Unai Martinez: "Gauzak aldatzeko ilusioa berreskuratu behar dela uste dugu"

Berria 2022ko urt. 28a, 10:00

Unai Martinez, 2019ko artxiboko irudi batean (Berria)

Gazte Koordinakunde Sozialistak (GKS) biharko Bilbon eta Iruñean deitu dituen mobilizazioen atarian elkarrizketatu du Berria egunkariak Unai Martinez GKSko kide azpeitiarra. Atzo argitaratu zuten elkarrizketa.

Etzi, hilak 29, Bilbon eta Iruñean manifestazioak egingo ditu Gazte Koordinakunde Sozialistak, Burgesiaren diktadura gelditu! Ofentsiba ekonomikoa eta politikoa borrokatu aldarri hartuta. 18:00etan aterako dira Jesusen Bihotzaren plazatik Bizkaiko hiriburuan, eta Sarasate pasealekutik Nafarroakoan. Unai Martinez GKSko kidearen arabera (Azpeitia, Gipuzkoa, 1996), gobernuek gazteen pobretzeari eta pandemiari aurre egiteko emandako erantzun autoritarioa salatu nahi dute.

Deialdiari begira, zer nabarmenduko zenuke?

Garrantzitsuak dira mobilizazio hauek. Langileen artean zabaldu nahi dugu gauzak aldatzeko ilusioa berreskuratu behar dela. Horrek eskatzen du enpresarien eta politikarien eraginpetik ateratzea. Gero eta jende gehiago batuta izanda, posible izango da gauzak aldatzea. Mobilizazio honekin bakarrik ez ditugu gauzak aldatuko, baina aurrera begira norabide horretan jarraitu behar dugu.

Herri eta auzoetan prestalanak egin dituzue. Zer erantzun izan duzue?

Saiatu gara garrantzia ematen aurrez aurreko lanketari. Nahiz eta kontziente izan edukia diskurtso hegemonikoetatik kanpo dagoela eta horrek zailtasun batzuk dakartzala, deialdi zabal bat egitearen alde egin dugu. Aldi berean, uste dugu ikuspegi politiko jakin batekin kritikotasun handiko mobilizazioa egiteak potentzialtasuna duela.

Laburbilduz, gazteen pobretzea eta pandemiaren aurreko erantzun autoritarioa salatu nahi ditu mobilizazioak. Elkarren arteko erlaziorik ba al dago?

Bai. Azkenean, egoera orokor bat salatu nahi dugu. Begien bistako ikuspegi ekonomiko bat du: gazteen artean orokortuta daude langabezia, aldi baterako lana, soldata apalak... Horrez gain, bizitzaren garestitzeak bizi kalitatearen okertzea dakar. Gero, horrek guztiak eskubideei eragiten dien alor politiko bat du. Pandemiaren harira kontrol soziala areagotu da, eskubide sozial eta politikoak ezabatu dira, gazteak kriminalizatu dira. Hori modu bateratu batean ulertzen dugu, errealitate bakar bat balitz bezala, eta atzean burgesiaren ofentsiba bat dago.

Jarraitu irakurtzen Berriaren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide