Akordatzen?

Hiltegi zaharreko oroimena, bizirik

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 26a, 09:02

Hiltegi zaharraren eraikina. (Utzitakoa)

1988ko otsailean itxi zuten parrokia atzean, Txaribarko Errebaletik Soreasu auzora doan bidean, zegoen hiltegia. Beste hemezortzi urte iraun zuen zutik eraikinak, 2006ko maiatzean eraitsi zuten arte. Joxe Arregi Lopenek eta Xipri Aranberri Azketak han egiten zuten lan mataderia itxi zutenean. 2022ko urtarrileko Uztarria aldizkariko Akordatzen? atalean kontatu dituzte beren oroitzapenak.

Parrokiako atzealdeko hormetan antzeman daitezke oraindik elizako eraikinaren kontra altxatzen zen Azpeitiko hiltegi zaharraren azken arrastoak. Pare bat marka bertikal dira, ez oso nabarmenak, baina Joxe Arregi Lopeneren (Zestoa, 1956) eta Xipri Aranberri Azketaren (Zestoa, 1962) begiek erraz ikusten dituzte, eta haietatik abiatuta hiltegia nondik nora zabaltzen zen eta haren barrunbeak nolakoak ziren azaltzen hasi dira, eskuekin eta pausoekin, airean, lurrean eta memorian bien lantokia izan zena berreraikiz.

Hiltegiko azken lantaldeko kideak izan ziren Lopene eta Azketa, Antonio eta Joxe Astigarraga anaiekin batera. "Marka dagoen horretan kamioientzako garajea zegoen. Haren segidan zegoen ukuilua, eta gero pabilioi luzea, hiltegia bera. Eta, haruntzago, aparte, txerriak hiltzeko lekua. Arkumeentzako ere beste lokal txiki bat zegoen; nik ez nuen ezagutu, baina garai batean zaldiak hiltzen omen zituzten han", kontatu du Lopenek, dagoeneko existitzen ez den eraikinaren barruko espazioaren antolakuntza nolakoa zen azalduz.

1988ko otsailean itxi zuten parrokia atzean, Txaribarko Errebaletik Soreasu auzora doan bidean, zegoen hiltegia. Beste hemezortzi urte iraun zuen zutik eraikinak, 2006ko maiatzean eraitsi zuten arte; XX. mendearen hasierako eraikina zen, eta mendea betetzear zela eraitsi zuten. Gaur egun Soreasu antzokia dagoen orubearen zati bat hartzen zuen hiltegiak; hain zuzen ere, Soreasuko kulturgunea eta inguru berritua eraikitzeko bota zuten hiltegia, Soreasu zinema zaharra eta inguruko beste eraikin batzuk bezala.

Udal langileak

Beste herri askotakoak bezala, Azpeitikoa udal hiltegia zen, eta udal langileak, funtzionarioak, ziren mataderiko beharginak. Bi zestoarrak oso gazte hasi ziren hiltegietan lanean. Lopene 16 urterekin hasi zen Azpeitiko hiltegian, eta hamasei urtez egin zuen lan han, itxi zuten arte. Azketak bi urte eta erdi egin zituen Azpeitian, baina aurretik Azkoitiko hiltegian aritua zen. "Etxean txerria hiltzen zutenean urrutira joaten nintzen ihesi, atera kontuak", dio. 12 urterekin, ordea, "eskolako gogorik ez", eta Azpeitiko lanak bukatuta Zestoara hango harakinentzat txahalak hiltzera joaten ziren Lopeneri eta Antonio Astigarragari laguntzen hasi zen. Antonioren anaia Joxek Azkoitiko hiltegian egiten zuen lan garai hartan; Joxeren lankide batek erretiroa hartu zuenean, Azketa gazteari eskaini zioten harekin lanean hastea, eta horrela joan zen Arroaerrekakoa Azkoitira, 14 urterekin.

Hiltegiko azken lantaldea: Xipri Aranberri, Modesto Arruti, Joxe Astigarraga, Joxe Arregi, Inazio Otamendi eta Antonio Astigarraga. (Utzitakoa)

Azpeitiko Udaleko funtzionarioa zen Lopene, eta Azkoitiko Udalekoa Azketa. Azpeitiko hiltegia itxi zutenean, Azkoitiko udal brigadan hasi zen lanean Azketa, eta han jarraitzen du gaur egun. Lopene ere udal brigadan hasi zen, Azpeitian, hiltegia itxi ondoren. Duela 25 bat urte, ordea, udaleko lanak utzi eta harategia ireki zuen herrian. Erretiroa hartuta dago.

Egiazko zero kilometroa

Txahalak, txerriak, arkumeak eta antxumeak hiltzen zituzten Azpeitiko hiltegian. Harakinek Azpeitiko eta inguruko baserritarrekin egiten zuten tratua; behar zituzten abereak erosten zizkieten, noizko behar zituzten zehaztuta, eta data horretarako haragia prest izateko eramaten zituzten abereak hiltegira baserritarrek.

Zestoarrek diote beraiek hiltegian lan egin zuten sasoian inguruko herrietan baino haragi eskari handiagoa izaten zela Azpeitian. "Gaur egun baino harategi gehiago zeuden orduan Azpeitian, alde handiarekin, gainera", dio Azketak. Haragia jateko ohitura oso hedatua zegoela azaldu du: "Txuletak jateko jatetxeak ere gaur egun baino askoz gehiago zeuden orduan Azpeitian. Edozein egunetan txuleta jaten zen orduan aste barruan. Gazteen jateko ohiturak ere asko aldatu dira". Ildo beretik hitz egin du Lopenek: "Garai hartan Aitzakira ere ba al dakizu zenbat txuleta joaten zen? Kanpotik etortzen zen jendea txuletak jatera: Aitzakira, Gerrinera...".

Astelehenetik ostegunera egiten zuten lan hiltegian. "Astelehen, astearte eta asteazkenetan txahalak hiltzen genituen, ostegunetan txerriak, eta ostiralak jai izaten genituen, normalean. Astean lau egunetan egiten genuen lan, baina bai lana egin ere", azpimarratu du Lopenek. "Ekartzen ziguten ganadu dena hiltzen genuen. Hamar txahal etortzen baziren, hamar, eta hogei baziren, hogei. Lan denak bukatutakoan alde egiten genuen. Ez genion orduari begiratzen. Arratsaldeetan, berriz, haragia banatzen genuen harategietara; Azpeitikoetara, eta Azkoitian hiltegia itxi zutenean, Azkoitikoetara ere bai. Egiazko zero kilometroko haragia hura zen, ez oraingoa", gaineratu du.

"Lantegi gogorra" zen hiltegikoa Lopeneren esanetan, "eta aurrerabiderik batere ez zegoen, dena atzaparrekin egin behar"; "destajuko lana", Azketak dioenez. Gabon aurreko egunak izaten ziren lan gehieneko urteko egunak. Haietako bat bereziki gogoan dute mataderiko langile ohiek: "Goizean sei-zazpi txahal, gero beste sei-zazpi bat txerri, eta ondoren, 299 arkume eta antxume. Goizeko zortzi eta erdietan hasi eta hiru eta erdietan bukatu genuen narrutzea. Patxorenera joan ginen bazkaltzera, eta itzuli ginenean ezin ezer ukitu, atzaparrak gogor-gogor eginda, txikituta". "Nik arkumeari hartu nion nazka...", dio Lopenek.

Joxe Arregi 'Lopene' eta Xipri Aranberri 'Azketa', hiltegi zaharra zegoen tokian. (Mailo Oiarzabal)

Saninazioetan abere hilketarik ez zen egiten normalean udal hiltegian, baina bestelako lanak izaten zituzten. Festetako zezenketetan hiltzen zituzten zezen guztiak, soberakoak barne, hiltegira eramaten zituzten, eta haien haragia banatzen zuten hiltegiko langileek herriko hainbat harategitara. "Hil ahala ekartzen zituzten zezenak hiltegira. Nuarbeko Joxe Luis Gurrutxagak ekartzen zituen gehienetan, kamioian". Zezenketa arratsaldeetan, normalean Lopenek eta Antonio Gurrutxagak egiten zuten lan, batek zezen plazan eta besteak hiltegian. "Zozketa egiten genuen, zeinek zer lan egin. Hamarretik bederatzitan nik galtzen nuen zozketa, eta hiltegiko lana tokatzen zitzaidan. Zezen plazakoa lan arinagoa zen", dio Lopenek. "Eta, gainera, zezen plazakoak zezenketak ikusteko modua ere izaten zuen", gaineratu du Azketak. Zezenketa bakoitzean hildako zezenen haragia hurrengo goizean banatzen zuten harategietara. Harakinak Silvestre Otamendi alkatearekin haserretu ziren urtekoa gogora ekarri du Lopenek: zezen haragia hartzeari uko egin zioten denek, eta Berdura Plazako Txapa harategikoak hartu behar izan zuen, gogoz kontra eta bere desesperaziorako, 23 zezenen okel guztia.

"Pena galanta"

Udal hiltegiak ixten joan ziren pixkanaka 1980ko hamarkadan, joera eta eredu berrien aldeko apustua tarteko, eta Azpeitikoari ere ixteko txanda iritsi zitzaion. "Pena galanta hartu genuen, egundokoa, itxi zutenean. Elkarrekin oso ondo konpontzen ginen", dio Lopenek. Azketak "oroitzapen on asko" dituela dio, eta lankideen arteko harremana goraipatu du guztien gainetik: "Langileon artean geneukan giro hura ez zegoen diruarekin ordaintzerik".

Udal hiltegien desagertzearekin kritiko dira oraindik ere bi lankide ohiak. "Mataderiak ez zirela errentagarriak esaten zuten. Baina, horrela hasita, udalak ematen dituen beste zerbitzu askori buruz ere gauza bera esan genezake. Udalak ematen zuen beste zerbiztu bat zen hiltegiarena", arrazoitu du Lopenek. Osasunaren "aitzakiarekin" ere ez datoz bat. "Iraetako hori ireki nahi zuten, eta nire errezeloa da hortik joan zela kontua. Baina hemen zegoenaren aldean zikinkeria handia dago han, e", dio Lopenek, eta bat dator Azketa iritzi horrekin: "Udan ez dago hiltegi hartara joaterik, egoten den kiratsa… Lotsagarria". Elkarrizketa bukatuta, hiltegi zaharrean bizitakoak oroitzen jarraitu dute lankide ohiek. Oroitzapen onek eta aro haren bukaerak sortu zien minaren oihartzunak ere hor diraute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide