Elkarrizketa

Garbiñe Larrea: "Gizarte honetan, osasuna ez da balio garrantzitsua"

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 22a, 11:15

Larrea, liburua eskuetan duela. (Arnaitz Rubio Aprea)

Sendabelarrek dakitena liburua kaleratu du Garbiñe Larreak, Argiarekin. 45 sendabelarren inguruko informazioa bildu du lanean, eta haiek sor ditzaketen onurak nahiz kalteak zehaztu ditu. Osasun arloan autonomia bultzatzeko gida izan nahi du liburuak: "Norberak bere botikina sortzearen ideia gustatzen zait". 2022ko urtarrileko Uztarria aldizkarian hitz egin du Larreak, liburuaz eta bestez.

Sei urte daramatza Azpeitian bizitzen Garbiñe Larreak (Urnieta, Gipuzkoa, 1976). Bizitokia bertan izateaz gain, lanaren zati bat ere Azpeitian egiten du; Kiribil belar dendan egiten ditu kontsultak. Ondarroako (Bizkaia) eta Donostiako belar denda banatan ere lan egiten du. Azpeitiarra ez izanagatik, liburuak herrian oso harrera ona izan duela aitortu du. "Azpeitian aurkitu dut tokia, jendeak asko lagundu dit, eta oso harrera ona izan du liburuak. Hunkitu egin nau horrek, eta horregatik aipatu dut liburuan Azpeitian bizi naizela, nahiz eta Urnietan jaio nintzen. Babes handia sentitu dut".

Naturopata eta iridiologoa zara, baina bere garaian Zuzenbidea ikasi zenuen. Noiz desbideratu zen bide hori?

Halabeharrez desbideratu zen. Inoiz ez nukeen pentsatuko mundu honetan lan egingo nuenik. Beste asmo batzuk nituen, eta Zuzenbide ikasketak bukatu egin nituen. Baina gaixotu egin nintzen, eta laguntza behar izan nuen; orduan beste bide bat hasi nuen. Konturatzerako, formatzeari ekin nion, eta jendeak aholkua eskatzen zidan. Horregatik, hobeto formatzeko beharra sentitu nuen. Naturopatia ikasketak ez dira arautuak, eta beraz, ikastaro presentzial asko egin nituen. Sektorea ez dago ofizialduta, eta askotan pentsatu dut, noiz edo noiz gure jarduna mugatu nahi duten momentua iristen baldin bada, agian zuzenbidera bueltatuko naizela. Hor dago egindako ikasketa hura. Ikasketak amaitzean, hainbat lanetan aritu nintzen –euskalgintzan urteak egin nituen, esaterako–, baina naturopatiarena beti hor egon den zerbait izan da. Orain lan dibulgatiboa egitea tokatu zait, baina urteetan isileko lana izan da. Egia esan, ikasketena xelebrea da; jendeari arraroa egiten zaio. Zera esaten didate: "Nolatan ez zara abokatu?". Badaukat izateko aukera, baina horrekin zer irabazten duzun, zer galdu, nola bizi nahi duzun... Nire buruari galdera asko egin dizkiot. Bidea hau izan baldin bada, gailendu egin delako da. Eta ez naiz batere damutu.

Formazio asko eta asko egindakoa zara: fitoterapia, naturopatia, ayurveda... ikasi duzu.

Egindako ikastaro asko eta asko ez ditut hartzen benetakotzat, desengainuak izan direlako. Gaur egun, ikastaro asko etxe komertzialek planteatzen dituzte, eta beraz, ez dira benetako formazioak, interes jakin batzuekin antolatutakoak direlako. Zoritxarrez, horrelako asko dago. Nire ustez, formazio autodidakta ez da nahikoa arlo honetan, zerbait gehiago behar da, eta homologatu egin behar dira ikasketak. Naturopatiaren federazioek borroka hori daukate. Europan hainbat estatuk eman dute pausoa, eta ikasketak ofizialtzea eskatzen dugu.

Formatzea ez da oso modan dauden online ikastaro laburrak egitea eta pentsatzea horrekin nahikoa dela. Potentzial handiko eremua da landareena, baina kalte handia egin dezakeena ere bai. Argiak liburua egiteko eskaintza egin zidanean, zer eratako liburua egin nahi nuen hausnartzeko esan zidaten, eta oso garbi neukan ezin zituela hutsune batzuk eduki; hau da, albo ondorioak, toxikotasuna... agertu egin behar zirela lanean. Ematen du landareak ez daukala alde hori, eta nik beti esaten dut landarea ondo ikusi behar dela, lilurarik gabe, onerako duen indarra txarrerako ere izan dezakeelako. Zehaztapen lana egin beharra dago: landarea nola erabili, zer neurritan, nork... Gaur egun, askotan ez da ondo egiten dibulgazioa. Google automedikatzeko toki ederra da, baina ez da toki ona sendabelarrei buruz benetako informazioa jasotzeko. Horrez gain, aintzakotzat hartzen ez diren emakumearen inguruko gai asko daude. Gu hormona ziklo baten pean egoten gara bizitzako urte askotan, baina horrek ez du existitzen sendabelarren planteamendua egitean, eta nire ustez, horrek presente egon behar du. Kezka horietatik abiatuta, fabore eske ere ibili naiz, hainbat datu kontrastatzeko. Nahiz eta liburuan nire izena jartzen duen, talde lanean egindako gauza bat dela sentitu dut.

Badago naturopatiaren eta sendabelarren munduarekiko mesfidantza gizartean; hedatuta dago zientifikoki frogatu gabea den ustea.

Bai, badago hori. Baina, aldi berean, botika batera joaten zara, eta iruditeria guztia sendabelarrena da; gainera, botiketan ere saltzen dituzte sendabelarrak. Beraz, zientifikoa izatea, ez izatea... Europako farmacopea sendabelarretan oinarrituta egin izan da azken bost mendeetan, eta, nire ustez, sendabelarrek funtzionatzen dutela ukatzea gaia ez ezagutzea da.

Ikastaroak egiten eta formatzen urte asko daramatzazun arren, etxetik datorkizu sendabelarren munduarekiko harremana. Zer jaso duzu etxean?

Azaleko arazo asko izan nituen haurtzaro guztian, eta ikusten nuen etxean bi bando zeudela: batetik, medikuarekiko fedea zuena, eta bestetik, etxean ukendua egiten zuena. Gure amonak ere arazo nahiko larriak izan zituen azalean, eta berak asmatu zuen horiek sendatzen. Gainera, Urnietan izan zen Joxe Intxausti izeneko gizon bat, herriko petrikiloa-edo zena, eta liburuan atal bat eman diot hari; asko transmititu zuen hark. Jakintza horri bizkarra ematen ari ginen sentsazioa neukan, eta berreskuratzeko lana etxetik bertatik hasi behar zela. Inguruan banuen ondare immateriala, dokumentatu gabea, baina erabilgarritasuna duena eta bizirik dagoena.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Sendabelarrek dakitena izenburua jarri diozu liburuari. Baina zuk zer dakizu sendabelarrez?

Konturatu naiz uste baino gutxiago nekiela, eta hori ona da. Izan ere, beti esaten dut sendabelarrak biltzeko makurtu egin behar dela, eta makurtzea bada umiltzeko ekintza bat. Nik dakidanaren zati handi bat arituaren poderioz ikasi dut. Astero aurrez aurre ikusten ditut arazoak dituzten pertsonak, eta horiekin lan klinikoa egin behar da: pertsona horiei jarraipena egin behar zaie, ikusi sendabelarra hartuta nola dihoakien... Eta askotan ikusi dut oinarri teoriko batzuk zalantzan jarri beharra dagoela, ikusten duguna askotan ez delako oinarri teorikoarekin bateragarria. Arituaren poderioz, iruditzen zitzaidan sendabelar batzuk oso ondo ezagutzen nituela, baina oraindik ere harritu egiten naute.

45 landare sartu dituzu liburuan. Sendabelar horiek zer-nolako onurak ekar diezazkieke jendeari?

Norberak ezagutu behar ditu bere beharrak, puntu ahulak, eta behin hori eginda, jendeari esaten diot sendabelarrak biltzeko eta prestatzeko, behar horiek agertzen direnerako zenbait gauza orokor eskura izateko. Eta, hala ere, opa diot beharrik ez izatea horiek erabiltzeko. Paradoxa dirudi, baina niretzako garrantzitsua da baliabide batzuk eskura edukitzea. Lotarako arazorik ez duenak ez ditu beharko liburuan dauden zenbait erremedio, baina denoi gerta dakiguke zauri bat egitea edo kolpe bat hartzea. Ez daukagu horren kontzientziarik, baina oso zaurgarriak gara: segundo gutxitako kontua da gaixotzea edo min hartzea. Horren aurrean, niri asko gustatzen zait etxeko botikinaren ideia.

Autonomia sustatu nahi duzula esan izan duzu.

Autonomia izatea puntu batera arte da posible. Diabetikoen kasuan, esaterako, ezin da autonomia askorik landu sendabelarrekin; halako kasuetan, elikadura da funtsezkoa. Zenbait kasutan, motz geldi gaitezke, zalantzarik gabe. Baina diabetikoak zirkulazio arazoak ere izango ditu, eta horretarako izan ditzaket baliabideak nik. Autonomiaren kontua higienistei entzun nien lehen aldiz; norberak berak behar adina botika egitea bada autonomiaren ideia. Eta kosmetikoekin ere landu daiteke autonomia; ikastaroetan jendea oso gustura ikusi dut xaboia edo hortzetako orea nola egin ikasten. Halakoen eskaera badago, eta horiek ere jaso nahi izan ditut liburuan.

Egungo gizartean, errazegi hartzen al dira botikak?

Bai eta ez. Niretzat hori ez da kritikatzekoa; horrela antolatutako gizarte batean bizi gara. Ume-umetatik oso erraza da horretara jotzea, eta gaixoaren autonomia sustatzea oso zaila izaten da. Jakintza arloak, espezializazioak, oso estankoak dira, eta ematen du zerbaitez dakienak erabat dakiela horretaz. Baina medikuak esandakoa erabat betetzen duen jendearekin ez dut inolako gatazkarik bizi; gainera, batzuetan autonomia baliatzea ere ez da posible. Hau da, norbaitek ikusmen arazo larri bat baldin badu, edo gaixotasun kroniko bat okerrera egingo duena, ezin dugu sendabelarrekin ezertxo ere egin. Beste batzuetan, aldiz, ikusten dugu botika asko behar duen pertsona bati gaitza hobeto eramaten lagun diezaiokegula sendabelarrekin. Ez dago zuri edo beltzik. Nik sukarra baldin badaukat, parazetamol hartuko dut; ez daukat inolako zalantzarik. Askok ez dute hori ulertzen, baina nik zenbait sendabelarren infusioa hartzea baino nahiago dut aspirina bat hartzea. Naturala izateak niretzat ez du esan nahi erabat segurua denik.

Medikuntza ofiziala eta tradizionala uztartu egin behar direla uste al duzu?

Bai, behar hori dago. Eta hori ez dut nik esaten, Osasunaren Mundu Erakundeak esaten du: medikuntza tradizionalak lerro ofizialean txertatu behar direla, eta badaude hainbat herrialde dagoeneko egiten dutenak. Askotan, hain justu, aurrezaintza egiten dute medikuntza tradizionalen bidez, prebentzio lana. Gertatzen dena da hemen prebentzioak ez daukala fama onik; gaixo edo gaizki gaudenean joaten gara laguntza eske. Batzuetan berandu izan ohi da, etxeko lanak lehenago egitea komeni delako.

Ilena belarra du eskuetan Larreak, eta berak egindako ukendua da irudian ageri dena. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zuk esandakoa da: "Nire ustez, gizarte honetan osasuna ez da balio garrantzitsu bat".

Ez, nire ustez balio garrantzitsuak beste batzuk dira. Adibidez, norbaitek erabakitzen baldin badu gaixotasun bat eduki gabe alkoholik ez edatea, epelak entzungo ditu. New Yorketik Azpeitira bizitzera etorri bazara, oso onartuta dago esatea beganoa zarela eta ez duzula edaten, baina aldamenekoari ez zaio hori egiten uzten. Osasuna lehenesteagatik hainbat erabaki hartzen badituzu, gizartean beste printzipio batzuk topatuko dituzu. Gure bizimodua ere halakoa da: hemen jendea 21:00etan edo 22:00etan iristen da etxera, eta horrela, ezin da goiz afaldu, goiz oheratu... Eta sendabelarrek ezin dute bizi estilo desegoki bat inola ere konpentsatu. Askotan esaten diet pazienteei: "Zu anbulatorioko pilula gorriarekin zatoz, eta nik ez dizut pilula berdea emango". Hori ez da planteamendu errealista. Uste dut estimazio handiagoa daukala pintxo poteoak osasunaren izenean egiten diren beste hainbat gauzak baino. Norberak bere gorputzarekin nahi duena egin behar duela esaten dugu, baina puntu batera arte onartzen dugu hori.

Osasunaz inoiz baino gehiago hitz egiten den garai honetan, zer da zuretzat osasuna?

Osasuna da denok nahiko genukeen gauza bat, baina edozein momentutan gal dezakeguna. Kinka larrian gaude beti, eta ez zaigu hala denik iruditzen, normaltasuna delako kotxea hartzen duzun bakoitzean etxera ondo iristea. Ez daukagu heriotzaren kontzientziarik ere; osasuna galtzearen kontzientziarik ez dugu. Baina badago 30 urterekin esklerosiaren diagnostikoa jasotzen duen jendea; gauza horiek sarri ikusten ditut nik. Lehenago edo geroago, denoi tokatuko zaigu osasuna galtzea.

Zer pentsaarazten dizu gaur egun gertatzen ari denak?

Jakin izan dugu arnas aparatuko gaitzak tratatzen birika belarrarekin edo eztul belarrarekin: katarroak, neumoniak ere hobetu daitezke... Azpeitian, duela urte batzuk, zakur eztularen kasu batzuk izan genituen, eta asmatu genuen horiek tratatzen. Gauza da egun bizi dugunak beste dimentsio bat daukala; nik hasieran, astez aste iritziz aldatzen nuen. Gero, gaixotasuna pasatutako jendea artatzen hasitakoan, ikusten nuen gaitzaren eraginak ez zirela oso normalak. Sintoma neurologikoak izan ditu jendeak, eta ez usaimena galtzearena bakarrik; tronboak eman dizkio zenbaiti, eta hori oso ezohikoa da. Horregatik, lan asko egin behar izan dut, eta pertsona bakoitza desafio bat izan da laguntzeko garaian. Gainera, dimentsio psikologiko handia du gaitzak; norbera nahiz ingurukoak kutsatzeko beldur handia dago. Lehendik gaitzak zituztenek, berriz, okerrera egin dute, eta osasun zentroetan ez dituzte behar bezala artatu horietako batzuk, lehen arretako kontsultak telefonoz izan direlako. Hori oso gaizki eraman du jendeak, eta galera nabaritu da, diagnostikoak atzeratu egin direlako kasu askotan. Egoera horretan, aurrez inoiz sartu gabeko jendea etorri da belar dendara.

Beldurra etekin bat ateratzeko ere erabili nahi izan dute zenbaitek.

Hori beste gaitzekin ere gertatu izan da; beldurrak marketina sortzen du. Hainbat produktu, gehigarri eta sendabelar ia mirarizkotzat saldu dituzte, eta horrekin izugarri haserretzen naiz. Hori jendearen beharrez, beldurrez eta ezinez aprobetxatzea da, eta horretan oinarrituta, dirua irabazten saiatzea. Hori dela eta, ikastaroetan beti saiatu naiz jendearengan izpiritu kritikoa sustatzen, eta uste dut orain hori inoiz baino gehiago egin behar dela. Whatsappa amesgaizto bat izan da pandemia garaian, eta askok galdetu didate: "Zer belar hartuko dut COVID-19arekin?". Planteamendua ez da hori, ez dago belar bat COVID-19arentzat. Ezin dugu sinplifikatu: konplexua da landarea bera, konplexua da pertsona, konplexua da gaitza, sintomatologia... Buruhauste dezente izan dut horrekin.

Esaten duzu gauza bakoitzarentzako ez dagoela erremedio bat.

Ez. Eta askok esaten didate: "Gure amonak horrela hartzen zuen sendabelar hau". Baina kontua zer da? Egungo belaunaldia askoz ere medikatuago dagoela: oso arrunta da tiroidearen pilula edo antisorgailuak hartzea, esaterako. Botikez aparte, gehigarri asko hartzen ditu jendeak bere kasa, baita sendabelarrak ere. Eta batzuetan sendabelarrekin botika horien eragina areagotzea edo ezereztea lortzen dugu. Jendeak askotan ez du horren berri, baina elkarreraginen gaineko informazioa izan beharra dago, eta ordu asko kendu dizkit liburuko atal horrek. Alderdi oso garrantzitsua iruditzen zait hori.

Elikaduraren garrantzia ere azpimarratzen duzu.

Hitzaurrean, atal bat eskaini diot horri. Izan ere, jendeari oso polita iruditzen zaio sendabelarren mundua, baina askok ez dute bizi estiloa aldatu nahi. Hau da, askori berdin zaie jaten duten barazkia non ekoitzia den, nola... eta hori ez da posible. Egunean gutxienez hiru aldiz jaten dugu, baina sendabelarra hartzea hautazkoa da; gaixo gaudenean hartzen dugu. Jateak izan beharko luke gure lehenengo botika, eta hori medikuntzaren aita izan zenak esan zuen, Kristo jaio baino bost mende lehenago. Askotan esaten diot nik jendeari: "Barkatu, baina alferrik ari gara lanean ez badira oinarri batzuk aldatzen". Ez da gauza bera supermerkatu kate batean nongoak diren ez dakizun barazkiak erostea edo erosketak azokan egitea. Eta sasoi honetan, ezin da tomatea jan entsaladan: tomate landare hori, bizirik egon ahal izateko, non kultibatu da eta nola? Garbi izan behar dira hainbat ideia. Gaur egungo elikagaien industria ez da gure osasunaz kezkatuko, bere irabaziez baizik, baina badago beste aldera begiratu nahia, pentsatuz hori ez dela hain garrantzitsua. Eta ikaragarri inportantea da. Elikagaiak desegokiak direlako baldin badira digestioak txarrak, ez daukagu kamamila hartzen ibili beharrik.

(Arnaitz Rubio Aprea)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide