Sansebastianak 2022

Aurten ere ez

Ihintza Elustondo eta Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 19a, 12:02

Helduen danborradako hainbat talderen danborrak.

Bigarren urtez jarraian, ez da sansebastianik ospatuko Azpeitian. Egoera horren aurrean, jaietan era batera edo bestera parte hartzen duten herritarrek beren sentipenak azaldu dituzte. Kaiet Mujika, Maixol Muguruza, Aitor Cordoba, Martxial Elorza, Laia Gesalaga, Jon Irigoien eta Urko Arrieta elkarrizketatu ditu Uztarriak.

Ez iaz, eta ez aurten. Bigarren urtez jarraian, Azpeitian ez da ospatuko sansebastianik. Ez helduenik eta ez haurrenik, aurtengoan ere ez da izango danborradarik. Ezta sokamuturrik ere.

Festak bertan behera gelditu izanak atsekabea eragin du herritarren artean. Izan ere, iazko etenaren ostean, asko eta asko desiratzen zeuden aurtengo jaiak iristeko, danborrak armairutik atera eta atabalak astintzeko. Ardozaleak taldekoak 50. urteurrena ospatu nahian dira, hainbat haur danborradan lehen edo azken aldiz irteteko amorratzen daude, ikastetxeetako arduradunek ziurgabetasun egoerari aurre egin behar izan diote, Udal Musika Bandakoak geldirik dira, Zezen Beltz elkartekoak ere triste... Sansebastianetan modu batera edo bestera parte hartzen duten hainbat herritarrekin hitz egin du hedabide honek.

Kaiet Mujika: "Sekulako ilusioa neukan danborradan zuzendari ateratzeko"

"Karmelo Etxegarai Ikastolako taldean irten behar nuen zuzendari, San Sebastian eguneko umeen danborradan. Gogo handia neukan ateratzeko, eta pena handia sentitu dut bertan behera gelditu denean. Dena den, haurren danborrada agian udaberrian egingo dutela esan digute, eta ea aukera dudan orduan irteteko. Ikastola barruko danborradan irtendakoa naiz behin baino gehiagotan, baina kalekoan sekula ez. Taldea ondo zuzentzen nuelako aukeratu ninduten zuzendari, eta sekulako ilusioa neukan danborradan irteteko.

Hainbat entsegu egin ditugu zuzendari atera behar genuenok, eta asko ikasi dugu saio horietan. Abenduan hasi genituen entseguak, eta guztira, lau egin ditugu. Zuzendari aritzea ez da erraza, eskua asko nekatzen baita. Taldea ondo gidatzeko garrantzitsuena da erritmoa jarraitzea eta ez nahastea. Kontzentratuta joan behar da, talde guztia zuri begira egoten delako. Gehien gustatzen zaidan abestia Hau dek hau da, alaitasuna transmititzen didalako. Gutxien, berriz, Takolo diana txikia gustatzen zait, momentu batzuetan zaila delako danborra jo behar den edo makilak jo behar diren asmatzea; zaila egiten zait abesti hori zuzentzea.

Orain ez bada ere, umeen danborrada aurten egitea nahiko nuke; izan ere, hurrengo urtera atzeratzen bada, uste dut ez dudala zuzendari ateratzeko aukerarik izango.

Musika asko gustatzen zait, eta sansebastianen aitzakian denbora asko ematen dut kantu alaiak entzuten; horregatik gustatzen zaizkit hainbeste festa horiek. Gustatuko litzaidake handiagoa naizenean helduen danborradan irtetea".

Kaiet Mujika. (Ihintza Elustondo)

Maixol Muguruza: "Justu-justu bada ere, lortu genuen Inpernu taldeko trajea estreinatzea"

"2020an Inpernu taldea lehen aldiz atera zen danborradan, eta soziedade horretako kide naizenez, danborra jotzen irten nuen. Aurrez, aspaldi-aspaldi [barreak], 18 urte-edo nituela, kantinera irtendakoa nintzen helduen danborradan, baina sekula ez danborra jotzen. Inpernuk talde berria sortzeko asmoa azaldu zuenean, segituan animatu nintzen, betidanik izan dut-eta probatzeko gogoa.

Gehiegi pentsatu gabe eman nuen izena, eta traje berria egin nuen. Giro oso ederra izan genuen duela bi urteko danborradan; soziedadean bertan afaldu genuen, eta oso ondo pasatu genuen. Oso egun polita izan zen; oroitzapen ederrak ditut.

Egia esan, ez zitzaidan gehiegi kostatu danborradako kantuak ikastea; izan ere, abestiak kalean entzunda, belarria egiten joaten da. Nahiko ondo moldatu nintzen; hori bai, kantu berri batzuk barneratzea gehiago kostatu zitzaidan. Dena den, oso esperientzia ederra izan zen niretzat lehen aldiz danborra jotzen irtetea. Halako ilusioarekin osatu genuen taldea, traje berria egin genuen... eta koronabirusa tarteko, hurrengo bi urteetan ezin izan dugu irten. Baina beno, justu-justu bada ere, lortu genuen trajea estreinatzea. Eta ez da gutxi, dena prestatzen hartu genuen lanarekin...

Izugarri festa politak izaten dira sansebastianak, eta pena ematen dit bi urteotan bertan behera geratu izanak. Hala ere, espero dut datorren urtean egingo dela danborrada, eta ordurako are desira handiagoa izango dugu. Niretzako herriko festarik ederrenetakoak dira sansebastianak. Motzak izaten dira, baina oso intentsoak, eta danborradak badauka bere saltsa".

Maixol Muguruza (ezkerrean) 2020 danborradan, parrokiako geldialdian. (Utzitakoa)

Aitor Cordoba: "Ikasleei azaldu zaizkie erabakiak eta asmoak, eta ulertzen dute"

"Ikastetxeok pena handiz hartu dugu sansebastianetan haurren danborrada ez egitea, egun berezia izaten delako umeentzako. Baina Azpeitiko egoera, egungo arauak eta ikastetxeek zer protokolo darabilzkigun aztertuta, udaletxean egin genuen bileran denon artean eztabaidatuta, erabaki genuen ezin zela egin danborrada guk ezagutzen genuen moduan. Beraz, egunean bertan ezingo zela egin, eta aurrera begira egoera aztertzen jarraitzea adostu genuen. Baina pena handiarekin, bai. Izan ere, udazkenean bazirudien aurten baietz, ospatuko genituela festak.

Ikastetxean azaroan hasten gara danborradari begira lanean, guraso elkartearekin batera, eta joan den azaroan horrela hasi ginen, une hartan ematen zuelako danborrada egingo zela. Hala ere, azaro-abenduan egin genituen bileretan argi genuen bermatu behar zela ahalik eta ikasle gehienak parte hartzea, konfinatutako gelarik ez egotea ikastetxeetan; hori zen danborrada egin ahal izateko baldintza nagusia. Une hartan ere helburu zaila iruditzen zitzaigun, baina aukera hor zegoen. LH 4 eta 5eko ikasleak dira danborradan irteten diren gehienak, LH 6ko batzuekin batera. Aurten LH 5en daudenek oraindik ezin izan dute danborradan parte hartu, eta horiek aukera hori izatea da nahi duguna; horregatik erabaki dugu egingarria den momentuan asteburu bat hartzea eta festa ospatzea, ikasturtea amaitu aurretik. Uste dut buelta emango diogula egoera honi eta iritsiko dela unea. Ikasleei azaldu zaizkie erabakiak eta asmoak, eta ulertzen dute. Bi urte hauetan bikain ari dira portatzen eta orain ere bikaina ari da izaten ikasleen erantzuna".

Aitor Cordoba, Iraurgi Ikastetxeko zuzendaria. (Utzitakoa)

Martxial Elorza: "Ardozaleak taldeak  50. urteurrena ospatu behar zuen iaz"

"Ardozaleak taldeak 50. urteurrena ospatu behar zuen iaz, baina ez zen posible izan, eta aurten ere ez da posible izango. Pena handia ematen dit horrek; izan ere, pixka bat zahartzen ari gara, eta 50. urteurrenean jo eta erretiratzeko asmoa nuen. Taldeko batzuen nahia zen 50. urteurrenarekin batera danborrada uztea, baina ezinezkoa izan da.

50 urteko ibilbidean 48 urtez-edo irten naiz danborradan, ia denetan. Hasiera-hasieratik nago taldean. Niretzako sansebastianak oso festa garrantzitsuak dira, danborrada behintzat izugarri gustatzen zait; sansebastianzale amorratua naiz. Berez, 50. urteurrena ospatzeko zerbait berezia egitea zen gure asmoa, baina pandemia kontu honengatik, ezinezkoa izan da. Egia esan, herritarrak arriskuan jartzea baino hobe da beste batean egitea.

Iazko danborrada bertan behera uztea pena izan bazen, aurtengoa are ostikada handiagoa izan da. Beraz, ea 52. urteurrenean ospatzen dugun 50.a. Giro oso ona daukagu taldean, eta primeran pasatzen dugu. Danborradako kantuen artean, San Sebastian martxa gustatzen zait gehien; abesti hori gauerdian plazan nahiz parrokian jotzen dugunean gozatu egiten dut".

Martxial Elorza. (Utzitakoa)

Laia Gesalaga: "Aurten pena handiagoa hartu dut, azken urtea dudalako"

"11 urte dauzkat, eta orain arte hiru aldiz parte hartu ahal izan dut San Sebastian eguneko danborradan, lehen bietan Itsasirekin, eta hirugarrengoan Ikasberri Ikastolarekin. Lotsa pixka bat sentitu izan dut tarteka,jende asko egoten delako begira, baina ondo pasatu izan dut, gustatzen zait danborrada. Itsasirekin, soldadu jantziarekin irtetea tokatu zitzaidan lehen urtean. 7 urte nituen, eta danborra umeentzakoa bazen ere, handiegia zen niretzat. Bide osoan belaunetan kolpeka ibili nuen, eta danborrada bukatu zenean minberatuta nituen belaunak. Bigarren urtean urketari jantziarekin eta txapa jotzen irten nintzen, eta hobeto.

Iaz tokatzen zitzaidan bigarren aldiz ikastolako taldearekin irtetea, baina ez zen festarik egon; eta aurten berriro Itsasirekin irtetekoa nintzen. Iaz ez nuen pena handirik hartu; izan ere, konfinatuta geunden, eta danborrada egin izan balitz, ezin izango nintzen irten. Aurten pena handiagoa hartu dut. Haurren danborradan azken urtea dut, Itsasin urte horretan izaten da kantinera izateko izena emateko aukera, eta ilusioa egiten zidan horrek. Esan dute ikasturtea bukatu aurretik egin ahal izango dela, agian, danborrada. Ea horrela den".

Laia Gesalaga (ezkerretik hasita bigarrena) Itsasiko taldekideekin, danborradan irten zen bigarren urtean. (Utzitakoa)

Jon Irigoien: "Bandan ikusten genuen zaila izango zela sansebastianak ospatzea"

"Bandan ikusten genuen zaila izango zela aurten sansebastianak ospatzea. Gabonetan hainbat emanaldi egiten ditu Bandak, eta haiek prestatzen ibili ginen aurreko asteetan. Santo Tomas eguneko kalejira izaten da Gabon bueltako lehendabiziko hitzordua; azkenean ezin izan genuen irten, eta pena hartu genuen orduan ere. Gero, Gabonetako kontzertua egin ahal izan genuen eta ondo atera zen. Baina taldean positiboak agertzen hasi ziren, herriko kutsatzeen tasa ere asko igo zen, eta bertan behera utzi behar izan genituen Urtezahar eguneko kalejira eta Erregeetako kontzertua.

Ordurako zaila zirudien sansebastianetarako egoerak buelta ematea. Hain zuzen ere, geu geldirik gaude une honetan, Gabonak pasatuta ez dugu jarraitu entseguekin, atseden hartzea erabaki genuen taldekideok, ikusten genuen-eta aukera gutxi zegoela danborradak egiteko. Bestela, urtero prestatzen ditugu sansebastianak. Pare bat entsegu egiten ditugu geure kabuz, eta beste hiru Izarraitz pilotalekuan, helduen danborradako talde guztiekin batera; ederrak izaten dira horiek guretzat. Orain, sansebastianen ondoren egoera baretzen al den ikusi eta berriro lanean hastea da gure asmoa, ea posible den.

Hamar urtetik gora daramatzat Bandarekin sansebastianetan klarinetea jotzen; danborra jotzen ez naiz inoiz irten helduen festan. Idiarena dut piezarik gustukoena, horrekin danborradan sortzen den giroa ikustea. Denon antzera gaude Bandan ere, penatan, beste urte batez sansebastianak galduko ditugulako; eta betiko martxan hasteko gogoarekin. Gogorrak, baina ederrak dira jaiak guretzat".

Jon Irigoien, Udal Musika Bandako kidea. (Utzitakoa)

Urko Arrieta: "Ulertzen dugu erabakia, neurri hauekin ez da posible festa egitea"

"Urtarrilaren 20koak izaten dira urteko lehen sokamuturrak, eta egun horren zain egoten gara guztiok Zezen Beltz elkartean. Azaro aldean bagenuen aurten festak ospatuko ziren esperantza, uste dut denok sokamuturra egitearekin eta Azpeitiko kaleetan berriro zezenak ikustearekin amets egiten genuela; gainera, 2020ko karnabaletatik lehen aldiz sokamuturra egin egin genuen, sanmartinetan, Errebaleko festetan. Abenduan egin genuen sansebastianei begirako lehen bilera. San Sebastian egunean ez ezik, hurrengo igandean, urtarrilaren 23an, goizean sokamutur txikia eta arratsaldean sokamuturra egitea zen hasierako asmoa, eta horiek antolatzeko lanean aritu gara. Baina kutsatzeen azken boladarekin festak bertan behera gelditu dira azkenean, eta pena handia hartu dugu, egia esan. Ulertzen dugu erabakia, indarrean diren neurriekin ez da posible festa egitea. Orain, gure itxaropena da karnabaletan posible izatea; ea kutsatzeak jaisten eta neurriak moldatzen diren, eta sokamuturra eta festak egiten diren. 2021ean, Errebaleko sokamuturraz gain, uztailaren 11n ganadu txapelketa antolatu genuen, ganaduzaleei laguntzeko asmoarekin; eta urrian, gauza batzuk moldatuta, Zezen Beltz Asteburua egin ahal izan genuen.

Guretzat sansebastianak ez ospatzea albiste txarra izan bada, ganaduzaleentzat zer esanik ez; haientzat oso gogorra da egoera, guretzat baino askoz gehiago, batik bat ekonomikoki. Neuk beste pena bat ere badut. Izan ere, aurten lehen aldiz irtetekoa nintzen Oilo Sororen danborrada taldean zuzendari. Egundoko ilusioa egiten zidan. Baina, azkenean, ez zezenik eta ez danborradarik, ezer ez".

Urko Arrieta, sokamuturrean. (Utzitakoa)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide