Soiltasunean zoriontsu

Nerea Uranga 2022ko urt. 29a, 09:00

Jose Ramon Agirre jesulaguna, Azpeitiko bere etxean. (Nerea Uranga)

Bizitzaren hiru laurden daramatza Venezuelan bizitzen eta lanean Jose Ramon Agirre jesulagunak. Irakasle jardun du hainbat eskolatan. "Ebanjelizatzea, gizatiartzea" misio hartuta aritu dela dio. Urrian etorri zen bisitan jaioterrira, baina Venezuelara, bere egunerokora, itzultzeko amorratzen zegoen, 2022ko urtarrileko aldizkarirako Uztarriarekin hitz egin zuenean.

Venezuelan dagoenean azpeitiarra sentitzen da Jose Ramon Agirre (Azpeitia, 1937); Azpeitian dagoenean, berriz, Venezuelakoa. "Azpeitian nagoenean hango berriak jarraitzen ditut egunero Internetez, eta han naizenean, hemengoak". Urriaren erdialdean etorri zen Azpeitira bisitan, baina nahi baino gehiago luzatu zaio egonaldia, eta hil honen hondarrean du Venezuelara itzultzeko asmoa. Desiratzen dago hara joateko: "Han ditut lagunak, bizimodua...", dio.

Jaiotetxean ematen ditu Azpeitian pasatzen dituen egunak, Agirreneko etxean. "Hantxe jaio eta hazi nintzen. Zazpi anai-arreba ginen: lehen hirurak mutilak, laugarrena da neska bakarra, eta hiru txikienetan ni naiz zaharrena". Lehen jaunartzea egin arte Miserikordian ikasi zuen, mojekin, eta segidan, maristetan. Batxilergoa ikastera Xabierrera (Nafarroa) joan zen, eta 1954an itzuli zen herrira, nobiziotza egitera, Loiolara. "Garai hartan, nobizioak egoten ziren Loiolan; asko ginen. Handik batzuk Indiara joaten ziren gero; guri, baina, boluntario Venezuelara joatea eskaini ziguten". 1955eko martxoan joan zen aurrenekoz Caracasera; ez zen han betiko gelditzekotan joan, batera eta bestera ibili baitzen ondorengo urteetan. Eta ordutik bisitara besterik ez da etorri jaioterrira.

Ikasketak, Hego Amerika eta Europa artean

Caracasen urtebete inguru egin eta gero, Agirre Bogotara joan zen Filosofia ikastera. "Kolonbian Pinilla [Gustavo Rojas Pinilla diktadorea] zegoen agintean, eta gerrilla oso gogor aritzen zen". Ikasketak bukatu orduko, Venezuelara itzuli zen; Meridan egin zituen bi urte, eta urtebete Maracaibon. Handik Espainiara joan zen Teologia ikastera, Burgosko Oñara. "1966an ordenatu ninduten apaiz". Tartean, beste urtebete Belgikan egin zuen, eta handik proiektu bat esku artean zuela itzuli zen Venezuelara; gaur arte.

1969ko irailean Agirrek eta beste hiru jesulagunek esperientzia berri bat hasi zuten Caracasko Antimano auzotegian. "Herria eta herritarren egunerokoa hobeto ezagutzeko, integratzeko, hangoen gisan bizitzea erabaki genuen. Horretarako, pasta ekoizten zuten lantegi batean hasi ginen lanean; niri gazta eta gurina egiten ziren sailean jardutea egokitu zitzaidan. Baina urtebete besterik ez nuen egin, irakasle aritzeko Maracaibora joateko agindu zidatelako". Zazpi urtez, hiri haren kanpoaldeko auzo apal batean jardun zuen, Sebastian Altuna Kanpaxa jesulagun azpeitiarrarekin batera: "Auzo txiroa zen, baina niri inoiz ez zait gustatu auzo txiroak direla esatea, auzo popularrak direla diot nik". Bizi izan den tokietan bertako herritarrekin eta haien egunerokoarekin bat egitea gustatu izan zaio Agirreri, haietako bat balitz bezala bizitzea; hori garbi du. "Auzoko etxeren batera joan eta haietako bat bezala aurkeztu eta hartu nautenean sentitu izan naiz zoriontsu benetan".

Amazonian, Ye'kwanak herri indigenarekin

Caracas utzi eta Amazoniara joateko eskaera egin zien Agirrek haren arduradunei, 1982. urtean. "Amazonia pixka bat ezagutzen nuen ordurako, eta gustuko nuen lurralde hura". Eskatu eta eman. Venezuelako hiriburutik ordubete eta hamar minutura dagoen herrixka indigena batera joan zen Agirre abionetan: Amazonasen ibaiadar baten ertzean dagoen Ye'kwana herrira. "Bakarrik joan nintzen hara; Zulaika jesulaguna zortzi bat kilometrora zegoen, sanemekin".

Zein zen Agirreren egitekoa han? "Jesulagunon funtzioa herriaren garapenean laguntzea zen, gizatiartuz herriaren garapenean laguntzea delako ebanjelizazio onena. Ebanjelizazio tradizionalik ez genuen egiten han; alegia, ez genuen elizarik edota tenplurik, ez genuen bataiorik egiten, ez mezarik ematen... Etorri izan zitzaizkidan zerbitzu militarra egindako gizonak bataiatuko al nituen galdezka, eta horrelakorik ez genuela egiten esaten nien. 'Izan zaitez ye'kuwana on bat, jainkoak zu hori izatea nahi duelako', erantzuten nien. Bakoitzak sinesten duen hori izan behar du, baina zintzoa. Hori da gizakioi falta zaiguna gaur egun: sinesmenaren eta bizitzaren arteko koherentzia". Garai hartan, Amazoniako herri indegenei, nekazal herri izateaz gainera, ganaduzale izateko pausoa ematen lagundu zieten jesulagunek: "Lautada ikaragarriak zituzten han, eta lurra ereiten jarraitzearekin batera, ganadua izan zezaten lagundu genien. Egitasmo hari esker, Venezuelako Gobernuak 50 bufalo oparitu zizkien, eta sabanan 300 buruko behi-azienda izatera iritsi ziren".

Agirreren egiteko nagusia, ordea, hango eskolan oinarritzen zen. "Txuloata [etxola] indigena bat zen eskola, 20 metro inguruko diametrokoa eta sabai konikoarekin. 400 biztanleko herri bat izanda, 120-140 ikasle genituen". Eskolak emateko ez zuten baliabiderik, ez materialik; beraz, sormena astinduta irakasten zituen Venezuelako historia, matematika, marrazketa eta irakurketa-idazketa. "Banuen liburuxka bat ye'kwanako esaldi batzuekin, baina hura lantzea bukatu nuenean, haien eguneroko ohiturei eta egitekoei heldu nien irakasten jarraitzeko. Alegia, conucora joaten ginen, eta hango zereginak, fruituak nahiz barazkiak behatuz ematen genituen irakasgaiak. Zer da conucoa? Familia bakoitzari oihanean lur zati bat egokitzen zaio ereiteko. Zuhaitzak bota, eta ereiteko prest uzten dute lur zatia: juka edo manioka mingotsa, azukre kanabera, bananondoa... landatzen dituzte batik bat. Conucoak oso garrantzitsuak dira haientzat, eta asko zaintzen dituzte. Igandeetan, familia bakoitza bere conucora joan ohi da eguna pasatzera. Ni noiz edo noiz joan nintzen familia batekin edo bestearekin, baina gehienetan etxean gelditzen nintzen, familien intimitatea errespetatzeko".

Lau urte pasatu zituen ye'kwanekin Agirrek: "Lau urte zoriontsu". Irakasteaz gainera, asko ikasi zuen haiekin. "Bizitzan soiltasuna zoriontasuna dela ikasi nuen ye'kwanekin. Argindarra ordu bakar batez izaten genuen egunero, eta ura errekatik hartzen genuen, baina oso pozik bizi izan nintzen han. Arazorik gabeko bizitza zen hangoa; atsedena hartu nuen han. Unean-unean dagoenarekin bizitzen irakatsi zidaten".

Jesulagunek Amazonian zuten proiektua bukatu eta Caracasera itzuli behar izan zuen Agirrek. "Herria proiektua bere kabuz aurrera eramateko prest zegoen ordurako, eta guk haien esku utzi genuen guztia". Agurrean, hango belar batzuekin betetako zintzilikario bat oparitu zioten ye'kwanek Agirreri; ordutik ez du kendu, soinean darama lepotik zintzilik. "Opari eman zidanak hala esan zidan: 'Zoazen lekura zoazela, zoriontasuna eta bakea eraman ditzazun oparitzen dizut hau'", gogoratu du unea, hunkituta.

35 urtez Jesus Obrero institutu teknikoan

Amazoniatik bueltan eta erretiroa hartu arte –hamalau urte dira erretiratu zela–, Caracasko Antimano auzotegiko Jesus Obrero institutu teknikoan jardun zuen irakasle azpeitiarrak; 35 urtez, hain justu. "Catian sortu zuten eskola hori, bertako jendeari lana aurkitzeko eta bizimodua aurrera ateratzeko erremintak eskaintzeko. Lehen apaiz asko geunden irakasle eskola hartan, baina gaur egun ni bakarrik bizi naiz han, eta erretiroa hartuta nago. Egungo eskolako arduradun eta irakasle denak sekularrak dira".

Venezuelako Kulturaren Historia irakatsi zuen han Agirrek. "Liburuko gaiak zorrotz jarraitu gabe, neuk antolatu nuen gaitegia. Esaterako, Historiaurrea azaltzeko, ez nintzen kobazuloetan bizi ziren gizakiez aritzen, han ez daudelako kobazuloak. Hango indigena primitiboenak yanomamiak dira, eta haien kultura irakasten nuen. Haiek ezagutzeko aukera ere izan nuen, Migel Anjel eta Susana ilobekin hamabost egun pasatzera joanda. Neolitikoa irakasteko, berriz, Ye'kwana herria jartzen nuen adibide gisa. Eta era horretan lantzen nituen garai desberdinak". Irakasle ona izateko, ikasgaiak irakaslearen gustukoa izan behar du, Agirreren iritziz. "Norberak gustuko ez duena ezin die besteei transmititu. Nik gozatu egin dut irakasten".

Yanomamien herrira ilobekin egindako bisitan hartutako argazkia. (Utzitakoa)

Jesulaguna izanda, espiritualitate arloa ere landu du Agirrek. Misiolaria al den galdetuta, honakoa dio: "Misiolaria naiz, misio bat dudalako. Ez naiz, ordea, erlijio katolikoa ezartzera doan misiolaria. Nire misioa ebanjelizatzea da, gizatiartzea; irakastea, gaixoak artatzea, jaten ematea... Denok gara jainkoaren seme-alabak, denok gara anai-arrebak. Frantzisko aita santuak behin eta berriro nabarmentzen du hori dena. Elizaren misioa elkartzea da, ez sakabanatzea. Zubiak eraiki behar dira gu eta indigenen artean, gu eta musulmanen artean, berdin pentsatzen ez dugunon artean. Zubi batean bi aldeek dute garrantzia; alde batek huts egiten badu, baita besteak ere. Itxita ezin dugu egon, Elizak ere irekia izan behar du".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide