Danona enpresak eta Equipo 57 taldeak izan zuten elkarlana ikertzen ari da Bilboko Arte Ederren Museoa

Julene Frantzesena 2022ko ots. 3a, 11:44

Equipo 57k 1962an Danonarentzat diseinatutako triangelu formako eserlekuak.

Danonan 1961 eta 1962 urteetan ekoiztutako altzari batzuk Equipo 57 taldeak diseinatu zituen, eta lan bereizgarri haien bilduma osatzen ari da museoa. Bilduma osatzeko, baina, herritarren laguntza eskatu dute.

Azpeitiko Danona kooperatibaren eta Equipo 57 taldearen arteko elkarlana ikertzen ari da Bilboko Arte Ederren Museoa. Hain zuzen ere, Danonan 1961 eta 1962 urteetan ekoiztutako altzari batzuk Equipo 57 taldeak diseinatu zituen, eta lan bereizgarri haien bilduma osatzen ari da museoa.

Equipo 57 taldeak diseinatu zituen altzarien artean dira Erlo izeneko aulkia, triangelu formako eserlekua eta sabaiko bi lanpara. Diseinatzaile talde hura Parisen eratu zuten hainbat eskultore, margolari eta arkitekto andaluziarrek zein euskaldunek; tartean, Agustin Ibarrolak eta Nestor Basterretxeak.

'Erlo' aulkia eta sabaiko bi lanparak.

Bilduma osatzeko, baina, herritarren laguntza eskatu dute, eta beraz, altzari haiek, sasoi hartako posterrak, katalogoak, aldizkariak edo argazkiak dituzten herritarrek Xabier Alvarezekin harremanetan jartzeko aukera dute, 666 95 02 74 telefono zenbakira deituta.

Danona, itxita

Danona enpresa 1961ean sortu zuten hainbat herritarrek, eta hamarkada batzuetan altzarigintza sektorearen puntan izan zen. Gerora, baina, hainbat gora-behera izan zituen kooperatibak; besteak beste, 2015ean Maecenas Kapital funtsak erosi zuen Azpeitiko Fagor Grupo Mueble –Danona bezala ezaguna–.

Kapital haren eskuetara igarotzean, Furniture Grupo Mueble izena hartu zuen enpresak, eta urte gutxiko ibilbidea eginda, 2018an likidazio prozesua hasi zuen. Urte hartako maiatzaren 31n itxi zuten enpresa; azaroan, berriz, enpresa desegitea erabaki zuten. Ordutik itxita dago Lasaoko Anardi industrialdean kokatuta zegoen lantegia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide