Hantxe bertan

Maite Beloki: "Bremengo jendea isila eta lasaia da, orokorrean"

Julene Frantzesena 2022ko ots. 23a, 09:16

Maite Beloki, Bremenen. (Utzitakoa)

Maite Beloki (Azpeitia, 1967) Bremenen (Alemania) bizi da duela 28 urtetatik. Beka bat tarteko joan zen hara, eta orduz geroztik, han du bizitokia. Terapia pedagogo lanetan aritzen da gaur egun. Azpeitira bizpahiru hilabetez behin etorri ohi da, gertukoekin egotera.

Nolakoa da Bremen?

Bremenek 550.000 bat biztanle ditu. Iparraldeko Itsasoan itsasoratzen den Weser ibaiak zeharkatzen du hiria, eta kresal usainak nahiz kaioek sentipen atsegina eragiten dute. Gainera, paisaia oso berdea du, eta hiri laua da. Horregatik, tranbia eta bizikleta dira garraiobide nagusiak. Hiri lasaia da, ondo antolatutakoa. Denetarik egin dezakegu, baina ez dago hiri handietako estresik.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?

Paisaia berdea eta edozein lekutara bizikletaz joan ahal izatea. Kultur eskaintza handia izan ohi da Bremenen, gainera; zinema, kontzertuak, antzezlanak... Bizitza sozial handia du hiriak; edozein astegunetan jendez leporaino egoten dira jatetxeak eta kafetegiak. Unibertsitateari esker, milaka gazte bizi dira bertan, eta horrek giro handiko hiri bilakatzen du.

Eta gutxien?

Hotza eta hezetasuna. Batzuetan, berotasunik eta atxikimendurik ez dute agertzen herritarrek. Bestalde, oso orokorra da, baina asko kexatzen den jende asko dago, eta hori ez zait gustatzen.

Duela ia hiru hamarkada, zer dela-eta joan zinen Alemaniara?

Eusko Jaurlaritzak alemana ikasteko beka bat eman zidan, eta praktikaldia Alemanian egiteko aukera izan nuen. Praktikaldia bukatzean, alemana hobetzea erabaki nuen, eta han gelditu nintzen. Haur Hezkuntza ikasi nuen gero, eta handik gutxira haurreskola elebidun bat zabaltzeko proiektuan parte hartzea eskaini zidaten.

Alemaniara egokitzea asko kostatu al zitzaizun?

Pixka bat bai, alemanez ondo hitz egiten ikasi arte.

Horra joaterako, zer uste zenituen alemaniarrez?

'Beldur' pixka bat nien, jende serioarekin eta lagunak egiteko gogo gutxi zutenekin topo egingo nuela uste bainuen. Zortea izan nuen, ordea; guztiz alderantzizko egoera bizi izan nuen, hainbat herrialdetako pertsonak ezagutu bainituen denbora gutxian.

Nolakoak dira, ordea, alemaniarrak?

Bremengo jendea isila eta lasaia da, orokorrean; Alemaniako beste hiri batzuetakoak baino itxiagoak dira, agian, herritarrak, baina edukatuak eta atseginak dira. Gainera, migrazioa tarteko, kultura nahasketa handia dago.

Egia al da alemanak 'karratuak' direla?

Jendea zuzena, ordenatua eta diziplinaduna izaten saiatzen da, baina ez dakit hori karratua izatea al den. Adibidez, errepidea semaforoa gorrian dela gurutzatzen baduzu, ziurrenik norbaitek zerbait esango dizu. Arau batzuk zorrotz errespetatzen dituzte. Burokratikoki ere zehatzak dira: gertatu izan zait paketeren bat edo gutun zertifikaturen bat entregatu nahi ez izatea, Beloki q-rekin idatzita zegoelako. Puntualtasunari balio handia ematen diote, eta gauzak zehaztasunez antolatzen dituzte, laneko bileretan, adibidez.

Ohitu al zara horko ohituretara?

Oro har, bai. Jendeari berorika hitz egitea, baina, ikaragarri kostatzen zait. Zuka hitz egiteko 'baimena' eskatu behar zaio ezagutu berri duzun pertsonari. Bestalde, ohitu naiz emakumeek zein gizonek komuna eserita erabiltzera; horregatik egoten dira hain garbi komun publikoak. Horrez gain, ohitu naiz etxeetara sartzerako oinetakoak kentzera ere; etxe ia guztietan izaten dituzte bisitarientzak zapatilak. Alemanen ohitura bat Azpeitiko lagunengana ere eraman dut: topa egiterakoan, begietara begiratu eta "prost" esaten dugu.

Herrimina sumatzen al duzu?

Familiaren eta lagunen falta sumatzen dut. Eta mendira joatea eta jendearen berotasuna zein naturaltasuna ere bai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide