Urtarrilaren 28an itxi zen Emakumeen Txokoko Jabetze Eskoletan izena emateko epea, baina hainbat ikastarotan lekua dago oraindik. Hori dela eta, tailer horietan izena emateko epea luzatu dute. Hain zuzen, argazkilaritzari eta emozioei lotutako Zugandik tailerrean nahiz Menopausia: hausnartzeko unea ikastaroan eman daiteke izena otsailaren 7ra bitartean.
Zugandik tailerra 40 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, eta Idoia Telleriak zuzenduko du. Antolatzaileen arabera, "emakume bakoitzaren hitza entzun, elkarrekin partekatu eta azaleratuko da tailerrean, horretarako irudiak zein argazkiak euskarri gisa erabilita". Apirilaren 11tik maiatzaren 30era eskainiko dute ikastaroa, astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara. Saioak euskaraz izango dira, eta izen-ematea doakoa da.
Menopausia: hausnartzeko unea tailerra gaian interesa duen edonori zuzenduta dago. "Tailer hau bizitzako bigarren etapa, heldutasuna, modu sortzaile eta aberasgarrian bizitzen prestatzeko pentsatuta dago, irudi eta bizimodu aldaketei aurre egiten eta norbere burua zaintzen ikasiz", azaldu dute antolatzaileek. Guztira, zortzi saio izango ditu tailerrak, eta horietan "menopausian gertatzen diren aldaketak" ezagutuko dituzte parte-hartzaileek, eta dituzten "zalantzak eta beldurrak" partekatu ahalko dituzte, "ahalduntze kontzientea helburu".
Pepa Bojok zuzenduko du tailerra, eta saioak gazteleraz izango dira. Martxoaren 29tik maiatzaren 31ra eskainiko ditu formakuntza saioak Bojok, asteartetan 18:30etik 20:00etara Emakumeen Txokoan. Izen-ematea 18 euro ordaindu beharko dute soldatadunek eta 12 euro langabetuek eta ikasleek.
Saioetan izena emateko hiru modu daude: Emakumeen Txokoan (Goiko kalea 12, behea) astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartean, 943-15 70 55 eta 688 15 10 00 telefonoetara deituta edo emakumetxokoa@azpeitia.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.
Emakumeen ahalduntzean sakontzeko eta eragiteko asmoz antolatu dituzte Jabetze Eskolak aurten ere. Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoko ordezkariek aurkezpenean adierazi zutenez, "emakumeei beren burua eta bizitzaren jabe izateko tresnak eskaintzea" da Jabetze Eskolen helburua, baita "eskolan, maila pertsonalean eta kolektiboan indartu, elkarrekin ikasi eta errealitateari ikuspegi feminista batetik begiratzea" ere.