Ikus-entzunezko Argia Saria eskuratu du Kulturazen Dapa proiektuak

Julene Frantzesena 2022ko urt. 31a, 11:04

Kulturazeko kideak Argia Sariarekin. (Dani Blanco)

Kulturaz kooperatibak duela bi urte jarri zuten martxan narrazio egitasmoa, eta orotara, 27 ikus-entzunezko lan argitaratu ditu. Epaimahaiak nabarmendu duenez, Dapa egitasmoaren barruko ikus-entzunezkoek "sormena dute oinarri eta helburu".

Kulturaz kooperatibaren Dapa ikus-entzunezko proiektuak jaso du 2022ko ikus-entzunezko Argia Saria. Epaimahaik adierazi duenez, "Euskal Herri luze-zabalean sortzen dena erakutsi eta kontatu nahi duten pilulak eskaintzen dizkigu Dapak, artistak beraiek protagonista eta narratzaile dituztenak".

Duela bi urte jarri zuten martxan narrazio egitasmoa, eta orotara, 27 ikus-entzunezko lan argitaratu dituzte; Juan Palaciosekin osatutakoa izan zen aurrena, eta Rosa Valverderena azkena. Bideo laburrak dira Dapa egitasmoaren barruan egiten dituztenak; sormena dute oinarri eta helburu. Argiak nabarmendu duenez, Kulturazekoek ikus-entzunezkoetan "mimoz" zaintzen dute kontaera, soinua eta irudia. "Ez da zer kontatzen den soilik, nola kontatzen den ere garrantzitsua da, eta horretan teknikak, narratiboak eta zinematografikoak, berebiziko garrantzia dute".

Euskarazko komunikazio lanei aitortza egitea da Argia Sarien xedea, eta hain zuzen ere, gaur, astelehena, hasi da Argia aurtengo sarituak jakinarazten, iazko gisan, modu berezian; aste honetan, zapatura bitartean, egunean sari baten berri emango du webgunearen bidez. Ikus-entzunezko saria izan da banatu duen lehena, eta beste bost banatuko ditu datozen eguentan: prentsa, Internet, irratia, komunikazio kanpaina eta merezimendu saria. Pandemia aurretik, Usurbilgo Atxega jatetxean egin izan duen ekitaldi batean banatzen zituen sariok.

Kulturaz kooperatibako eta Dapa proiektuaren lantaldeko kideek esker onez jaso dute Argia Saria. Nora Alberdi da Daparen ekoizpen taldeko kide bat, eta hark bidelagun izan dituzten pertsonei eskerrak eman dizkie. Jose Luis Otamendi Kulturazeko presidenteak, berriz, proiektuaren helburua ekarri du gogora: "Gure xedea da euskal kulturari bizirik eta osasuntsu eusten saiatzea".

Hona hemen Kulturazeko eta Dapako kideekin Argiak osatu duen bideoa:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide