gabonetan, behintzat, ziur. Elikagaiak eta garbiketarako produktuak saltzen aritu naiz urteetan, eta egia esan, Malagara oso egokituta nago.

Nolatan zabaldu zenuen Otola jatetxea?

Jatetxeko lehengo jabeei haragia saltzen nien, eta horrela ezagutu nuen lekua. Ikaragarri gustatzen zitzaidan; izan ere, egurrezko baserri zahar bat da. Jatetxea hartu nuenetik, hainbat lan –terraza muntatu, jatetxea zabaldu...– egin ditugu bertan, eta Otola handitzen joan da zentzu guztietan: lau lagun hasi ginen lanean, eta gaur egun, hemeretzi langile gara.

Nolakoa izan da bost urteotako bidea?

Euskal Herrian lanerako beste irtenbiderik ez dagoenean jotzen dugun eremua da ostalaritza, oro har; Malagan, berriz, bizitzeko era bat da sektore hori. Askotan esan izan da andaluziarrek ez dutela lanik egiten, baina hori ez da horrela; Otolan, adibidez, ez sinesteko moduko lantaldea daukagu.

Lehenago ba al zenuen jatetxeren batean esperientziarik?

Ez. Sukaldean aritzea beti gustatu izan zait; lagunartean, soziedadean… Londresen egon nintzenean ere aritu nintzen sukalde batean lanean, baita Malagan ere. Haragia-eta saltzen pasatu nituen urteetan, berriz, jatetxe askotako sukaldariei eman nizkien aholkuak.

Haragia da zuen jatetxeko berezitasuna, ezta?

Bai, hala da. Urteetan egin nuen lan haragiarekin, eta… Elikagai onenen aldeko apustua egin dut Otolan, Euskal Herriko produktuen aldeko apustua, eta herritarrek estimatu egiten dute hori. Izan ere, lehengaiak zaindu egin behar dira. Elikagaiez gain, ordea, oso garrantzitsua da bezeroekin duzun tratua, eta horri garrantzi handia ematen diogu.

Tronpeta jotzaile bezala ezagutzen zaituzte bezero askok…

Jendea animatzeko, egunero jotzen dut tronpeta jatetxean. 11 urterekin laga nion tronpeta jotzeari, baina giroa alaitzeko asmotan kanta bat ikasi nuen, gero beste bat, eta… Giro bikaina sortzen da orain. Goxotasuna eskaini nahi izaten diegu bezeroei, modu informalean.

Jatetxea tarteko, euskaldun asko ezagutu al duzu han?

Bai. Aurtengo udan, adibidez, azpeitiar pila bat joan dira jatetxera. Egia esan, ez da egongo jatetxera euskaldunik joaten ez den egunik. Gainera, gaur egun, hiru euskaldunek egiten dugu lan Otolan, eta hori ere aldea da. Hala eta guztiz, oso turistikoa da Costa del Sol, munduko edozein txokotako jendea bizi da han.

Euskal Herriko antzinako hainbat tresna dituzu jatetxean. Bildumagilea al zara?

Azpeitiko hainbat tresna dauzkat jatetxean; taloak egiteko makina, gurina egiteko barrika, segak, trontzak, laiak… Bitxikeria bat ere bai: lagun batek Azpeitiko alberga zaharrean dauden iturrietako kareten berdina den pieza bat topatu zuen Mallorcako azoka batean, baina ezin izan zuen erosi. Mallorcan banuen lagun bat, eta hari deitu eta kareta lortzeko eskatu nion. Molde gehiago egingo zituzten nonbait, eta… Nola iritsi ote zen irudi hura Mallorcaraino! Lagun hark erosi egin zuen kareta, eta orain jatetxean izaten dut ikusgai irudia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide