Ia mende bateko historiaren ondoren, 1990eko hamarkadan amaitu zen Bizkaiko Labe Garaien historia. Urte luzez Euskal Herriko lantegi handiena izan zen Nerbioiko Ezkerraldeko herrietan kokatutako metalurgia enpresa, eta haren arrastoak nabarmenak dira oraindik. Besteak beste, hasierakoak Alemaniatik ekarri ondoren, haien eredua jarraituz dozenaka tren makina ekoitzi zituzten Labe Garaietan, bertako lanetan erabiltzeko. Lokomotor horietako batzuk gordeta dituzte Ezkerraldeko herrietan, Labe Garaien eta haren bueltako industria jarduera handiaren memoria eta ondare gisa.
Santurtzin eta Sestaon, esaterako, Labe Garaietako lokomotor bana behintzat badute erakusgai. Urteen joanarekin, ordea, okertu egin da tren makina horien egoera; lokomotorrak zaharberritzeko beharra sortu zaie, eta Azpeitian topatu dute horretaz arduratuko den lantokia. Landeta Burdin Lanak enpresan berritu eta bere tokira itzulia dute dagoeneko Santurtzikoa, eta ekarri berria dute Sestaokoa, prozesu bera errepikatzeko.
"Juanjo Olaizolari esker"
Lurrun tren zaharrak konpontzea edota zaharberritzea zer den badakite lehendik Landetakoek. Izan ere, herriko Burdinbidearen Tren Museoarekin behin baino gehiagotan lan egindakoak dira: Aurrera tren zaharrari bizi berria eman zioten lehendabizi, eta duela lau urte Euzkadi lokomotorra berritzeko lanak egin zituzten.
Museoarekin duten harremanaren bidez eta hango zuzendari "Juanjo Olaizolari esker" iritsi zaizkie Labe Garaietako tren zaharrak berritzeko enkarguak ere, Beñat Arrizabalaga Landeta Burdin Lanakeko gerenteak azaldu duenez. Dena den, Bizkaiko tren makina horien zaharberritzeak "ez du zerikusirik" museoko trenekin egindakoekin, Arrizabalagak kontatu duenez; Santurtzikoa eta Sestaokoa ez dira martxan dauden makinak, eta horiek zaharberritzeko lana "gehien bat estetikoa" izango da.
Azaro erdian jaso zuten Azpeitiko lantokian Santurtziko tren makina, eta joan den astean eraman zuten berriro, zaharberrituta, Santurtzira. "Han lehen zegoen tokira itzuli dute trena", dio Arrizabalagak, baina Sestaon "gune berri batean kokatu nahi" dutela azaldu du: "Labe Garaiak zeuden tokian, eraikina bera ere berreskuratuta, museo antzeko bat prestatzen ari dira, eta han jarriko dute trena, berritu ondoren". Santurtzikoa itzultzeko egin zuten bidaia baliatu zuten Sestaokoa Azpeitiko lantokira ekartzeko, eta bigarren tren makina hori berritzeko pare bat hilabeteko lana izango dutela aurreikusten dute Landeta Burdin Lanaken.
Museoan beste hiru
Labe Garaien lantokiak zeuden herrietan ez ezik, Azpeitian ere badaude burdin lantegi hartan ekoitzitako tren makinak, Arrizabalagak gogora ekarri duenez. Hain zuzen, Labe Garaietatik ekarritako hiru tren makina gordetzen ditu Burdinbidearen Euskal Museoak. "Horietako bi oso egoera txarrean daude, baina beste konponduta dago, oso txukun", azaldu du Arrizabalagak.